Telesforo Aranzadik, Jose Migel Barandiaranek eta Enrique Egurenek zortzi trikuharri aurkitu zituzten 1920an Altzanian egindako ikerketan.
Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako mugan, 800 eta 900 metro arteko altueran dago Altzania. Urtsuaranek eta Oriak mugatzen dute alde batetik, eta bestetik, Otsaurte eta Altzania errekek. Beste era batera esanda, Ataungo Aretza, Altsasu,?San Adrian eta Urtsuaran ditu mugakide. Inor gutxik pentsatuko zuen, XX. mende hasieran, mendialdeko inguru horrek inolako altxorrik ezkutatuko zuenik. Telesforo Aranzadik, Jose Migel Barandiaranek eta Enrique Egurenek, ordea, Altzaniako eremuari beste esanahi bat emango zion aurkikuntza egin zuten. Megalitogune bat aurkitu eta ikertu zuten bertan, hainbat trikuharri eta tumulurekin.?Ocho Dolmenes de Altzania izeneko ikerlana argitaratu zuten, 1921. urtean. Idiazabalgo?Udalak urrian berrargitaratu du liburu hori.
Aranzadi,?Barandiaran eta Eguren zientziak, eta bereziki antropologiak, elkartu zituen XX. mende hasieran.?Hainbat ikerketa, arkitulu eta liburu argitaratu zituzten, 1918 eta 1936 urteen artean (36ko?gerrarekin etorri zen etena). Hiruren artean,?Euskal?Herriko historiaurrearen oinarriak ezarri eta kultur ondarearen bilketa eta azterketa lana hasi zuten.
Aurreneko urteetan Aralarren,?eta Aizkorrin egin zituzten ikerketak. 1920an, ikerketa lan horiei jarraipena emanez,?Altzaniara iritsi ziren, bertako megalitogunea aztertzera. Arkeologo hirukoteak hainbat egunetako abenturari ekin zion, eta Urtsuaranen hartu zuen ostatu. Etzegaraten lanerako hartu zituzten bi gizonekin elkartzen ziren, eta handik abiatzen ziren oinez, egunero. Otorduak, Jenaro Goiburu Unanibiako artzainak jartzen zizkien.
Ataun eta Idiazabal arteko mugan hainbat trikuharri aurkitu zituzten: Urrezuloko Armurea (edo?Jentilzulo), Unanibia eta Praalata; Altsasu aldera berriz, Balenkaleku (Hegoa eta Iparra); eta Zegama aldean,?Bidaarte, Tartaloetxeta eta Trikamuñoota.
Antropologoek beraien lanean jaso zutenez, «penagarria» zen trikuharri horien kontserbazio egoera. Eta kezkatuta ageri dira edonork eragin lezakeen «hondamen bandalikoa» dela eta.?Besteak beste, lapurretak eta altxor bilatzaileak aipatzen dituzte; baita harginek etxeak egiteko hartzen zituztela ere.
Egindako aurkikuntzak
Hiru ikerlariek Altzaniako lurretan egindako espedizio horretan zortzi trikuharri aurkitu eta dokumentatu zituzten. Haietan lortutako aztarnak urriak izan baziren ere, zenbait aurkikuntza egin zituzten, batez ere Bidaarten, Balenkalekun eta Gazteluberrin.
Balenkalekuko hegoaldeko trikuharrian,?harri leunduzko aizkora bat, puskatutakoa, aurkitu zuten; iparraldekoan berriz, zintzilikario moduan zulatutako arbeltxo bat, kuttun bat izan litekeena. Balenkalekun bertan eta baita Bidaarten eta Tartaloetxetan ere, hainbat suharri ere topatu ziztuzten. Beste objektu modernoago batzuk ere aurkitu zituzten, hala nola, burdinezko ezproia, berunezko balatxoa, burdinazko aiztoa, zeramika zatiak, zintzarriak eta zaldi nahiz basurde haginak.
Ikerketa horren ondorio moduan, Altzaniako trikuharriek, Aralar eta Aizkorrikoen kultura aldi bera islatzen dutela diote hiru ikerlariek. Hezurrik eza eta lurraren ezaugarriak berriz, Ataun-Burundan ikusitakoekin alderatu zituzten.
Trikuharriak
Altzaniako dolmenen ikerketan aztertutako trikuharriak:
- Unanibiko trikuharria. 829 metro. Unanibia tontorretik ekialdera. 15 m-ko diametrodun tumulua. Trikuharriaren hondarrak.
- Praalatako trikuharria . 889 metro.?Aitsu eta Izozkoa tontorren arteko lepoan. 15 metroko diametroa duen tontortxoa.
- Balenkaleku (hegoa). 894 metro. Aretza mendiaren hego bizkarrean, Irumugatatik 100 metrora. 15 metroko diametrodun harripila; hark estalita, trikuharria.
- Balenkaleku (iparra). 900 metro. Mendi bizkar berean, 100 metro hegoaldera. Harripila deseginda, txabola baten hondarrekin batera. Ganberaren blokeak aurkitu, baina formarik gabe.
- Bidaarteko trikuharria. 739 metrotan, Otsaurteko eta Etzegarateko bidezidorrez inguratuta. 14 metroko diametroa duen harripila, eta erdian, hilobi-ganbera, 8 harlauzakoa.
- Trikamuñootako trikuharria. 729 metro. Nafarriturri eta Trikamuñoeta arteko mendi lepoan. 3 harlauza bakarrik bere tokian.
- Tartaloetxetako trikuharria. 645 metro. Izen bereko zelaigunean. Hareharrizko tumulua (13 metroko diametroa). Barruko hormak erabat mugituta.
- Urrezuloko armurea. 720 metro. Dorrontsorogaina tontorrean. Tumulua (15 m.). Bi harlauza bakarrik osorik.