Dakienak balegi

Maquetación 1

Goierri eskualde euskalduna da, ezagutza datuen arabera: goierritarren %63k dakite. Euskalduntzen ari da, gainera; orain 35 urte, erdiak baino gehiago erdaldunak ziren. Kalean, ordea, gaztelania da gailen sei herri handienetan.

Gazteak baleki, zaharrak baleza. Euskal esaera burutsua. Euskararen kasuan, ordea, gazteak badaki eta badezake, baina ez du dakien hori egiten. Ondorio atera liteke, gain-gainetik, Goierriko euskararen soziolinguistikaren datuei erreparatuz. Hizketarako gaitasuna duten (2 urtetik gorakoak) goierritarren %63,6 euskaldunak dira, eta euskaraz alfabetatuak gehienak. Baina ez dute dakiten proportzio berean egiten.

Azkeneko 35 urtean, euskararen ezagutza-mailak gorantz egin du. 1981ean goierritarren erdiak baino gutxiago ziren euskaldunak: %46,71. Ia 17 puntuko gorakada. XXI. mendearen lehen hamarkadan, hala ere, gelditze bat sumatu zen joera horretan: Are beherakada xume bat: 2001etik 2006ra behera egin zuen euskaldunen portzentajeak. Azken hamarkadan berreskuratu da.

Hain justu, eskolaren euskalduntzearen eskutik etorri da herritarren euskalduntzea ere. 1981ean, euskaraz alfabetatuak %22 besterik ez ziren Goierrin. Azken neurketa soziologikoa egin zen urtean, 2016an, %54 dira.

Euskara gabeak, gora

Datuak-2Erdaldunak Goierrin bizilagunen %22,4 dira. Euskararik ez dakitenen multzoak 16 puntu egin du behera (1981ean %38 ziren), baina oraindik 15.000 baino gehiago dira. 35 urteko tartean aldatu ez dena, ia-euskaldunen kopurua da: %15etik 14ra. Euskaraz ondo ulertzen dute, baina hitz egin edo idatzi, nekez edo batere egin ezin dutenak dira ia-euskaldunak.

Bigarren immigrazio uholdearen ondorioz, erdaldunen komunitatea ugaritu da Goierrin. 2011tik 2016ra bi puntu hazi zen, aurreko bosturteko guztietako beheranzko joera irauliz.

Hezkuntzan ere nabaritu da. A ereduko ikasleak %32 ugaritu ziren 2006-2011 epean: 772 ikasletik 1.022ra. Azken urte hartan, Goierrin ikasleen %86 D ereduan zebilen, %8 A ereduan, eta %6 B ereduan.

Kalean, kamuts

Gehiagok dakiten arren, kalean egiterako garaian kontrako joera du euskarak. Kale neurketen arabera, Zumarragan eta Urretxun %22,3k egin ohi du kalean euskaraz; Legazpin %32,9k; Beasainen %35,8k; Ordizian, %43,7k; Lazkaon, %44,8k.

Euskara gailentzen den herrietan, Idiazabalen %63,5ek darabil kalean. Baina 6 puntu jaitsi da, hala ere, 2002tik 2014ra. Uema-ko kide diren herrien artean, berriz, Legorretak du datu apalena: %67,1. Gorago dabiltza Zerain (81,2), Itsasondo (81,8), Ezkio (88,6), Zaldibia (88,8), Segura (89,7) eta Ataun (91,5).

Datuak

  • %13 Euskararen erabilera soziala Zumarragan. Gizartean, hainbat faktore kontuan hartuta, euskara zenbat egitea espero den kalkulatzen du erabilera sozialaren tasak. Zumarragak du Goierriko baxuena (%13,3), Gaintzak altuena (88,3).
  • %87,4 Etxean euskarak duen presentzia Zerainen. Etxean egiten diren hizkuntzen artean, euskarak zer presentzia duen neurtzen du tasa honek. Goierrin behera egin du, Lazkaon, Ordizian, Urretxun, Zegaman eta Zumarragan izan ezik.
  • %51,1 Ama-hizkuntza euskara dutenak Zumarragan. Goierrin euskara ezagutza txikieneko herrian ere (Zumarragan), herritarren erdia pasak (%51) euskara du ama-hizkuntza. Oro har, gora egin du arlo horrek, ia herri denetan.

Datuak-1

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>