«Bizitza guztia egongo nintzateke Realean, horixe da nire ametsa»

Aritz_Elustondo

Ametsak betez jarraitzen du Aritz Elustondo (Beasain, 1994) Realeko futbol jokalariak. Lehenengo taldera iristea izan zen betetako lehenengo ametsa. 15 zenbakia eskuratu du erdiko edo hegaleko atzelariak, eta bere bizitza profesional osoa, Xabi Prietok bezala, Realean bizitzea du hurrengo ametsa. Aurten bosgarren denboraldia du Realean.

Abenduaren 17an lau urte beteko dira Realarekin lehenengo partida jokatu zenuenetik…
Bai, Errege Kopako partida izan zen, Oviedoren kontra. Hilabetera, urtarrilaren 14an, Lehenengo Mailan debutatu nuen, 34 zenbakiarekin. Moyes zen entrenatzailea.

Beasainen hasi zinen futbolean, baina berehala lortu zenuen Realaren arreta erakartzea.
Alebinetan Beasainen hasi eta infantiletan entrenamendu batzuk egitera joaten nintzen Zubietara. Kadeteetatik aurrera, Realeko gazteen taldeetan aritu  nintzen. Jubeniletako 2. urtean Beasainera itzuli nintzen. Hasieran atzerapauso bezala ikusi nuen, baina ez zen horrela izan: jubeniletatik 2. B Mailara pasatu aurretik, Hirugarren Mailan aritzea oso ondo etorri zitzaidan, aurrerapausoa izan zen heldutasuna lortzeko bidean. Hurrengo denboraldian berriro Zubietara itzuli, ikasketak utzi eta dena eskaini nion futbolari. Zorte handia izan dut lehenengo taldera iristeko.

Realeko zalea eta Realeko jokalaria zara. Askok ez dute aukera hori izaten.
Beti izan naiz bai Realekoa. Aitarekin joaten nintzen tabernetara Realaren kanpoko partidak ikustera, eta Anoetara joaten nintzen, sarrerak ematen zizkiguten eta. Hasieran baloi biltzaile bezala aritzen nintzen.

Aurtengo denboraldira etorrita, etxean irabaztea kostatzen ari zaizue.
Etxetik kanpo nahiko ondo ari gara, baina egia esan, Anoetan, ez dakit zergatik, baina kosta egin da lehenengo garaipena lortzea. Anoetan hiru puntuak lortzen hasten baldin bagara, daukagun helburua lortzea errazagoa izango da: Europako txapelketarako txartela lortzea, alegia. Denboraldi bukaeran ikusiko dugu azterketa gainditzen dugun ala ez. Pertsonalki, niretzat, oso ona ari da izaten aurtengo denboraldia, nahiz eta azkeneko bi asteetan  ezkerreko orkatilean bihurritu bat eta baduktoreetan zuntz haustura bat izan. Datorren astean berriz ere jokatzeko prest izatea espero dut.

Aritz_Elustondo(3) copia«Aita joan zenetik beti berezia izaten da gola sartzea, badakit goitik animatzen nauela»

«Anoeta berrituko lehen gola aitari eskaini ahal izatea berezia izan zen»

«Gustua ematen du euskaraz dakien entrenatzailearekin horrela euskaraz egitea»

«Xabi Alonso izan da nire txikitako idoloa, jokatzeko estiloa gustatzen zitzaidan»

Zer iruditu zaizu Anoeta berria?
Lehenengo eguneko partidan bertan nabaritu zen zaleen berotasuna: beroketak egitera atera ginenean, hainbeste pertsona hortxe gertuan egotea eta berotasun hori ikustea, eskertzekoa da.

Zuk historia egitea lortu duzu. Anoeta berrituko lehenengo gola zuk sartu zenuen.
Ez dakit Anoeta berria orain den edo bukatzen denean, baina bai, horrela izan zen. Gainera 3.300. gola izan zen. Zer esango dizut, harro! Aita joan zenetik beti berezia izaten da gola sartzea, badakit partidaro animatzen nauela goitik, eta berari eskaini izatea handia izan zen. Bestalde, Imanol Agirretxek futbola uztea erabaki zuen. Berezia izan zen gola berari eskaini ahal izatea.

Aita aipatu duzu. Iaz ez zenuen urte ona izan.
Partida guztietara joaten zen aita, futboleko gauza guztiak berarekin egiten nituen. Hil zenean, Zubietara joaten nintzenean, ez nuen nahi inor konturatzerik zerbait gertatzen zitzaidala, baina azkenean lehertu egin nintzen. Baina Realean jakitun ziren gertatu zitzaidanaz, eta pazientzia pixka bat eduki zuten, eta azkenean, buelta eman ahal izan nion eta gustura. Momentuz gozatzen ari naiz eta horrela jarraitzea espero dut.

Aurten, jokalari onenen zerrendetan zaude.
Kasu handiegirik ez diogu egiten horri. Aurredenboraldi zaila izan nuen, eta Liga hasieran ordezko egon nintzen lehenengo bi partidetan. Hirugarren partidatik aurrera hasi nintzen jokatzen, Eibarren, eta orain arte. Ia partida guztietan 90 minutuak jokatu ditut eta egia esan partidatik partidara gusturago, erosoago eta seguruago sentitzen naiz. Jokalari batek hori behar du, jarraipena, erritmoa. Zaila izaten da, 11k bakarrik jokatzen dutelako.

Atzean, erdian zein eskuinean aritzen zara.
Bietan eroso nabil. Nik beti esan izan dut, zorte hori daukadala: pare bat postutan jokatzeko aukera edukitzeak, erraztasuna edo zailtasuna ematen dio entrenatzaileari. Ni betidanik ibili izan naiz postu askotan. Beasainen ia-ia aurrelari bezala aritzen nintzen, baina Realera iritsitakoan, kadeteetan ia postu askotan jokatu nuen. Eta zorte hori neukan, jokatzeko aukera izaten nuen postu ezberdinetan, eta ondo jokatzen nuen. Txiki-txikitatik hori ikastea ere ondo etortzen da.

Zein duzu gustukoago?
Beti berdina galdetzen didate, niri berdin dit, niri jokatzea axola zait, hamaikakoan egotearekin nahikoa da.

Aurrelariak markatzea da zure lana. Nork eman dizu lanik handiena?
Askotan gehiago kostatzen da talde ahulagoko aurrelariak markatzea talde handietakoak baino. Izen asko esango nizkizuke, baina Neymar, Cristiano, Messi… baina talde ahulagoetako aurrelariek okerrago jarri dizkigute partidak talde handietakoek baino.

Entrenatzaile aldaketak egon dira urte hauetan guztietan. Moyes, Eusebio, Imanol eta orain Asier Garitano. Jokalariek nola eramaten dituzue entrenatzaile aldaketak?
Zaila izaten da. Azkenean inork ere ez du nahi izaten horrelako aldaketarik. Realean azkenaldian askotan egoten dira horrelako aldaketak, eta ez dakit zergatik. Baina azkenean futbola horrelakoxea da: bolada txarra egoten denean hobea da bat botatzea, jokalari guztiak botatzea baino. Errua beti entrenatzaileari botatzen zaio, baina zaila izaten da aldaketa bat egon eta gero, asimilatu beharra daukazu berak eskatzen dizun jokoa… Kosta egiten da, eta aurten ere hasieran kosta egin zaigu, baina pixkanaka ari gara ñabardura guztiak hartzen.

Aritz_Elustondo(6)Etxekoa eta euskalduna da Garitano, Imanol bezala.
Jokalari batzuk ez dute euskaraz hitz egiten, baina dakigunekin euskaraz hitz egiten du entrenatzaileak. Gustua ematen du euskaraz dakien entrenatzaile batekin horrela euskaraz egitea.

2022. urtera arte daukazu kontratua Realarekin.
Oso pozik nago. Bizitza guztia egongo nintzateke Realean, horixe da nire ametsa. 28 urte edukiko ditut 2022an eta espero gehiago jarraitzea. Nik nahi dudan gauza bakarra, Realarekin gozatzea da, jokatzea, Realean urte asko pasatzea, eta ahal bada, Xabi Prietok bezalako karrera bat edukitzea.

Zein zen zure txikitako idoloa?
Xabi Alonso. Beti gustatu izan zait. Liverpooleko eta Real Madrileko partida guztiak ikusten nituen eta bere jokatzeko estiloa gustatzen zitzaidan.

Zu beste batzuen idoloa izango zara.
Ea hala den, seinale ona litzateke!

Atzelaria izanda ere, gol batzuk sartutakoa zara.
Lehenengo gola Madrilen aurka izan zen. 6-7 sartu ditut.

Euskal selekzioarekin ere bai.
Urriaren 12an debutatu nuen.  Partida gutxi izaten dira, baina beti esaten nuen noizbait gustatuko litzaidakeela Euskal selekzioarekin jokatzea. Aurten jokatu dut, Gasteizen, eta amets hori ere egi bihurtu da. Zelai barruko giroarekin asko gozatu nuen eta gola sartzeko aukera ere izan nuen. Egun borobila izan zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>