Egurraren artistak

Txiribiri_tailagile_elkart(1)

Urretxu eta Zumarragako Txiribiri tailugile elkarteak ikastaroa antolatu du. Beti bezala, harrera bikaina izan du. Izan ere, zaletasun honek geroz eta jarraitzaile gehiago ditu Goierrin. Martin Aseginolaza elkarteko lehendakariak taillaketari buruz hitz egin du.

Txiribiri zizelkari elkartea 2002an sortu zen. «Zumarragako jendeak eman zituen lehen pausoak. Beraien artean Ramon Aranzabal zegoen, Aranzabal tabernako nagusia. Zaletasun handia zuen eta bere tabernako txoko batean hasi ziren. Ondoren lizeo azpira joan ziren eta egun euskaltegiaren ondoan gaude. Lokal hau Urretxuko Udalarena da. Astean zehar guk erabiltzen dugu eta asteburutan Txolartekoak etortzen dira».

Zumarragako Antonino Oraa kaleko eskola zaharretan beste lokal bat dute. «Hemen taillaketa egiten dugu eta han hautsa sortzen duten lanak egiten ditugu: egurra zatitu, taladroarekin egin beharreko lanak… Dena den, Argixao aldeko bazkideek han egiten dituzte lan guztiak. Izan ere, lokal hura etxetik gertuago dute».

Egun, 30 bazkide dituzte. Horietatik, bakarra da emakumea. Adinari dagokionez, gehienak jubilatuak dira. «Emakumeak eta gazteak tailla egitera animatu nahi ditugu», aipatu du.

Ez dela lan zaila dio. «Hasieran figura geometrikoak egiten ditugu, egurra lantzen ikasteko. Ondoren, bakoitzak ahal duena egiten du. Normalean, lehen ikastaroa bukatu ondoren, jendeak kutxak egiten ditu».

Denborarekin lan konplexuagoak egiten dituzte. «Bakoitzak iruditzen zaiona egiten du: Gernika margolanaren erreplika, Antioko amabirjina, Antioko baselizaren aurrealdea, eguzkilorea, Iparragirre erraldoia, erlojuak…».

Txiribiri_tailagile_elkartEsker onekoa

Esker oneko zaletasuna dela uste du. «Hasi nintzenean, sekula erraminta batekin ibili gabea nintzen. Gubia bat erosi behar nuela esan zidaten eta ez nekien zer zen. Gutako askok makinekin lan egin dute, baina ez da dohain berezirik behar taillak egiteko. Hori bai, pazientzia behar da. Bestalde, egurraren gainean ondo marraztea ere garrantzitsua da. Ondoren, marrazkia jarraitzea da kontua. Esker oneko zaletasuna da».

Txiribirikoek egiten dituzten lanek arrakasta handia dute. «Ingurukoek taillak eskatzen dizkigute, baina tailla bat egiteko denbora asko behar da. Ez dago jakiterik lan bakoitzak zenbat ordu eskatzen dituen», esan du.

Ingurukoen mirespena lortzeaz gain, lagun asko egiten dituzte. «Txiribirin lagun asko egin ditut. Egunero etortzen naiz eta primeran pasatzen dugu: elkarri lagundu, adarra jo, barre egin…».

Lasaigarria

Gainera, ekintza lasaigarria da. «Zizelkatzeak erlaxatu egiten nau. Inongo presiorik gabe lan egiten dugu eta nahi dugunean etortzen gara».
Egur mota ezberdinak erabiltzen dituzte. «Aurreko maisuari haritza asko gustatzen zitzaion, egungoari pagoa gustatzen zaio, gaztainondoa ere ona da…».
Noizean behin beraien lanekin erakusketak egiten dituzte. Azkenekoa Bi-Tartean merkatari elkarteko dendariekin egin zuten. Taillak erakusleihoetan jarri zituzten. Eta urtero Urretxuko Euskal Jaian parte hartzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>