Euskal tradizioan nahiz literaturan, garrantzi handia izan dute ipuinek, eta sarean ere dagokien lekua aldarrikatzera dator ipuinak.eus proiektua. Koldo Izagirrek urtetan zehar egindako bilketa lanetik sortu da webgunea.
Euskal literaturan «nobelaren diktadura» moduko bat dagoela uste du Koldo Izagirrek, eta testuinguru horretan, ipuina gutxietsitako generoa dela. Lehen kolpean, 21 ipuin jaso dituzte, Bizenta Mogelek 1804an idatzitako Otsoa eta bildotsa kontakizunetik hasi, eta XX. mende bukaerara artekoetaraino. Zerrendan badira izen ezagunak, hala nola Gabriel Aresti, Juan Antonio Mogel, Anjel Lertxundi, Piarres Laffite, Jean Etxepare eta Xabier Mendiguren; baita askorentzat ezezagunak eta anonimoak ere.
Hazten joateko asmoa
Diseinu soil eta irakurterraza du webguneak, liburu baten tankerakoa, garrantzia ipuinei beraiei emateko. Ipuinen eta egileen zerrendaz gain, euskal ipuingintzaren kronologia bat ere jaso dute bertan. Biltegia pixkanaka hazten joatea da sortzaileen asmoa. «Hilean bi, hiru edo lau ipuin jartzea da ideia nagusia, baina ez daukagu ezer finkorik ezarrita, ez dakigu ze kopurutaraino iritsiko garen». Webgunea «garaiz» atera dutela uste du, eta generoarentzat «erreibindikazio txiki bat» izan daitekeela.