Osasuna eskubidea delako

Material_bilketaOrdiziako eskubaloi taldeak elkartasun ekintza polita egin du taldeko entrenatzaile Marina Etxeberria ordiziarraren ekimenez. Pasa den urtarrilaren 26an eta 27an Sahararen aldeko osasun material bilketa egin zuten eta «pozik» agertu da, «jendearen elkuzabaltasunagatik».

Gasteizen erizaintza ikasi zuen Etxeberriak eta klaseko kideekin sortu du Enfermeras en el Sahara (Erizainak Saharan) gobernuz kanpoko erakundea. «Klase berean saharar bat zegoen eta hark gonbidatuta joan ginen lehenengo aldiz Saharara. Material pila bat eramateko balio izan zigun bidaiak». Horrelako bidaia bat egiten zuen lehenengo aldia izanda «sorpresa handia» izan zen. «Izan ere, bertan egon arte ez zara arazoaz benetan jabetzen». Han ikusitakoak eta bizitakoak, «pertsonalki asko aldatu» duela aitortzen du, eta horrez gain, «han beste familia bat» duela sentitzen du.

Beharrak asetzen

Saharak sorpresa asko ditu gordeta, baina batez ere«familiaren garrantzia» nabarmendu du Etxeberriak. «Bereziki eman zidan atentzioa. Beste indar bat dutela esango nuke». Lehenengo bidaia hartako esperientzia errepikatu nahian, iaz itzuli zen Saharara. Bigarren bidaia hori ere, material gehiago eramateko egin zuten.

Une honetan, Saharako kanpamenduetan bizi duten egoera «ez da batere ona». Enfermeras en el Sahara erakunde txikia bada ere, haiek dituzten hainbat behar asetzen saiatzen ari dira. Horretarako, kanpamenduetan dituzten kontaktuen bidez, haien beharrak ezagutu ondoren antolatzen dituzte ekimenak. Orain arte, batez ere Gasteizen antolatu izan dituzte ekintzak, baina Etxeberria  Ordiziako eskubaloi taldeko entrenatzailea denez, taldeari proposamena egin eta haien gogo onez hartu zuten ideia.

Jasotako materiala otsailean eramango dute. «Konpresak, pixoihalak, gasak, antiinflamatorioak, antibiotikoak, termometroak eta beste hainbat eta hainbat gauza jaso ditugu», adierazi du pozik. Dagoeneko, «gogo handiz» dago bidaia berri hori hasteko. Gaur- gaurkoz, erakundea zazpi lagunek osatzen badute ere, bidaia 25 inguruk egingo dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>