Urtegikada bat ur urtean

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Kanila irekitze soilarekin nahi beste ur lortzen da Goierrin. Zenbat xahutzen den ez konturatzea dakar horrek, edo, fakturako zenbakiak zenbaki, zenbat erabiltzen den aztarnarik ere ez izatea. Gaur egun, Goierriko bizilagun bakoitzak egunean 104 litro erabiltzen du etxean; beste 44 litro industrian, batez beste; eta 20 litro gehiago biltegitik irten ondoren galtzen dira, ihesetan joanak edo lapurtuak. Guztira, beraz, 168 litro ur, eguneko eta goierritar bakoitzeko.

Aldea badago Goierriren behealdearen eta garaiaren artean. Bi urtegik hornitzen dituzte, Arriaranek eta Barrendiolak (Ataun, Lareok). Goierri beheko etxeetan buruko 104 litro badira, Goierri Garaian 98 litro erabiltzen dira, egunean. Industrian, berdintsu dabiltza biak.

«Ohitura kontua da», argitu du Gipuzkoako Ur Kontsortzioko gerente Iñigo Elosegi ormaiztegiarrak, zergatiaz galdetutakoan: «Legazpin, Urretxun eta Zumarragan bere garaian arazo handiak izan zituzten lehorteekin eta ur faltarekin. Kontsortzioan sartu zirenez geroztik, gutxiago kontsumitu dute».  Gipuzkoan, ur gutxien kontsumitzen duen bailara da goia.

Goierriko batez besteko datuetan (104 edo 98 litro izan), desbiazio tipikoa nahiko txikia dela dio Elosegik: «Askoz gehiago kontsumitzen duten batzuk egongo dira, eta beste batzuk gutxiagokoak. Baina gehienek antzera kontsumitzen dute».

Industrian, alde handiagoak egoten dira, enpresa erraldoiak edo tailer txikiak izan.

Duela 20 urtetik, behera

Kontsumismoak oro har gora egin badu ere, uraren kontsumoak behera egin du azken urteetan Goierrin eta Gipuzkoa osoan, oro har. «Gipuzkoan 2000. urtean 136-140 litro zen pertsonako eta etxeko kontsumoa, eta industrian 70 litro. Nabarmen jaitsi da. Industrian askoz erabilpen hobea egiten delako, eta asko aurreztu delako. Etxeetan, etxe-tresna elektrikoen efizientzia da arrazoia, arropa eta ontzi garbigailuak asko hobetu dira».

Baina badago hobetzeko tartea oraindik. Kontsumoan kanila erregulatuta (bainugelan joaten da ur gehien), eta hornikuntza-hodietan ihesak ekidinda.

Ihesetan eta lapurtuta urtean ia 255 milioi litro ur galtzen da, 10 litro eguneko eta buruko.
Euri urak ur zikinen sarera bideratuta daude sarri, eta araztegira %10 gehiago iristen da.
Kolektoreak egiten bukatzear da, eta euri uren hoditeria bereiztea izango da hurrengo lana.

Ur biltegietatik, biztanleko eta eguneko 168 litro ur ateratzen dira Goierrin, Ur Kontsortzioaren datuen arabera. Etxeetan eta industrian 148 erabiltzen dira. Gainontzeko 20 litro horiek subkontajea da. «Etxeko kontagailuek beti neurtzen dute kontsumitzen dena baino gutxiago; kanila irekitzen den garaian, tutuan dagoen lehen urak ez du kontagailua mugitzen, adibidez».

20 litrotik 8 lirateke subkontajekoak. Beste 10 bat litro, ihesetan galtzen dira. «Herri batzuetan ura lapurtzen dute: kalea garbitzeko ur hartunetik hartzen dute», azaldu du Ur Kontsortzioaren buruak.

Maquetación 1Araztegira, 110 litro

Edateko ura emateaz gain, zikloaren azkena ere kudeatzen du Ur Kontsortzioak, hondakin urena edo ur zikinena. Goierriko udalerri gehienei Kontsortzioak zerbitzatzen die ura, eta guztien ur zikinak Gaikao (Legorreta) edo Zuringoain (Urretxu) araztegietara bideratzen dira.

Une honetan, araztegietara deposituetatik ateratzen dena baino «zerbait gehiago» iristen da, tratatzeko. Euri urak estolderia sarera, eta, ondorioz, bilketa-hodira (kolektorera) gehitzen zaiolako zenbait tokitan, oraindik. 100/110 da proportzioa: «Depositutik 100 litro ur ateratzen badira, araztegira 110 litro iristen dira».

Euri urak eta hondakin urak bi saretan bereiztea izango da orain ahalegina. Ur zikinak biltzeko sarea bukatzear da Kontsortzioa Goierrin. Ormaiztegin, Ezkion, Itsason eta Zeraingo auzo batean kolektoreak eraikiko dituzte aurki, Legorretako araztegira bideratzeko. «Kolektoreak eraikitzeko fasea bukatutakoan, lehentasuna euri urak hortik ateratzea izango da. Euri urak errekara joan daitezela, eta ea lortzen dugun ur zikinak soilik iristea araztegira. Ea %10 hori jaisten dugun».

Lareo %75 dago beteta, Arriaran eta Barrendiola, ia gainezka

Badira hiru urte Lareoko urtegia (Ataun) %70ean edo 75ean dagoela. Filtrazio edo ur isuri bat dauka biltegiak, eta kota horren azpitik mantentzen du uraren maila Gipuzkoako Ur Kontsortzioak, presioaren eraginez ihesa handitu ez dadin. Konpontzeko proiektua eginda dago, baina Lareoren kokaguneagatik (mendian goian) eta izaeragatik (Aralarko parke naturalean), «kontuz» ibili beharra dago obrak egiteko, makineria eta ibilgailu txikiekin.

Gaur egun, Ataun bakarrik hornitzen du Lareok. «%75ekin, ura beste hamar urterako ziurtatuta dago», dio Iñigo Elosegik. Arriaran %95ean dago, Barrendiola %97an. Kontsortzioaren hurrengo lan handia, Ibiur eta Goierriko sistema konektatzea izango da. «Oraingoz ez dugu beharrik ikusten, baina lehorte handi bat etortzen bada, edo kontsumoa berriro igo, egingo da. Aurreproiektua badago».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>