Francoren hilobia eta bestelako hamaika komeria

Joxe BegiristainºItaliako Giroa jarraitu zutenei esker gora egin zuen nonbait, ETB1eko batez besteko ikusle kopuruak: %2,4ko ikusle kuota izan du maiatzean, 2018-2019 denboraldiko daturik onena. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak dira. Izango du aitzakiarik (eta badu) ETB1eko programazioak, bertan eskaintzen dutenak, baina orokorrean euskarazko produktuak duen estimazioaren neurria da datu hori. Baina-eta, nire lagun batek dion bezala, datu hori bera ere, gezurra!: etorriko omen da Frantziako Tourra espainieraz ere jarraitzeko aukera. Neurketa baten gezurra, alegia, gure egia.

Duela zenbait urte, Bernardo Atxaga idazleak euskal literatura klasikoari buruzko hitzaldia eman zuen Martuteneko kartzelan. Ekitaldi hura gogoan, irakurraldi dramatizatua prestatu zuen Jose Kruz Gurrutxaga aktore eta zuzendariarekin batera. Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira hainbat herritan aritu dira biak emanaldia eskaintzen jendaurrean. Amasa-Villabonan 13 pertsona inguratu zitzaizkien aditzera. Amasa-Villabona irakurri duzun lekuan jarri nahi duzun herria: interesdunen kopuruan aldea ez litzateke nabaria.

Idatzi hau entregatu behar dudanean, Hego Euskal Herriko hainbat udaletan eta Nafarroako Parlamentuan, ordea, oraindik gutxi batzuk baizik ez dakite zein alderdi politikoren batasunak (ala nahasketak?) sortuko dituzten tokian tokiko gobernuak. Herri honek erabakitzeko eskubidea duela dioten alderdi abertzaleen artean, badirudi eskuindar espainiarrekin bat egiteko tentaziorik duenik ez dela oraingoan. Ezkertiar espainiarrekiko, ordea, ez dakit antzeko adostasunik dagoen. Posibilismo politikoa deitzen diote.

Gure Esku Dago, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak izenean aditza kendu du eta Gure Esku, soila da orain. Aditza kentzeak, hark hartzen zuen lekuan galdera ikurra antzematen du nire subkontzienteak orain: Gure Esku? Gure Esku, zer? Gure Esku, ziur?… Ez al da izan handia, marketin ausardia? Ala dagoeneko ez dago gure esku, Katalunian ez bezala, Espainiaren mendez mendeko menderatzeari aurre egitea? Beno, lasai: Franco diktadorearen hilobia Erorien Haranetik ateratzeko berealdiko adorez ari diren espainiar demokrata horiek beraiek libratuko gaituzte-eta gu ere, koitaduok, euren hatzaparretatik.

Hori bai: nork dio euskal herritarrok ez gaudela eroso haien menpe? Joxe Manuel Odriozolaren hitzetan, «euskaldun gehienen jokabide diglosikoak gure identitate eta kontzientzia etnikoa salatzen du». Eta: «Herritar alfabetatuak ez dauzkan hizkuntza batek ezin du funtzionatu nazio gisa». Ezaugarri horien baitan, beraz, zein da oraintxe bertan gurean, identitatearen kultura? Zein gure nazioa?
Pako Aristik dionez, berriz, teoriko batzuk hasi omen dira esaten Euskal Herriak ez duela mende hau gaindituko: «… herri gisan erabat asimilatua geldituko dela, eta euskara bera azken hondar-izpi bihurturik, funtzionaltasunik gabe, identitate-sortze ahalmenik gabe, herria bera bezala exotismo folkloriko batera murriztua».

Azkenik: ongi etorriak Ataungo udaletxean bihar, ekainaren 15ean kargua hartuko duzuen ordezkari politikook. Euskal Herri osoa kudeatzearen antzeko ardura duzue azken batean, hemen hizpide izan ditugun oinarrizko ezaugarrietan: ataundarren nazio-identitateari erantzungo dion Kultura publikoa egitea, bere funtsa, euskaraz funtzionatzearen zalantzarik gabeko hautua izanik. Elkarlanean bidelagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>