Altzairuaren artista

Paco de Miguel 44 urtetik gora aritu zen lanean Orbegozon lehenengo eta Arcelorren gero. Akasdun piezak gordetzen hasi zen halako batean. Gorde eta moldatu egin ditu. Altzairua oinarri, akatsak eskultura bihurtuta eman ditu.

Paco_de_Miguel

Artea, espresio modu bezala, infinitua da; halakoa da, baita ere, artearen bidez konta daitekeena: infinitua. Paco de Miguel (Cabezon de la Sierra, Burgos, Gaztela, 1951) siderurgia langilea izan da 44 urte baino gehiagotan. Lanpostua izan zuen Zumarragako Orbegozo lantegian 17 urterekin hasi zenetik, Arcelor Mittal bihurtuta zegoen fabrikan erretiroa hartu zuen arte, 2016an. Kasualitatea izan edo ez, Gizarte Segurantzak jubilatzeko tenorean zegoela jakinarazi zion egunean bertan, orain hiru urteko apirilaren 19an, lantegia itxiko zutela jakin zuen.

Bi orduren buruan erretiroa hartzearen albiste gozoa mikaztu egin zen. Bizitza fabrika hartan egin zuen, eta orain Antioko Interpretazio Zentroan ikus daitekeen altzairu pieza bilduma lanbide haren lekukoa da. Piezek Zumarragako lantegi handienaren istorioaren atal bat kontatzen dute. Oker atera zen altzairu pieza bakoitzak hitz egiten du.

De Miguelen kontakizuna Zumarragara iritsi zenean hasten da. 9 urte zituen, 1960ko urria zen. Aita Renfeko langilea zen eta, hura bakarrik bi urtez egon ondoren, familia osoa iritsi zen: «Herrian bertan bizi izan ginen eta garai hartan ez zen batere erraza. Ohikoena baserrietan edo Aizpurutxon aterpe hartzea zen. Guk, ordea, zazpi senideko familia baten etxera joan ginen , Eitzagara». Urtebete baino ez zuten han egin. Ondoren, Urretxuko Mundo Mejor auzora aldatu ziren eta euren etxea izan zuten. Paco de Miguel 17 urterekin hasi zen Orbegozon, hasiera galdaragile eta soldatzaile lanpostuetan aritu zen; gerora mantenuan lan egin du urte gehien. Orbegozon hasi zenean lantegian 3.400 langile inguru ari ziren lanean. «Jende andana zegoen, garai hartan makina gutxi eta lan gehiena eskuekin egiten baitzen».

Fundizioan abarketekin

Altzairuaren_kapritxoak_er(2)Lan baldintzak gogorrak ziren. Akorduan dauka 1969ko greba, hiru hilabetez iraun zuena. «Greba egin zen segurtasuna eta garbitasuna eskatzeko. Garai hartan labeetan ur ontziak berotu eta harekin garbitzen ginen, ez zegoen aldagelarik eta lana oso prekarioa zen. Fundizioan abarketekin lan egiten zuten, 3.000 kiloko piezekin lan egin ere, imajina nola egongo ziren oin haiek!».

Grebak luze iraun zuen eta lantegiaren aro bat eten zuen. Elkartasun handia jaso zutela dio zaila baitzen familientzat hiru hilabetez soldatarik gabe eustea: «Itzalon zine aretoa izandakoa janariz beteta zegoen». Gerora lantegiko hainbat sail itxi zituzten tarte horretan ez zietelako bezeroei erantzun eta haiek hanka egin zutelako. Langile asko ere joan egin zen.

Erakusketaren aitzakian lantegiaren historia aletu du De Miguelek. Izan ere, pieza bakoitzean historia horren zati bat baitago. Bilduma erakustera emateko urratsak izutzen zuen pixka bat, eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak gonbidatu zuelako ausartu zela dio: «Nik ez dut sekula laminazioan lanik egin, eta Zumarragan horri buruz nik baino askoz gehiago dakitenak asko dira. Ni, baina, mantenuan aritu nintzen eta lantegiaren zoko guztietatik ibiltzeko aukera izan nuen. Hala, laminaziotik ateratzen ziren pieza akasdunei erreparatzen hasi nintzen, eta haietan figurak ikusten ere bai». De Miguelek altzairuan irudiak ikusten zituen haitzetan, ongi begiratuz gero, ikusten diren bezalaxe. Atentzioa ematen zioten eta piezak biltzen hasi zen. Bilketa lana hasi zuenetik 25 bat urte iragan dira jada.

Piezak «zarama»

Altzairuaren_kapritxoak_erPiezak moldatu ditu. De Migueli beti gustatu zaio artisautza lanetan aritzea eta beti, kasualitaterik ez dago hemen, altzairuarekin lan egin du. Pieza batean ardia ikusiz gero, hankak gehitzen dizkio edo sugea ikusiz gero,  begiak. Piezak garbitzen ditu eta soldatzeko makina, rotaflexa eta limak baino ez ditu behar. Lanabes horiez gain, espazio bat ere izan du  lantegitik atera eta afizioari bide egiteko. Bilduman lanpara bihurtutako pieza bat ere badago, «ezin da halakorik Ikean erosi». Bitxia da, halere, piezei buruz ari denean «zarama» hitza erabiltzen duela.

De Miguel ez zen Orbegozoko jabea, hango langilea izan zen, baina fabrikarekin lotura estua izan duela sentitzen du. «Zumarragaren historia zizelkatu du Orbegozok. 1930etik jende askok atera zuen handik bizimodua».

Lantegiaren unerik onena 2000tik 2008ra artekoa izan zela dio. Bost errelebotan lan egiten zuten, urteko egun guzti-guztietan, produzitzeko «beste era bat» zegoela dio, segurtasuna aintzat hartzen zuena. Unerik latzena, bestetik, 1980ean itxi nahi izan zutenekoa izan zela dio. Donostiara sarritan joan ziren manifestazioak egitera eta azkenean Marcial Ucinek bere egin zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran: «Pabiloi berriak egiten ziren eta lantegiak aurrera egitea lortu zuen».

Behin betiko itxiera

Altzairuaren_kapritxoak_er(1)2016an itxi zuten lantegia. Kezkatuta ibili zen De Miguel han lanean ari ziren guztiengatik, tartean bere semea zegoen. Orain lasaiago dago, gehienek lana aurkitu dutela dioelako.

Fabrikan egindako lanak poztasun asko eman dizkio: «Erakusketa hau errematea da eta bere egin nahi duten guztiei eskaintzen diet».Bilduma ikustera joan direnek jakin-mina erakutsi diotelako pozik dago,  eta De Miguelek jakin-min hori asetzeko jakintza eta bizipen ugari ditu. Altzairu borobilak edo totxoak zertan bilaka daitezkeen ikus daiteke han. Altzairu likidoak, bidetik irtenez gero, har ditzakeen formak zenbatu ezinak direla ere bai. Forma bakoitzean herriaren historia idatzi duen lantegiaren historia dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>