Oporrik ez, eskerrik asko

Antxiñe MendizabalOro har, kasik tabu bat da esatea oporrak baino nahiago duzula ohiko bizimodua; are gehiago, aitorrezina da oporretan gaizki pasatu duzula azaltzea. Lagun minen batzuek, halere, onartu dizkidate horrelakoak, eta azken boladan, gero eta emakume gehiagori entzuten diot esaten oporrak prestatzeak sekulako estresa eragiten diela, oporraldiak berak dezenteko etsipena, eta jaiegunak pasatzen direnean baino ez dutela lasaitua hartzen. Aje hauen atzean dagoen egoera irudikatzea ez da zaila, bestalde, erremedio erraza duela esango nuke: etxetik kanpo egun batzuk bakarrik ematea. Emakume gutxi dira euren buruari horrelako plazerik ematen diotenak, tamalez. Tabutzat hartzen da hori ere, nonbait, etxekoandre eta amen artean.

Niri eginiko aitorpenak aintzat ez hartzekoak izan daitezke, baina iritzi serioagoek diote psikologoen kontsultetan antzeko kasuak artatzen dituztela. Hiru arrazoi gutxienez ba omen daude: bat, gehiegizko itxaropenak sortutakoa, hau da oporrak idealizatzeaz gain, haien ardura gure gain hartu ohi dugu; bi, etxekoekin ohi baino denbora gehiago egon behar izateak eragindakoa, hau da, urtean zehar egiten ez dugun familia bizitzak sortzen dizkigun emozio eta sentimenduak eraman zailak suertatzen zaizkigu; hiru, oporraldian gauza mordo bat egin nahi izateak ekarritakoa, hau da, atsedena baino nekea eragiten digun ekintza-zerrenda osatzeko joera dugu. Aipatu gabe geratzen da askori bere erosotasun esparrutik, errutinatik ateratzeak eragiten dien izua. Hortaz, horrekin guztiarekin ondoriozta daiteke oporraldiei balio handiegia ematen diegula edota egitera derrigortuta gauden etena balizkoa baino ez dela.

«Emakume askok euren buruari ukatzen diote oporretara bakarrik joatea. Tabutzat hartzen da hori, nonbait, etxekoandre eta amen artean»

Nire kasuan, oporraldiek izan ohi dute, bakarkako ihesaldiaz gain, momentu ezin atseginagoa: irakurtzeko liburuen zerrenda osatzen dudanekoa. Aurtengo uzta, aspaldiko partez, oparoa izan da. Besteak beste, atsegin handiz irakurri dut Paolo Cognettiren Las ocho montañas (Le otto montagne), lagun bi eta mendi bati buruzko istorio xume bezain polita.

Orrialde honetara ekarri nahiko nuke pasarterik esanguratsuenetako bat. Pietro, lagunetako bat, Nepalen dago. Mendizalea da eta urrutiko mendiak ezagutu nahi ditu, munduko altuenak. Zamaketari batekin hizketan ari dela, lurrean mandala bat marraztuz azaldu dio munduaren erdian mendi altu bat dagoela, Sumeru izenekoa. Sumeruren inguruan zortzi mendi eta zortzi itsaso omen daude. Horixe da Nepaleko menditarrentzat mundua. Halako batean, zamaketariak munduaren erdigunea makila batez seinalatuz galdetu dio Pietrori: «Zure ustez, zeinek ikasiko du gehiago: zortzi mendiak ibili dituenak edo Sumeru mendian gailurra egin duenak?». Eta orduan, bere herria eta mendiak inoiz utzi ez dituen Bruno lagunaz gogoratu da Pietro.

Lerro hauek idatzi ahala gogoratu naiz opor hauetan badagoela egiteke geratu zaidan zerbait: Izazpira igotzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>