Festa pedal kolpeka dator

Ormaiztegiko_Mendi_BizikleOrmaiztegiko San Migel Eguneko egitarauan bere tokia ondo egina du herriko txirrinduzaleek antolatzen duten Mendi Bizikleta Probak. Aurten 25 urte bete ditu eta errepasoa egin dute antolatzaileek, begi bat etorkizunean jarrita.

San Migel eguna estimu handiko festa dute Ormaiztegin. Harrikalari Txapelketa eta herri afaria dira ekitaldirik ezagunenak askorentzat, baina bada bestelakorik ere. Ormaiztegiko txirrinduzaleek, esaterako, urteak daramatzate Mountain Bike edo mendi bizikleta proba antolatzen. Aurten, 25. urteurrena beteko du martxa horrek.

San Migel jaien eta Mendi Bizikleta Probaren bilakaera gertutik ezagutu ditu Angel Elortza argazkilari eta txirrinduzaleak. 1995. urtean, udaletxetik «San Migel jaietako egitaraua zabaldu nahian» zebiltzala gogoratu du. «Afaria egiten zen, baina bestelako ekitaldi batzuk ere sartu nahi zituzten. Iñaki Maiora ziklo-kros federazioan zebilen orduan, eta zinegotzi udaletxean. Federazioa ziklo-kros martxen egutegi bat osatzen ari zen, eta Ormaiztegiri proba horietako bat antolatzea eskaini zioten. Horrela sortu zen».

Aurreneko urteetan udalak eta federazioak antolatu zuten martxa, baina 2004. urtetik, Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarteak antolatzen du. «Taldean sei lagun gara, baina egun horretarako jende gehiago etortzen da laguntzera». Lehen, «sega eta motozerra hartuta» aritzen ziren bideak garbitzen; gaur egun, Bide Berdeari esker, ez dute horrenbesteko lanik izaten.

Mende laurdenean, aldaketa asko izan ditu probak. Hasieran igandez egiten zela gogoratu du Elorzak, baina «larunbata parranda eguna» zenez, herritar askok atzera egiten zuten, eta azkenean, larunbatera aldatzea erabaki zuten. Ibilbidea ere luzatu egin dute; lehen Aranditik Urbizura eta handik Lierniara joaten ziren; orain 29 kilometrokoa egiten dute, Mutiloa, Aztiria eta Otaño inguruetatik. Gaztetxoentzako 12 kilometrokoa ere antolatzen dute, «garrantzi handia» ematen baitiote gazteen artean mendi bizikletarako afizioa sortzeari.

Probaren etorkizunaz galde eginda, baikor agertu da Elortza. Joxe Ramon Izagirre eta biak dira taldeko beteranoenak, baina erreleboa badute. «Jende gaztea badago, ofizioa ezagutzen dute, eta espero dut jarraituko dutela».

Irailak 28, larunbata

  • 09:00. 25. Mendi Bizikleta Proba. Izen-ematea 08:15ean.
  • 11:00. Futbola Urbeltz zelaian.
  • 11:45. 28. San Migel Toka Txapelketa herrikoia, karpan.
  • Ondoren. 24. Harrikalari Txapelketa herrikoia, Berjaldegin.
  • Egun osoan. Osto eta Ale musikariak, kaleak girotzen.
  • 16:00. 29. San Migel Mus Txapelketa, Gizarte Etxean.
  • 17:00. Haurrentzako jokoak eta meriena, plazan.
  • 17:45. 13. San Migel Patata Tortilla Txapelketa, arbolarian.
  • 20:15. Sagardo kupelaren irekiera, karpan.
  • 21:00. Afari herrikoia.
  • Ondoren. Bentazarreko Mutiko Alaiak taldea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>