«FARC-eko komandante ohi batek esan zigun gu beti gaudela beraiekin»

Aitor_Altolagirre

Aitor Altolagirreren (Legazpi, 1965) pasaportea Kolonbiako sarrera-irteera zigiluz beteta dago. Joan etorri asko egin ditu 1995ean Hego Amerikako herrialdera joaten hasi zenetik. ALECOP Mondragon taldeko kooperatiban egiten duen lanagatik joaten da Kolonbiara; elkarrizketaren galdetegia han jaso du. Orain 27 urtetik bertan ari da lanean, beti hezkuntzari lotutako proiektuetan. Dioenez, ez zen sekula ikasle ona izan, baina Irakasle Eskolan ikasi zuen, Huhezin, eta han ikasle zela lanean hasi zen Alecop taldean. Hasieran zeharka eta gerora zuzeneko kontratuarekin. Kolonbian gerrillari ohiekin egiten ari diren lanaz mintzatu da. Batik bat, kooperatiba sarea sortzen ari dira.

Zein da zure lana Kolonbian?
1995ean Kolonbiara joaten hasi ginen eta 1997ean Didactica Recursos Educativos enpresa sortu genuen han. Aitzitik, orain gabiltzan proiektuak ez du zerikusi handirik orain artekoarekin. Duela bi urte LKS Next, Mondragon Korporazioko beste kooperatiba bat, Europar Batasunak Kolonbian duen enbaxadarekin kontaktuan jarri zen eta hainbat ideia aurkeztu zizkion. Ideia haiek alboratu zituzten, baina enbaxadak, 2016ko abenduan sinatutako bake akordioaren karietara, FARCeko gerrillari ohien bergizarteratze prozesuaren barruan antolatu nahi zuten kooperatibismo mugimenduaren (Ecomun, Economias Sociales del Comun) inguruan laguntzeko eskatu zion.

Orduan LKS Next Alecopekin jarri zen harremanetan?
Bai, 2017an izan zen eta gure mugimenduaren balioetako bat martxan jarri genuen: interkooperazioa. Proiektua gauzatzeko enpresa bakarra sortu genuen: Colombia LKS-Alekop UTE. 2018ko otsailean hasi ginen lanean, Kolonbiako  gobernuak egindako diru ekarpenari esker. Bost hilabeteko lana izan zen. Helburuetariko bat, eta agian garrantzitsuena, gerrillari ohien arteko adiskidetasuna eta konfiantza lantzea izan zen. Halaber hainbat leku bisitatu genituen haiek lagunduta eta antolatu nahi zituzten kooperatibei buruzko lehenengo azterketak egin genituen.
Aldi berean, Ecomuneko lehen Egitasmo Estrategikoa idatzi genuen eta Ecomun markaren diseinua egin genuen. Lan hura Europar Batasunak jarritako diruarekin gauzatu zen eta 2019rako Kudeaketa Egitasmoa idatzia genuen.

Ze laguntza mota eskaintzen diezue gerrillari ohiei?
Egoera ulertzeko atzera egin beharra dago ezinbestean. Bake akordioaren prozesuak 5 urte iraun zuen gutxienez. Bake akordioa sinatu eta balioztatu zenean ia 13.000 gerrillari elkartu ziren 25 gunetan. Bertan armak utzi eta bergizarteratze prozesua hasi zuten.  Egun, ia 3 urte beranduago, 25 gune horiek biderkatu egin dira eta 86 dira jada.
13.000 gerrillari horietatik ia 6.000  135 kooperatibatan sartuta daude. Egoera horrek kudeatze prozesu oso konplexua eragiten du. Hori dela eta, gure proposamena Konfederazio handi bat sortzea da. Hala, kooperatiba bakoitzak bere jarduna izan arren, elkarren arteko erlazioak bultzatzen dira bergizarteratze prozesu horren harira proiektu estrategikoak gauzatzeko.

Kooperatiba horiek nolakoak dira, adibiderik jarriko zenuke?
Esate baterako, 86 gune horietatik gutxienez hamarretan ehungintzan dabiltza. Hamar  horietatik bi ez dira gai euren kabuz dauzkaten eskaerei aurre egiteko, eta beste kooperatibekin harremanik ez dutenez,  ez diete laguntzarik eskatzen. Konfederazioa egituratuz gero  herrialde osoan egiten diren ekintzen kontrola eramango litzateke eta arazo horiek ez lirateke sortuko. Hain zuzen, halako arazoak ekiditeko buru-belarri arituko gara lanean.

Zuen lanaren oinarriak azaldu dituzu, nolakoa da, gerrillari ohiekin eguneroko harremana?
Hasieran haien konfiantza irabazi behar genuen. Egia esan, euskalduna izateak bidea erraztu digu. Hemen bizitakoa han ezaguna denez badugu zertaz hitz egin ordu txikietan garagardo, ron edota pattarraren babesean. Gerrillari ohiak, orokorrean, oso pertsona xumeak dira. Gehienak nekazariak dira, askok armak hartu zituzten euren etxeetan jasandako gehiegikerien ondorioz. Badira beste batzuk eskolatik zein unibertsitatetik pasatakoak, baina gutxiengoa dira. Askok gerrillan bertan jaso  zituzten eskolak.
Gertutasuna eskertzen dute. Adibide bat jarriko dizut. Kolonbian dabiltzan hainbat erakundetako –Nazio Batuen Elkartea, FAO, Europar Batasuna, Gobernuz Kanpoko Erakundeak– langile gehientsuak ez dira 86 puntu horietan lotan gelditzen inoiz. Ordutegi bat dute sartu eta ateratzeko. Gu ez, gu haien etxeetan, lurrean, chinchorroetan [hamaka] lo egiten dugu. Horrek ate asko irekitzen dizkigu. Orain gutxi komandante ohietako batek esan zigun gu bezalakorik ez dutela inoiz ezagutu: «Zuek beti gurekin zaudete, lokatzetan sartuak». Eta ordu txikietan zenbat eta nolako abenturak kontatzen dituzten! Bizitzen ari naizen honek ez du preziorik. Buruko minak salgai ditudan arren, gozatu egiten dut.

Abuztu amaieran FARC-eko Ivan Marquez buruzagiak borroka armatuaren etapa berria iragarri zuen. Zein da egoera?
Ez da erraz azaldu daitekeen  gaia. Egun, FARC mugimendu politikoaren zatiketa moduan ulertu daitekeena ez dut uste azken hilabeteetako gauza denik, ezta azken urteetakoa ere. Imajinatzen dut, bake prozesuan zehar, baita ere, ikuspegi ezberdinak izango zituztela. Alabaina, bake akordioa sinatu eta FARC egitura politikoaren asanblada orokorra antolatu zutenean aldeak berragertu omen ziren. Nik dakidanez Timochenkok presidentziaren eta armak uztearen galdeketak irabazi zituen, baina beste bi galdeketa galdu zituen Ivan Marquez-en proposamenen aurrean, FARC izenaren aldaketarena eta FARC alderdiaren kontseiluaren sorrerarena. Sinplea badirudi ere, hemen egon daiteke aldea, leku askotan entzun izan da armak uztearena kale handia izan zela. Hala ere, ezagutzen ez ditudan hainbat arrazoi ere izango dira.
Bestetik, alde egindako beste komandante batzuk –El Paisa, Romaña, Ivan Ali…– euren  bizitza arriskuan zegoela salatu eta alde egin zuten. Jesus Santrichen kasua, droga aferaren salaketa, kartzelan sartu zuten, askatu, kongresuan bere jarlekua hartu eta gero alde egin zuen… Kasu hori ulertzea zailagoa egiten zait. Ikuspegi horiei bake prozesuan Kolonbiako gobernuak bete ez dituen konpromisoak gehituz gero korapiloa handiagoa egiten da.

Ze konpromiso, adibidez?
Nekazaritza-erreforma, lurren banaketa, gizarte mugimenduetako buruzagien babesa edota gobernuaren birkokatzea FARCen esku egondako lur eremuetan…

Zailtasunak zailtasun bake prozesua aurrera doa?
Gobernuko Bergizarteratze eta Normalizaziorako Agentziak abuztu bukaeran argitaratutako datuen arabera, bake akordioa sinatu zuten 13.202 gerrillari ohietatik 13.023k jarraitzen dute prozesuan, (%98,6); FARC alderdiak  %90 dela dio. Beraz, prozesuan aurrera egin duen gerrillari kopurua oso handia da, eta dirudienez, oraingoz Ivan Marquezen mezuak ez du eragin handirik izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>