«Igandero txistua jotzen genuen plazan, eta aldiro pieza txanda berriarekin»

ANDER_LETAMENDIA_MEDIKUA_E(2)

Elkarrizketarako ordua baino ordu laurden bat lehenago hitzartutako lekuan da Ander Letamendia Loinaz (Ormaiztegi, 1947). Gutxitan etortzen da Ormaiztegira, eta orduan hiletaren batera. Eliz atarian barne gogoetan ari da, bakarrik, isilik, begira. «Hemen jokatzen genuen pilotan». Koska bakoitza non zen gogoratzen da. «Horko pretil gainean jotzen genuen txistua». Mediku-zirujau jubilatua, pilotari askoren karrera luzatu duena eskuak sendatuta, bizigai duen kulturatik ez da erretiratu. Abuztuan hil zen Pepe Artzelus organista eta lagun minaren omenaldia prestatu du, azkena.

Zientziaren eta kulturaren artean kulunkan ibili zara zu beti?
Bai, beti. Udaletxe pareko etxean bizi nintzen, bigarrenean. Mari Karmen Garmendia-eta ziren bizilagunak, eta goian Paskual Larrañaga txistulari eta organista bizi zen. Pilotaria ere bazen. Niri txistua irakasten zidan, baita pianoa ere, zer edo zer. Tolosara batxilerra ikastera bidalitakoan, biolinean matrikulatu ninduten. Nik uste kastigua bezala izan zela, bestela ez nuela ezer egingo eta…

Dantzari iaioa izana ere bazara.
Ormaiztegin dantza taldea sortu genuen. Tolosatik Blas Lasa etortzen zen erakustera. Eta Tolosara joan nintzenean, Udaberri taldea hasi zen. Txistulari bezala joan nintzen, baina kupoa beteta zegoela, eta dantzan hasi nintzen. Kaxarranka dantzatzen nuen, suletinoa…
Sueltoan hasi nintzen gero, lehiaketetan. Hasierako hiru lehiaketak irabazi genituen Maite Vicentek eta biok, hurrengoan astindu bat eman ziguten arte. Orduan ez zen orain bezala; orain denek berdin egiten dute, ia inork ez dauka graziarik, oso teknifikatuta dago. Orduan, bakoitzak zeukan grazia ateratzea bilatzen zen, ispilurik gabe entseatzen genuen.

Kantuan ere jarduna zara. Tolosako Santa Maria Kaperan jarraitzen duzu?
Biolina jotzen hasi nintzen han. Gero, zuzentzea tokatu zitzaidan, arkua batutarekin aldatuta. Pepe Artzelus gabiriarra nik fitxatu nuen, hiru hilabeterako. 27 urte egon zen Kaperan, organista. Ohorea izan zen niretzat bere zuzendari izatea. Pepek utzi zuenean alde egin nuen nik.

Vatikanoan ere izan zineten.
Zuzendari izan nintzen garaian, denbora gutxian irteera asko egin genituen. Vatikanoan Pablo Colino azaldu zitzaigun, kaperako maisua. Tolosako mediku bat ezagutzen zuen. Colino bera Atalluko gasolindegiaren aurreko etxean jaioa zen. Vatikanoan bezainbeste ez dut nik sekula ostu.

Vatikanoan ostu?
Bai, lapurreta. Guridiren Hala baita pieza jo genuen ofertorioan, Peperekin. «Ez duzu kalejira bat joko, ala?» galdetu zidan Colinok. Ezetz, lasai egoteko. Amorosa. Han geratu zen hori! Orkestrarekin eta koruarekin, 90 bat lagun joan ginen. Baina Pepe huraxe jotzeko propio eraman nuen.

Estimatua zenuen Artzelus.
Bada, bai. Gabiriara San Roke egunean ni Zarauztik eta hura Donostiatik edo Ordiziatik etortzen ginen. Txistuan eta organoan nahi genuena egiten genuen. Bukatu da. Pepe hil eta sei egunera, omenaldia egin genion. Madinaren Aita Gurea kantatu genuen… Azaroaren 15ean, Tolosan kontzertu omenaldi bat egingo diogu [aurrez egina da elkarrizketa]. Testu bat idazten ere ari naiz Peperi buruz. Kontu zaharrak dira…

ANDER_LETAMENDIA_MEDIKUA_E«Vatikanoan bezainbeste ez dut nik sekula ostu. ‘Hala baita’ jo genuen. To!»

«Medikuntza ikasi nahi nuela argi neukan. Altolagirre medikuak esan zidan, eta arrazoi»

«Iruñean, Migel Soroa pilotariaren ‘maletinero’ izan nintzen. Debalde sartzen nintzen»

Kultura maite, eta medikuntza ikasi. Bokazioz edo?
Nik argi neukan. Ormaiztegin Altolagirre medikua zegoen, eta txertaketen garaian aldamenean jartzen ninduen. Nire aita udal idazkaria zen [Serapio Letamendia], eta ondo-ondoan zegoen medikuaren kontsulta, udaletxean. Esparatrapuak nik mozten nizkion. «Medikuntza ikasi behar huke» esan zidan. Eta berak arrazoi.
Iruñean ikasi nuen, zirujia kardiobaskularra. Garai hartan! Espezialitatea ez zuten Iruñean ematen, eta Zaragozara joan behar izan nuen titulu bila. Gero, doktore tesia pilotarien eskuei buruz egin nuen.

Medikuntzan ere begi bat euskal kirol bati begira…
Pilota txapelketa batzuk irabazi nituen Ormaiztegin. Plaza goienean Izuzkitza etxea zegoen. Crispin Tirapies-ek zapateria zeukan aldamenean. Denda horretan, garaikurrari begira eta begira egoten nintzen. Aitzaldeko Joxe Mari Baronek eta nik irabazi genuen txapelketa.
Unibertsitatean Errektorearen Trofeoa irabazi nuen gero, askotan. Espainiako txapelketa ere bai, Salamancan, Lujanbio hernaniarrarekin. Zirujau jefeak esan zidan: «Zure esku horiekin, utz iezaiozu pilotan jokatzeari». Orduan palaz jokatzen hasi nintzen.

Eliz atarian jokatzen zenuten pilotan, beraz. Bainuetxean ere bazen frontoia, bada.
Bai, baina han debekatuta zegoen. Sartzen utzi ere ez, han. Txistua ere eliz atariko sarrerako pretiletik jotzen genuen. Euria ari bazuen, ate nagusiaren aldera dantzatzen zuten. Edo, bestela, Murua tabernaren ate ondoko pretiletik. Plaza hau lehen aldapan zegoen, Izuzkitza etxetik errepideraino.
Igandeetan Bilbo-Tolosa autobusa etortzen zen. Txistulari txanda bukatzen genuenean hartzen nuen. Aita egoten zen bide ertzean zain; autobusa gelditzen zuen, nik di-da txistua utzi, eta Tolosara zuzenean.

Igandero girotzen zenuten txistulariek erromeria?
Jaiero. Eta igandero pieza-txanda berri bat buruz ikasita! Bi fandango, bi arin-arin eta kalejira bat izaten zen txanda bat. Bi, bi eta bat jotzen ziren. Noski, sinistu ezineko errepertorioa hartu genuen.

Paskual Larrañaga tartean izango zen, jakina?
Bai. Paskual, Inazito Azpiazu, Juan Joxe Mantzisidor eta laurok izaten ginen bandan. Juan Joxe Bartzelonara joan zenean estudiatzera, Roman Imaz sartu zen. Buruan dauzkat orduko gauzak. Ni txistua jotzen 1953an hasiko nintzen hemen, sei urterekin.

ANDER_LETAMENDIA_MEDIKUA_E(1)Idatzi beharko duzu liburu autobiografiko bat edo.
Ez, ez [barrez]. Orain Beotibarko historiaz liburu bat atera nahian ari naiz. Beotibar izenarekin hasi naiz. Gainera, sarrerako etxea estilo arkitektoniko erromantizistakoa da, 1931tik 1936ra bakarrik landu zena: kurba, zuzena; kurba, zuzena…

Migel Soroa pilotariari buruzko liburua idatzi zenuen.
Laguna nuelako egin nuen. Ni Soroaren maletinero izan nintzen, Iruñean nengoela. Pilota munduan, pilotariaren maletatxoa eramaten zuena zen maletineroa. Larruzko txiki batzuk izaten ziren. Debalde sartzen nintzen frontoira, noski. Sarrerak 100 pezeta balio zuen; Ogetak jokatzen baldin bazuen, 125. Guk pentsio osoa 80 pezeta pagatzen genuen. Pentsa.

Ikasketak bukatu ondoren Ormaiztegira itzuli zinen?
Ez, 17 urterekin Iruñera joan, eta ez nintzen etxera itzuli. Gero ezkondu nintzen, eta aurrera. Ni, hala ere, Tolosan jaioa naiz.

Bai? Ormaiztegikoa zinela eta.
Ama Tolosakoa zen, aita Alegiakoa. Inauterietara joanda, ama nire esperoan zegoen, eta gehiegi saltatu edo ez dakit zer egingo zuen, ni karnabaletan jaio bainintzen, Tolosan. Begira zein zen panorama: amaren anaia bat, osaba Bixente Loinaz, musika banda zuzentzen; nire aita, jotzen; eta ginekologo izan behar zuena, Bibiano Larramendi, Beasaingo klinikakoa, buruhandi bat hartuta plazan bueltaka. Horrela jaio nintzen ni. Horien bila joan behar izan zuten, ni jaiotzera nindoala eta. Eskapara ederra egin nuen [barrez]. Gero, txaranga hori nik zuzendu dut 25 urtean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>