Patxi Zubizarretak eta Jokin Mitxelenak ‘Garalar-Maralar’ lauko bildumako lehen liburua ondu dute: ‘Goliat eta izarrak’. Ipuin sorta horren bidez natur aberastasunaren zaintzaren kultura zabaldu nahi du Landarlan elkarteak.
«Behin batean baziren Aralarren zebiltzan bi lagun. Horietako baten txabolara iritsi, eta batek esan zion lagunari.
–Hau nire txabola da. Barrura sartuko naiz eta giltzapetu nazazu, eta gero Donostiara joan eta giltza bota itsasora.
Halaxe etorri zen Donostiara, giltza bota zuen, eta ahaztu egin zen lagunaz.
Halako batean, Donostiara etorri, eta arrandegi batean, legatza zabaltzen ari zirela, saltzaileak esan zuen:
–Hara, giiltza bat agertu da legatzaren barruan.
Orduan gogoratu zen mutila Aralarren giltzapetuta utzi zuela bere laguna. Hiru urte eta erdi pasatu ziren. Joan da korrika batean Aralarrera, zabaldu du txabola, eta bizirik aurkitu du laguna.
–Bizi al haiz?
–Bai!
–Ta ondo al hago?
–Bai! Sagutxo batzuk belarri izkina batzuk jan zizkidaten lo nengoen bitartean, eta ni konturatu ere ez!».
Joxe Arratibel ataundarraren aspaldiko ipuin horrek eman dio hizpidea Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) idazleari Garalar-Maralar bildumako Goliat eta izarrak lehen liburuaren mamiaz hitz egiteko: «Irudipena daukat batzuetan guk ere egiten dugula gure tradizioa, gure kultura, gure paisaia giltzapetu eta ez dugula ikusten. Batez ere, ondare naturala, ondare bezala kultura ere badela, eta hori ez dela ikusten, kontatu egiten da, kantatu egiten da, eta txabola batean daukagu».
Jokin Mitxelena (Donostia, 1962) oiartzuar marrazkilaria izango du bidelagun Zubizarretak bilduma honen sortze prozesuan. Baita Ibaizabal argitaletxea eta Landarlan ingurumen elkartea ere, proiektuaren sortzailea. Lehen liburua kalean da dagoeneko, gainontzeko hirurak –Joanes eta kanpaiak, Aiert eta herensugea, eta Maren eta azeria– datorren urteko apirilean argitaratuko dituzte.
Ordiziarrak ezaguna du Aralar, Mitxelenak horrenbeste ez – nahiz eta aita Aralarren artzain ibilia izan–, baina bai materia: «Lurra, basoa, mendiko giroa. Hori entrenatua genuen Patxik eta biok. Testu aldetik lana egina zegoen, eta liburua oso bisuala eta plastizitate handikoa iruditu zait».
Pasadizo bat abiapuntu
Jexux Mendizabal Kaxkagorri zaldibiar artzainak Zubizarretari kontatutako pasadizio bat du oinarrian lehenak, eta Joanes artzainarengan gorpuzten da. Ondoko lerrootan dituzue irakurgai lehen pasarteak.
‘Goliat eta izarrak’. Liburuaren aurrerapena
Isiltasunak esnatu zuen Joanes. Kezkak behartu zuen azkar jaikitzera. Susmoak. Zakar zabaldu zuen atea. Eta orduan zuritasunak harritu zuen. Eta larritu. —Zerua erori da! —,atera zitzaion.
Mara-mara ari zuen elurra. Goliat txakurra, kikilduta, bere txabolan ezkutatuta zegoen. Zurian zuri, ardiak harria baino geldiago zeuden.
Joanesek azkar jokatu behar izan zuen. Zakar. Elurretan estropezuka. Artaldea salbatzeko, lehenbailehen abiatu beharra zeukan.
Lehenengo elurrak ustekabean harrapatu zuen artzaina. Sute batek, uholde batek bezala. Eta dagoeneko, ardiak bilduta, artaldearen buru, badoa ikusten ez den bidean behera.
—Goazen, Goliat. Arre Txilin eta Txalan. Aurrera Axeri, aurrera latxak!
Malo-malo ari zuen elurra. Artzaina eta animaliak kirris-karras zihoazen. Astiro. Elurretan lerroz lerro. Astiroegi.
Joanesek betiko Joanes izan nahi zuen. Tinko agertu behar zuen, eta tinko eusten zion mandoaren uhalari, tinko makilari. Seguru agertu behar zuen, eta seguru zuzentzen zitzaion artaldeari.
—Goazen Axeri, aurrera latxak!
Baina Joanesi hankak elurretan hondoratzen zitzaizkion. Txakurrari bezala. Astoari eta mandoari bezala. Ardiei bezala. Eta Joanesek ezin zuen bere kezka ezkutatu.
Orduan trumoia entzun zen. Hurbil. Burrunbatsu. Zerua benetan erori balitz bezala. Eta isiltasuna etorri zen gero. Eta zuritasuna. Erabatekoa. Mundua amaitu izan balitz bezala.
Baina ez: zerua ez zen erori, zeren elurrak mara-mara jarraitzen baitzuen. Eta mundua ere ez zen amaitu, zeren laster buruak eta belarriak eta hankak agertu baitziren. Nahas-mahas. Elur artean astinduka. Aieneka. Denak, Joanesenak izan ezik…
Ustekabeko elurtzaren ondotik, elur jausi batek harrapatu ez zituen ba! Goliatek odol tanta batzuk ikusi zituen. Zula eta zula hasi zen orduan, Txilin astoaren laguntzaz, Joanesen besoa ere agertu zen arte.
—Hau poza… —, atera zitzaion.
Artzainak momia baten antza du eta zauria dauka aurpegian. Dardaraz, mandoari altxatzen lagundu dio aurrena. Zalantzaz, ardiei elurra kentzen lagundu die gero. Eta berriro ere, kirris-karras eta sigi-saga, ikusten ez den bidean behera doaz.
Udazkeneko elur goiztiarraren ostean, negu gorria etorri zen gero. Joanesek sekula ez omen zuen halakorik ezagutu. Sekula ez zen hain txiki sentitu. Behi asko, behor asko izoztuta hil ziren Aralarren. Basurdea herriraino jaitsi zen janari bila. Hotsa zabaldu zen otsoa ere hurbil zebilela.
Egundoko elur geruza sortu zen. Eta ardiak, geruzaren gainean, zuhaitzen goialdeko adar txikiak jaten ibili ziren.
Kasik ezin zen etxetik irten. Batzuetan, bi lagun elkartzen zirenean, kasik ezin zuten hitz egin. Hotzaren hotzez, berbak ahotik irten bezain laster izozten zitzaizkien. Etxera eramaten zituzten orduan, bizkar zorroan edo eskukarrotxoan, hitzak sutondoan desizoztu eta entzun ahal izateko…