Joxepa Madariaga eta Inaxio Usarralde

Joxepa Madariaga

Aupa!, Inaxio. Nekatuta nagok, jota, atseden beharrean. Lana, lana eta lana, konpromisoa hemen, konpromisoa han. Kulturaz lepo! Gainezka ia. Gozamena bai, baina ezin irentsiak ematen duen itolarriarekin nagok abenduan. Azokak bukatu berri zaizkiguk: Durangon hasi eta Ataun-Segura-Lazkaon bukatu.

Orain, sua piztu, hanka-hankaren gainean eserita jarri eroso, erositako liburuak hartu eta begiak nekatu arte irakurtzen aritu nahi diat, kieto! Goxo-goxo. Buruari hegan egiten utzi nahi zioat, fikzioan murgildu, ametsetan aritu, gozatu, lasaitu, eguneroko lanetik deskonektatu. Eta, tartean, jan, noski; izan ere, kulturaren zati garrantzitsuena gastronomia omen duk… Eta, tartean, paseatu, hankak luzatu, arnasa berritu, buruari atseden eman eta gorputza nekatu. Eta, tartean, lagunekin gozatu, hitz egin, elkarren berri jakin, gogoratu, plan berriak egin. Eta, tartean, etxekoekin patxadan egon, izandako gorabeherak berdindu, tentsioak baretu, giroa gozatu, buruz, gorputzez eta bihotzez orekatu. Eta, tartean, eta tartean, eta tartean… Pilak kargatu behar ditiat, indarrak hartu, urte berriari sasoi betean ekiteko.

Eta, hiretzat, Inaxio, propio aipatu ez dudan gaia to!, bertsoa, Madariaga-UsarraldeGipuzkoako bertsolari txapelketa. Puntua jarri diat eta erantzun, nahi duan neurri eta doinuan!

Inaxio Usarralde

Zer, Joxepa, abenduko zezena gainera aurten ere…? Ai koitadua, hauxe dun hire goi denboraldia urtero. Disko eta liburu azoka atarian, eta egunetan gutxiago! Ezin dun ezta gaixotu ere, alajaina! Hala ere, lasai, pasako dun hori ere eta.

Eta zer nahi dun esatea lasai bizitzeaz, hik ez dakinana? Hara, gure etxean lasai dun gehien erabiltzen den hitza askogatik … eta gutxien praktikan jartzen dena ere bai! Alegia, bizitza patxada handiagoz hartzearena, urtero, urtats egunez, egitekoen zerrendan puntaren puntan ipini arren ez zekinat inoiz aste betera iritsi garen promesari eusten. Beraz, formula egokia duen norbait fortunatzen bazain inguruan, esan, gu ere hemen gaudela putzu batetik atera aurretik olatu handiago bati aurre eginez, ia arnasa hartzeko ere betarik gabe. Eta, bai, azken boladan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaile taldeko betebeharrek kentzen zidaten soldatapeko lan-jardunetik kanpoko ordu dezente. Baina, gustura. Polita zihoan aurtengoa ere. Goierritarrak ere gustura entzun ditinat eta pare bat izen aipatu nahi ditinat: Nerea Elustondo eta Iban Urdangarin. Legazpiarra finalean delako. Egun horretarako argitasuna eta goza dezala opa zionat. Eta ataundar aguazilak berealdiko txapelketa egin din eta poztekoa dun… Ea horrelako bultzada batek plaza gehiago ematen dizkion horrenbeste urte daraman bertsolariari. Honi jendea plazetan gozarazten segi dezala opa zionat. Finala denentzat gozagarria gerta dadila!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>