Banintzen, jakin aurretik

Antxiñe MendizabalFeminista nintzen, feminista nintzela jakin aurretik. Gerora konturatu naiz: oso txikitatik jakin nuen nire bizitzaren erdigunean etxea eta familia egon behar zutela onartzea zaila izango zitzaidala. Horixe izan da nire matxinada partikular eta pribatua gizonezkoen balioetan oinarritutako gizartearen aurka.

Gerora konturatu naiz ikuspegi hori ez zela akats edo aje partikular bat. Emakume rolean egokitzeko zailtasun hori gizarteak ezarria zela, ez nuela berezkoa. Eta orduan hasi nintzen ulertzen Simone de Beauvoirrek sortu zuen esaldi ospetsua: «Emakumea ez da jaiotzen; egin egiten da». Orduan hasi nintzen akasgabea eta batez ere hobengabea sentitzen.

Simone de Beuavoirrek ez zuen kontzientzia feministarik Bigarren sexua idatzi zuenean, eta halere, pentsamendu feministaren giltzarri bihurtu da saiakera. Orain dela hogeita bost urte erosi nuen bigarren eskuko edizio zahar bat, gazteleraz. Jakin-minez irakurri nuen, ikasteko gose eta egarri nintzen. Emakume ohiko bat izateko ezintasunari azalpen bat bilatu nahi nion. Orrialdez orrialde Beauvoirren hitzak, esaldiak, pentsamenduak azpimarratzen joan nintzen eta ideia garrantzitsuenak koaderno batean idazten. Saiakerak ertz asko ditu; jakintza ezberdinak batzen ditu filosofo frantsesaren lan eskergak. Esaldi haietako bakoitzean nire esperientzia bertsuak ikusi ahala, nire burua ulertzeko modua aldatuz joan zen. Liburua bukatu nuenean, inoiz baino emakumeago sentitu nintzen, emakume baldintzatua, ezindua, baita engainatua ere, baina batez ere kontzientziaduna.

Kontzientziak min eman zidan arren, errebolta hori ez da niregan inoiz itzali, mamu askoren aurka borroka egin behar izan badut ere. Simone de Beauvoirrek dio, halere, irtenbidea partikularra denean, ihesaldia dela. Askapena benetakoa izan dadin, gizarte osoaren iraultza eskatzen du.

«Irtenbide partikularrak ihesaldia baino ez dira. Askapena benetakoa    izan dadin, gizarte   osoaren iraultza eskatzen du»

Emakumearen askapenean, independentzia ekonomikoak funtsezko izaten jarraitzen duen honetan, bizi-esperientziak pentsamendu feministaren logikan kokatzeko ezagutza ere ezinbestekoa da. Euskaraz argitaratu berri den Bigarren sexua irakurtzea lagungarri izan daiteke. Zoritxarrez, orain dela hirurogeita hamar urte idatzitako testuak gaurkotasunik ez du galdu.

Hortaz, emakume heterodoxoak edo disfuntzionalak sentitzen bazarete, hemendik aurrera, baduzue zuen burua non begiratu, non ikasi. Bizitzaren erdigunean, familia eta etxeaz gain, bestelako aukerak daudela aldarrikatzen dugun emakumezkoak gero eta gehiago ga-ra. Bizitzak, zorionez, erdigune asko izan ditzake eta emakume bakoitzak, bere nahi eta joeren arabera, erabakitzeko eskubidea dauka. Matxinatzen jarraitu beharra dago estereotipo eta eredu zaharkituen aurka, bidean, oztopo ugari eta hamaika kontraesan topatuko baditugu ere. Feminismoa bizitzeak gure kontraesanekin koherente izatera behartzen gaitu emakumeoi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>