2020ko EuskarAbentura goierritar gazteen zain

Euskarabentura_2019

Orain arteko bi espedizioetan, gazteek Zerainen pasatu dute gauetako bat.

2003 eta 2004 urteetan jaiotako gazteek badute 2020ko uda ahaztezina pasatu ahal izateko proposamena: III. EuskarAbentura espedizioa. Jaiotze urteaz gain, gazteek bete beharreko baldintza nagusia, euskaraz jakitea da. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 120 gaztek euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzeko aukera ematen duen egitasmoa da EuskarAbentura. Uztailaren 1ean abiatu eta hilaren 31ra bitarte, 31 etapa osatuko dituzte, 783 kilometro orotara, horietatik 483 oinez.

Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Horretarako, gazte bakoitzak euren hautagaitza aurkeztu beharko du martxoaren 15a baino lehen, motibazio gutuna eta lana aurkeztuta. Motibazio gutunean, 450-500 hitzetan, EuskarAbenturan zergatik parte hartu nahi duen azaldu beharko dute, espediziotik zer espero duten, zein ekarpen egingo dioten taldeari.

«Oso aukera polita da hilabetean Euskal Herria eta euskal kultura ezagutzeko» Ane Insausti, Komunikatzailea

Horrezaz gain, lan edo proiektu bat aurkeztu beharko dute gazteek ondorengo gaietako bat aukeratuta: Natura plastifikatua, Euskal emakume sortzaileak eta Mugak gaindituz integraziora bidean. Lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Proiektuei buruzko xehetasun guztiak. Lanak Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioaren laguntzaz ebaluatuak izango dira eta kalitate oneneko lanen egileek 2020ko uztailaren 1etik 31ra egingo den espedizioan doan parte hartzeko beka lortuko dute. Espedizioan parte-hartzeko hautatuak izango diren gazteen zerrenda ere bertan argitaratuko da, apirilaren 15ean.

Goierritarrei deia

2018ko EuskarAbenturan bi goierritar gazte soilik parte hartu zuten –bata lazkaotarra, beasaindarra bestea–, baina 2019koan ez zen Goierriko espediziokiderik izan. Ane Insausti Lazkaoko komunikatzailea izan zen goierritar bakarra; komunikazioaz arduratu zen. Honela, Goierriko gazteak animatu nahi ditu hirugarren espedizioan parte hartzera: «Oso esperientzia aberasgarria da, oso aukera polita da hilabete oso bat euskara hutsean, Euskal Herria eta euskal kultura ezagutzen pasatzeko, euren adineko gazte asko ezagutzeko eta harreman sare handi baten parte izateko». Horrezaz gain, «bakoitzak euskara nola bizi duen ikusteko, oso egoera ezberdinak daudela ikasteko…  balio du, eta goierritar bezala, beste toki batzuetan baino zorte handiagoa dugula konturatzeko. Oso hilabete intentsoa da baina benetan merezi du!».

Informazioa eta oinarriak  euskarabentura.eus webgunean daude eskura. Izen-ematea ere plataforma horren bitartez egin ahal izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>