Ez festarik, ez txosnarik

Lazkaoko_inauteriakOroimenari tiraka, 1988. eta 1989. urteen artean gogoratzen dituzte herritarrek Lazkaoko lehendabiziko txosnak. Ermitauen pare, hasieran Lazkao Txiki Zelaian, ondoren Antsoategi herriko tabernaren parean, udaletxearen atzean gero eta azken 9 urteetan karpa formatuan kokatu dira txosnak. Goierriko gazteen artean erreferente den Lazkaoko Gazte Asanbladak (LGA) eta herriko beste eragileek bultzatuta, urtero antolatu dituzte txosnak herriko festetan. Aurtengoa salbuespen.

Covid-19a dela eta, Lazkaoko Udalak festak egingo ez zirela iragarri baino lehen, LGAk txosnarik ez jartzea eta egitaraua bertan behera uztea erabaki zuen; festak ospatzeko momenturik egokiena ez zela iritzita. Egitarau osoa itxita egonik hartu zuten erabakia. Zorionez, ez dute galera ekonomikorik jasan, gastuak oraindik bideratu gabe zituztelako. Hala ere, urtea amaitu baino lehen zerbait berrasmatzea dute buruan.

Karpari ekitea erabaki eta lehen urteetan udalaren babes osoa zutela aitortzen dute antolatzaileek. Udal gobernuaren aldaketa heldu zenean «festetako programatik kanpo eta diru laguntzarik gabe» utzi izana salatu dute zabaldutako oharrean. Haien ustez, Lazkaoko Udalak ez du baloratzen herriari egiten dioten ekarpena.

Hasiera-hasieratik helburu argiak izan dituzte: «Jai herrikoien bidez festa parekidea bultzatzea, nazio bat garela aldarrikatzea eta oraindik ere gurekin egon beharko luketen eta ez dauden preso eta iheslariei babesa eta elkartasuna adieraztea, besteak beste».
Haien lana festetara mugatzen ez dela argi dago. Urtean zehar, erreka garbiketa, gazte festak edo film labur lehiaketa bezalako iniziatibak jartzen dituzte martxan.

Gainera, herriko ekintza ezberdinetan parte hartzen dute. Adibidez, Rallysprint Goierri antolatu zenean Aspanogiri emateko dirua bildu zuten, Korrikan herri-ekimenak sortzen dituzte, ekitaldi ezberdinetara joateko autobusak antolatzen dituzte, M8an eta U30ean lagundu dute…

Etorkizunari begira, «elkarren berri izango dugu» esanez sinatzen dute zabaldutako mezua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>