Zer da, neska ala mutila?

German-UrteagaGerman Urteaga Garmendia – Psikologoa eta Trans aktibista

Zenbatetan entzun ote dugu galdera hau jendearen ahotan haurdun dagoen norbaiti egiten. Pertsona bat haurdun dagoenean (eta bai, persona diot, ez emakume) zenbatetan galdetzen ote zaio ea ba ote dakien haurra neska ala mutila den. Gaur egun, oraindik ere, etengabe entzuten den galdera bat da, eta okerrena da askotan galdera egiten dela badirudielako ez dagoela beste ezer galdetzeko, hau da, aurrez hausnarketa egin ezean, eta sistemak hortara bideratu gaituelako, automatikoki galdetzen da norbait haurdun gelditzean ea haur hori neska ala mutila den, esateko beste ezer ez balego bezala. «Aiba haurdun zaude, zorionak! Eta, zer da, neska ala mutila?». Kri, kri, kri… Eta haurdun dagoenak galdera egiten duenaren ezjakintasun maila bera badu ondorengoa erantzungo dio: «Ba oraindik ez digute esan baina laster jakingo dugu, ekografiak erakusten digunean», edo ondorengoa, «Ba, neska izango da».

Jaio aurretik jada genero identitate bat esleitzen zaio orohar haurrari, honekin genero identitatea genitaletan dagoela esaten ari gara, eta hau, barkaidazue baina transfoboa da, hau da, trans pertsonekiko burla, iraina, iseka, diskriminazioa. Ezin dugu haur baten genero identitatea zein den jakin berak esaten digun arte. Beste modu batera esanda, ezin dugu jakin haur bat neska ala mutila den berak zer/nor den esaten duen arte. Are gehiago, baliteke ez neska, ez mutil izatea. Ez daudelako bi genero identitate soilik, hau da, badira emakumeak, bagara gizonak, eta badira beste genero identitate batzuk ere. Transfobia izugarria da gizartean, eta askotan, ez gara kontziente. Bada transfobia mota bat oso bistakoa dena, norbait jipoitzea transa delako, adibidez, edo arrazoi beragatik norbait bakarrik uztea. Baina transfobia mota asko daude zoritxarrez, eta horietako asko ez dira hain bistakoak. Transok etengabe bizi dugu transfobia, alde batetik ez bada, bestetik. Nahita edo nahi gabe, eta normalean nahi gabe egiten da, baina horrek ez du esan nahi min ematen ez duenik, transfobia ez denik. Konponbidea? Hezkuntza. Adin guztietan. Ikasi nahia. Eta enpatia apur bat ere bai.

Beraz, mesedez, eta konkretuki gaurko gaira itzuliz, hurrengoan haurdun dagoen norbait ikusten duzunean ez iezaiozu ditxosozko galdera egin. Mingaina baino lehen jarri burua martxan eta beste zerbait galdetu edo esan, edo isildu bestela. Batzuetan isiltasunak izugarri balio du, eta nabari da jendea krisian dagoela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>