Gaurko belarra gerorako bazka

Belar_bolak

Apirileko euriak eta maiatz hasierako egun eguzkitsuek baserritarrak belarra ebaki eta biltzeko lanean jarri ditu. Lau elkartek ematen dute zerbitzu hori Goierrin.

Belardia, kontzeptu bezala, ez da belarrez osatutako lur eremu batera mugatzen, harago doa, larrebelardiak beste izaki askoren bizileku dira, eta hauek ere belardia osatzen dute (…) Horien presentziak eta kontserbazioak emango du belardi horren kontserbazio eta kalitatearen isla». Goimen elkarteak 2007an kaleratu zuen Goierriko belardien kudeaketarako gidaliburua argitalpenean jasotako aipua da goikoa. Ez da artikulu honen helburua paperean jasoa gelditu den lanketa mardul horren berri ematea, baina utziko diozue kaletar honi bertan aipatzen diren bi datu nabarmentzea: Gipuzkoan 48.931 hektarea (ha) belardiak dira, lurralde osoaren %42,5eko azalera hartuz. Goierrin %15,8 dira, gehiengoa 600 metro azpiko garaieran eta jabetza partikularrei lotuak.

Naturaren zikloa ez da gelditzen, eta ez du ezagutu Covid-19 koronabirusak eragindako osasun alarma egoera. Eta eragin badio, onerako izan da, hala diote adituek. Ikusi besterik ez dago parajeak nola dauden, berde. Apirila ekaitz hila dela dio esaerak, eta aurten bete da halakorik, bederatziurren eta guzti. Egun eguzkitsuak ere izan dira tartean, eta sumatu da ederki belardietan. Lehenaz gain, baserritarrak  bete-beteko lanean jarri ditu maiatz hasierak, belarrak ebaki eta biltzen, abereek neguan ere etxeko bazka izan dezaten. Langintza horretan, makineria zerbitzua eskaintzen duten Goierriko lau elkarteren laguntza izaten dute baserritarrek.

Kontserbazioa belar bolen bidez

Belardiak larratu ahal izateko altuera handiegia azaltzen duenean, une jakin batean gehiegizko bazka dagoenean edo azienda ukuilaturik dagoenean ebaki ohi da belarra. Bazka hori berdean banatu edo gorde egin daiteke. Bazkaren kontserbaziorako ohiko moduak belarraren siloratzea eta naturalki ontzea izaten dira. Normalean, lehen ebaketan (apiril-maiatza) belarra siloratu egiten  da, eta bigarren edo hirugarren ebaketan (maiatz-ekaina) siloratu  edo ondu. Klimatologiak asko errazten du lan hori bigarren zeregin horretan.

Baserria__Belar_garaia__Bo

«Neguko bazka guztia belarraren oraingo kalitatearen araberakoa da. Garai hauetan asko dago jokoan baserrian» Manex Aranburu, Goimen landa garapen elkartea
«Makinak elkarren artean erosiak dira, eta elkarren artean banatzen dugu erabilpena, bakoitzak berea eduki beharrean» Asier Galdos, Nekalde elkartea

Siloratzea edo belar bolak egin eta plastifikatzea da azken egunetan baserrietan egiten ari direna.  Bazka hezetasun egoeran mantentzeko sistema bat da, oxigeno ezean onberek –bakterio laktiko gauzatuek– bazka hori usteltze prozesuetatik eta hartzidura okerretik babestuko duten sustantzia kontserbagarriak  sortzen baitituzte (azido laktikoa). Belar silo bolen sistemak naturalki ontzearenak –eguzkiaren eta haizearen bidez–  baino kostu handiagoa badu ere (plastikoa, gasoila, makineria..), belarra epe luzean kontserbatzeko modu nagusiena da Goierrin eta Gipuzkoan egin ohi duen eguraldi euritsua aintzat hartuta.

«Belarra bere momentuan biltzea inportantea da, proteina aldetik eta energetikoki egokia izateko. Neguko bazka guztia belarraren oraingo kalitatearen araberakoa da, eta asko egoten da jokoan garai hauetan», zehaztu du Goimeneko teknikari Manex Aranburuk. Goierriko landa garapen elkarteak urteak daramatza «bazkaren kultura» horren aldeko lanean, eta zeharka beste balio batzuk lantzen direla nabarmendu du: «Paisaiaren kontserbazioa hor dago, elkarlana eta auzolana sustatzen da, eta bertako baliabideari, belarrari, indarra ematen diogu. Horrez gain, ekonomia endogeno bat ere sortzen dugu».

Askotariko nekazal zerbitzuak

Goimenek Aizkorpe bailarako bost herrietako baserritarrei ematen zaien zerbitzua kudeatzen du langile baten bidez. Lan horietarako erabiltzen den traktorea Zaldibiak eta Beasainek ordaindua ere bada, baina azken bi horietan baserri bide garbiketarako eta desbroze lanetarako erabiltzen dute. «Belar lanetarako diru gehigarria Aizkorpekoek jartzen dute, baina langilearen asegurua zazpi herri horiek», azaldu du Aranburuk. Ximaurra zabaltzeko lanak ere egiten dituzte Goimenetik, eta Beasainek elurra kentzeko ere baliatzen du elkartearen zerbitzu hori.

Goitres Goierriko Tresna Kooperatiba 1991ean sortu zuten Olaberrian, eta bederatzi lagunek osatzen dute gaur egun. Askotariko baserri zerbitzuak eskaintzen dituzte: bolak berdearekin eta lehorrarekin, fardo txikiak, purinen eta ximaurraren zabalketa eta kudeaketa, lasto, bola eta abereen garraioa…  «Martxo bukaeratik aurrera aritzen gara, eta uda parte honetan izaten dugu lan gehien. Belar lanez gain, lurrak jiratu, baratzeak prestatu, putzu septikoak hustu… Baserritarrak dira bezeroak, baina udaletxeak ere bai. Deitzen digunari eta prezioa ordaindu nahi duenari ematen diogu zerbitzua»,  Jose Inazio Altuna elkarteko presidenteak.

Aurrekoaren urte berean sortu zen Nekalde Goierri Garaiko Nekazaritzaren Aldeko Elkartea. 48 baserritarrek osatzen dute, eta langile bat dute soldatapean. «Baserritar elkarte bat gara, eta makineria ezberdina daukagu baserritarrei lana errazteko. Makinak denon artean erosiak dira, eta erabilpena elkarren artean banatzen dugu, bakoitzak bere traktorea eta makinak izan beharrean», zehaztu du Asier Galdos elkarteko kideak.  Aizkorperen eta Goitresen tankerako zerbitzuak  dituzte, baina urteari eusteko berealdiko garrantzia du Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko baserri bideak garbitzeko lanak. «Udalek ordaintzen digute lan hori, eta guretzako oso inportantea da lehen sektorearen zerbitzu honen biziraupenerako». Elkarteko kideek dute lehentasuna zerbitzua jasotzerakoan, baina bezero eta bazkide berriei irekiak daude.

Zaldibiako Nekazarien Aldeko Nekazaldi elkartea da laugarrena, 1993an sortua. Elkarte txikia da, eta auzolanean antolatzen dira, Garikoitz Nazabalek adierazi duenez. «Herri mailako elkarte xumea gara. Hiru-lau lagun aritzen gara makinista, eta 25 bat laguni ematen diegu zerbitzua, herrian batez ere». Belar bolak egiten eta ximaurra zabaltzen aritzen dira gehienbat. Lan bolada betea dute aurretik, gerorako utzi ezin dena, baserria ez baitago konfinamenduan.

Makineria zerbitzua

Goierrin lau dira belar lanetarako zerbitzua eskaintzen duten elkarteak.

  • Aizkorpe-Goimen. Idiazabal, Segura, Mutiloa, Zerain eta Zegamako baserritarrei eskaintzen die zerbitzua. Tfnoa: 943 16 12 44 (Goimen).
  • Goitres. Olaberrian, Ormaiztegin, Ordizian eta Araman aritzen dira batez ere. Tfnoa: 646 681 503 (Mikel Barandiaran).
  • Nekalde. Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Ezkio, Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegi dute lan eremu nagusia: Tfnoa: 943 16 12 44  (Goimen).
  • Nekazaldi. Zaldibian, eta Gaintzan eta Lazkaomendin: Tfnoa: 665 755 988  (Gari Nazabal).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>