Urtatza – Korosti: Deba ibarrarekin mugan, arrano baten ikusmiran

Legazpik ixten du Goierri mendebaldetik. Mendi mugante horietan barrena ibiliko da gaurko Ibiltaria, industriak bere arrasto nabarmena utzitako Urtatza auzotik hasi, eta Korosti mendiko tontorreraino, bidean trikuharriak, pagadiak, eta batez ere, ikuspegi eder askoak topatuz.

Urtatza eta Patrizio Etxeberria industria-gizona oso loturik izan dira. Urteetan zehar milaka legazpiarrek lan egindako Bellota fabrikaren sortzaileak eraiki zituen Urtatzako langile-etxeak, eta Europako urtegi pribatu handiena izan zena ere hark eraikia da–haren aginduz, hobeto esanda–. Gaur egun hutsik dago, hustubideak zabalik dauzka, eta baso ederra hazi da sakonune izugarri horretan; pasabidetik begiratuta, ur arrasto txiki bat baino ez da ikusten 42 metro garaierako hormatzarraren oinarrian, han behean.

1956an inauguratu zuten urtegia, Oial, Gaizto, Trukulu eta Basanguleta erreketako ura biltzeko, eta handik sortutako energia elektrikoa Bellotan altzairua egiteko erabiltzeko, Jonmikel Intsausti gidariak azaldu moduan. Baina joan ziren garai haiek eta urtegia alferrikakoa bihurtu zen.

Ibilbidea-3

Kimuberri aterpetxea.

Baserri eta zelai artean egiten du gora gozo bideak, Lakidiolamendirantz. Ondo jarritako izena, inguruko baserriei erreparatuz gero: Lakidiolabehekoa, Lakidiolahaundi, Lakidiolaerdikoa eta Lakidiolaetxeberria. Ardanbideta eremua legazpiar askok egun-pasa egiteko estimatutako tokia da, mahaiz eta iturriz hornitua, pagoen gerizpean. Bertan dago Kimuberri aterpea 1983tik, orduan eraiki zuten eta ikastolako gurasoek, herriaren laguntzarekin. Urtero egiten da erromeria bertan.

Aldapa luze eta tentea hasten da hemen, Arrolamendi eremuan. Gasaren bidea izendatu izan da, gas-hodiak pendiz honetan lurperatuta daudelako. Aspaldikoa da oso gizakiaren presentzia, mendi lepora iritsitakoan topatuko ditugun Arrolamendi II eta III historiaurreko tumuluek adierazten duten modura. Antzuola eta Legazpi arteko mugalerroa zenbakidun mugarriek markatzen dute, kasu honetan 57 eta 56 zenbakia daramatenak, harrian zizelkatuta. Toki airosoa da Arrolamendi, eta paregabea bertatik dagoen ikusmira: Udalatx, Anboto, Gorbeia urrutira…

Hegazkin istripua Arrolamendin

Ibilbidea-2

Arrolamendiko harrizko iturria.

Tragedia baten lekuko ere izan zen Arrolamendi. Hegazkin istripua gertatu zen paraje horretan orain duela ia mende bat, 1921 urteko maiatzaren 19an. Jose Luis Ugarte ikertzaile legazpiarrak esanda dakigu eta haren hitzetan emango dugu. Britainia Handiko Bristol enpresak aireplano batzuk saldu zizkien Madrilgo bezero batzuei, eta beren gidariei Espainiara eramateko agindu zien. Pilotu horietako bat, Andrew Ferson gaztea, maiatzaren 19an Lasartetik abiatu zen Bristol Seely aireplano berriarekin. Eguraldi lainotsu eta kaskarra egiten zuen, baina bere eskarmentuan fidatuta aireratzea erabaki zuen. Trenbideari jarraika Madril aldera egin zuen, baina Legazpi aldera iritsitakoan zeharo galdu zen, hainbestekoa zen lainoa. Itsumustuan jira-biraka ibili ondoren, azkenean Arrolamendiko harkaitz batzuen kontra jo eta bertan hil zen.

Eguerdi aldean gertatu zen istripua eta laster zabaldu zen berria ingurumarian. Garai hartako kronikak diotenez, Legazpi eta Antzuola herriak erdi hutsik geratu ziren eta bizilagunek gora egin zuten zer gertatu zen ikusteko. Kontuan izan behar da aireplanoak ibilgailu berriak zirela garai hartan. Adineko legazpiarrek ere aditzera dute gertakari hura, eta diotenez, hainbat baserrietako ganbaretan, urteetan eta urteetan, eroritako aireplano haren hondakinak gorde omen ziren, oroigarri modura.

Arranoaitzetik Korostira pagadian

Ibilbidea-1

Arranoaitzeko arranoa, Debagoienera begira.

Mendi lepotik jarraituta, Arranoaitz da hurrengo geralekua. Antzuolak, Oñatik eta Legazpik egiten dute bat hemen. Aizkorri eta Aloña pare-parean azaltzen dira, eta egun argitan luze egon daiteke balkoi honetatik paisaiaz gozatzen, are gehiago prismatikoak erabiliz gero. Burdinazko arrano beltz handi bat dago ezarrita Arranoaitzen, tente asko, nahiz eta honek ere bereak pasa dituen. 2011n erremintaren batekin ebaki eta desagerrarazi egin zuten ezezagun batzuek, baina berriro jarri eta ordudanik eutsi egin dio. Soldadura lan nabarmena du.

Hemendik aurrera, eta Korostiraino, dena da baso, pagadi zati handi batean. Oregiko tontorra dago lehenik, gero Jentiletxekoa, biak ere 900 metro inguruko altuerakoak. Historiaurreko zantzuak ugariak dira: Oregik zista bat dauka, eta Jentiletxek tumulua. Azken honek hogei metroko diametroa dauka eta 1963an industu zuten Jesus Altunak, Juan Mari Apellanizek eta Pedro Rodriguez de Ondarrak, baina aurkitu, Jesus Elosegik aurkitu zuen, hamabi urte lehenago.

Bidezidorretan barrena segi eta berehala azaltzen da Korosti, bere gurutze erraldoiarekin. Horren historian ere berriro nabarmentzen da Legazpiren muga izaera Debagoienakiko. Izan ere, gurutzea altxatzeko proposamena Antzuolak egin zion Legazpiri 1901ean, elkarrekin egingo zutela Arrolamendin, baina hemengo udalak ezezkoa eman zion eta Gorostiaga mendian –egungo Korosti– altxatzea erabaki zuen, bere kasara. Orduko 3.483 pezeta kostatu omen zen eta 12,60 metrora iritsi zen. Hasierako altzairua oso eskasa omen zen ordea, ia-ia burdinaren parekoa, eta hala 1950ean berritu egin behar izan zuten gurutzearen zati metalikoa, erabat herdoilduta zegoen eta ordurako.

Kontuan hartzeko

  • Arrolamendiko iturria. Bideko iturririk ederrena Arrolamendikoa da, harrizkoa. Tontorretik hirurogei metro jaitsi behar da topatzeko, gezidun seinale batek adierazten duen moduan.
  • Zati bat egiteko aukera. Ibilbide osoa egiteko gogorik ez duenak zati bat egin dezake: Urtatzatik Kimuberri aterpetxeraino edota Urtatzatik Korostiraino. Azken hori aldapatsuagoa da eta basoan barrena egiten da zatirik handienean. Aurrenekoak Deba bailarari begiratzen dio, bigarrenak Txindokiri eta Aralarri.
  • Udanaraino jaisteko aukera. Sasoiko dagoenak, Udanaraino luza dezake ibilbidea. Korostik 951 metro dauzka eta Udanak 515. Beraz, jaitsiera zakar samarra da, eta oso erne ibili beharra dago pinuetako pintura markei jarraitzeko.
  • Inspirazio iturri ere bai. Ez da harritzekoa gaurko ibilbideak poetak inspiratzea, esate baterako Jose Luis Padrón, zeinak honako hau dio bere “Biderako kanta” poeman: «Korostitik Arrolara, gogoaren larrosak, begiek utzitako hondarrak. Korostitik Arrolara, belarrezkoak nire oinak, amodioarena arnasa. Korostitik Arrolara, zure bihotza da mundua, eta mundua da nahi dudana. Korostitik Arrolara, egunsentiaren semea naiz, eta ilunabarraren alaba…»

Fitxa teknikoa

  • Iraupena: 03:30h
  • Luzera: 10,1 Km (joan-etorria).
  • Goranzko desnibela: 470 metro.
  • Zailtasun teknikoa: Ertaina.
  • Oharrak: Bi zentzuetan egin daiteke. Itzala bilatuz gero, Urtatzatik Korostira ia dena baso da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>