«Aikur erle museoak ikaragarri aberastu gaitu eta asko ikasi dugu»

Josune_Epelde

Josune Epeldek (Aizpurutxo, 1953) eta Elias Otegi haren senarrak Aikur museoa ireki zuten 2007an, erleen mundua ezagutzera emateko. Ordutik, milaka lagun pasa dira Urretxuko museo honetatik. Epeldek erretiroa hartzea erabaki du eta uztailaren 31n museoa itxiko dute. Bien semeak,  Aitor Otegik, erlezaintzan jarraituko du.

Non lan egin zenuen erlezaintzan hasi arte?
Batxilergoa ikasi ondoren, Zumarragako Urdangarin arropa-dendan lan egin nuen. Ondoren, etxean lan egin nuen: lanik gabe gelditu nintzen, semeak jaio ziren…

Nolatan hasi zineten zu eta zure senarra erlezaintzan?
Aizpurutxo aldean beti egon dira erleak eta osaba-izeba batzuen bitartez gu ere horretan hasi ginen. Egia esan, ofizioa Eliasek (Elias Otegi, senarra) hartu zuen. Izeba bati laguntzen hasi zen, erle bat jarri zuen, ondoren erle gehiago izan zituen… Materiala gordetzeko toki bat behar genuen eta Aikur eraiki genuen. Bertan, eskola umeak ekartzeko toki bat prestatu genuen 1995ean. Ordurako Baserria Natur Eskola Bizia egitasmoa martxan zegoen eta talde horretan sartu ginen. Garai hartan astegunetan bakarrik lan egiten genuen eta ikastetxeak, euskaltegiak… hartzen genituen.

Handik urte batzuetara, museoa ireki zenuten.
Lenbur fundazioaren laguntzarekin prestatu genuen, 2007an. Astegunetan taldeak hartu izan ditugu eta asteburuetan nahi duten guztientzat ireki dugu.

Beti garrantzi handia eman diozue erleen mundua ezagutzera emateari. Zergatik da horren garrantzitsua erleen mundua ezagutzera ematea?
Jendeari ikaragarri gustatu zaio erleen mundua, beraien antolaketagatik eta komunikatzeko duten moduagatik. Aikurrera etorri diren bisitariek erleak oso garrantzitsuak direla ulertu dute, naturan egiten duten polinizazio lanagatik. Hau izan da Aikur museoaren ekarpen nagusia. Bestalde, erleek ekoizten dituzten produktuak ezagutzera eman ditugu.

Eta zuei, zer eman dizue Aikur museoak?
Ikaragarri aberastu gaitu. Asko ikasi dugu. Izan ere, museoan lan egiteko, gure burua prestatu behar izan dugu: gauzak nola azaldu ikasi behar izan dugu. Museo batean gai horri buruzko guztia ondo jakin behar da. Izan ere, bisitariek ahalik eta zerbitzu onena merezi dute eta errespetua zor zaie. Gainera, Aikurrera aditu asko etorri dira. Oso urte politak izan dira.

Zenbat jende pasa da Aikurretik urte hauetan guztietan?
1995etik gaurdaino 45.000 pertsona baino gehiago pasa dira: 30.000 ikasleak dira, eta 15.000 asteburuetan pasa diren bisitariak. Aikurrera etorri diren gehienak gipuzkoarrak dira, baina Bizkaitik ere jende asko etorri da. Baita Arabatik ere.

Euskal Herrian ba al daude erleei eskainitako museo gehiago?
Araban, Murgia herrian, antzeko museo bat dago. Eztiaren Museoa deitzen da eta ez dute erlerik. Beraz, ez dago erleek nola lan egiten duten ikusterik. Nafarroan, berriz, museo etnografiko bat dago.

«Jendeari asko gustatu zaio erleen mundua, beraien antolaketagatik eta komunikatzeko duten moduagatik»
«Orain arte egin ez ditudan gauzak egiteko denbora edukiko dut, baina oraindik ez dut plan handirik egin»

Zergatik erabaki duzue Aikur museoa ixtea?
Lenbur fundazioak eskaini dizkigun aukerak ez dira gure gustukoak izan eta jubilatzeko asmoa dut. Semeek ez dute jarraitzeko asmorik azaldu. Aitorrek (seme nagusiak) ezti ekoizpenaren ardura hartu du eta horrekin nahikoa du. Ezin ditu bi gauzak batera eraman. Museoa lotua da eta museoan lan egiten ari zaren bitartean ezin zara ezti ekoizpenaz arduratu. Aitorren erabakia oso ondo ulertzen dugu eta beste bi semeek beraien lanak dituzte. Museoa ixteak pena ematen digu, baina ezin dugu jarraitu.

Aipatu duzun moduan, museoko lanaz gain, eztia eta beste produktu batzuk ekoizten dituzue.
Geroz eta erlauntza gehiago ditugu eta lan egiteko modua etengabe hobetu dugu. Hasieran Eusko Label-en sartu ginen eta ondoren ekologikoan, kalitate zigiluarekin. Aitorrek bere lana utzi du eta hortik bizitzea erabaki du. Azken urteotan ekoizpenak gora egin du eta oso gustura dago.

Nola lan egiten duzue?
Urtean zehar erleak tokiz aldatzen ditugu loraldi ezberdinetara. Urte hasieran erle batzuk Nafarrora eraman ziren. Han egin duten eztia jaso dugu eta orain erle horiek Arabako mendietan daude.  Gipuzkoan daudenei aste honetan jasoko diegu eztia. Ondoren, horiek ere Arabako mendietara eramango ditugu. Irailean hasiko gara uztailean eta abuztuan Araban haritzarekin eta txilarrarekin egin duten eztia jasotzen eta negurako berriro Gipuzkoara ekarriko ditugu guztiak. Horrela lortzen da ezti ezberdinak jasotzea.

Gizartea erleek egiten dituzten produktuek dituzten onurez jabetzen ari da, beraz.
Bai, onurez jabetzeaz gain, kalitatea  gero eta gehiago baloratzen du.

Non saltzen duzue Aikur eztia?
Hemen inguruko dendetan, batez ere: Goierrin, Debagoienan eta Urola Erdian. Museoan ere dezente saltzen da eta kontsumo taldeei ere asko zor diegu.

Erretiroa hartu ondoren zer egin behar duzun pentsatu al duzu?
Orain arte egin ez ditudan gauzak egiteko denbora edukiko dut, baina oraindik ez dut plan handirik egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>