1985eko azaroa zen eta Filosofiako ikasketak amaituta, amaituak ziren, baita ere, luzapenak. Azkenean, Espainiako Armadan sartzeko unea iritsia zitzaidan.
Psikiatra baten bidez soldadutzaz libratzeko aukera baztertuta, jarrera filosofikoarekin bat zetorren aukera hartu nuen: «Joan zaitez, esperientzia bizi eta ondorioak atera, motel, eta Nietzschek esandakoari jarraitu: akabatzen ez zaituenak indartsuago egingo zaitu». Bazeuden aukera berri baten lehenengo aztarnak, urte batzuk beranduago derrigorrezko soldadutzaren kontrako borroka irabaziko zuen intsumisoen mugimendua. Baina soldadutzak beldurra ematen bazidan, are gehiago kartzelak! Gainera, zertaz kexatu? Gasteizen tokatu zitzaidan eta «hamahiru hilabete baino ez» nituen egin behar.
Beraz, hara joan eta esperientzia bizi izan nuen. Ondorioak? Bai, asko, baina bat aukeratuko dut: aurreiritziak deuseztatzeko, pertsonari begiratu behar zaio eta ez bere talde edo bandoaren arabera juzgatu. Arakako C.I.R hartan (Centro de Instrucción de Reclutas) agintari militarrak eta agindupekoak zeuden, baina bi talde horietan denetik zegoen: jende burutsua eta ergela, jende garbia eta ustela, jende zintzoa eta zitala. Adibidez, bazeuden beterano batzuk soldadu berriei hasiberriaren (novatada) krudelak egiten zizkietenak.
Behin baino gehiagotan esaten nien gaizki pasatu arren ez gaiztotzeko, horixe izan zitekeela soldadutzaren helburu bat. Ba, askoz okerrago konpontzen nintzen «nire bandoko» beterano horiekin (eta, adibidez, lizenziatzeko zorian zegoen eta horregatik nire bota berriak kendu nahi zizkidan Azkoitiko astakirten batekin), euskara ikasi nahi zuen arabar abizeneko kapitain batekin (Xabier Gereñoren Método de euskara oparitu nion!) edo Espainiako historia dekadenteaz kezkatua zegoen eta nirekin eztabaidatzen zuen teniente batekin baino.
Dena dela, agian musikazalea nintzelako (banderaren zina txistua joz egin nuen) eta teatrogintzan ibilia nintzelako, aitortu behar dizuet musika militarrarekin desfilatzea izugarri gustuko nuela eta gogoa gartsu joaten nintzela ezker-eskuin fusila hartuta. Hori bai, tiroak egitera joaten ginenean, begiak itxita husten nuen kargadorea, nire sugarra ez baitzen gerrazalea, teatral-musikala baizik. Emakumeek desfilatu nahi dutelako haserretzen direnek horrelako sugar gehiago beharko lukete, eta gutxiago azaltzen duten «sugerra». Horregatik, sarjentu zakar eta petral batekin bidaliko ditut bando berera!