Txindoki, izaki mitologikoen bizitoki

TXINDOKI_EDO_LARRUNARRIEsan liteke adituen artean, eta baita herritar jantzien artean ere, erabateko adostasuna dagoela Aralarko mendi mitikoaren berezko izena Larrunarri dela baieztatzeko garaian, eta ez Txindoki. Lope Martinez de Isasti historialariak hala adierazi zuen 1625. urtean. Juan Inazio Iztuetak ere bai, 1847. urtean idatzi zuen Guipuzcoaco condaira liburuan. Ehun urte beranduago, 1940. urtean Juan Arin Dorronsorok egindako plano batean, Ñuñarri (Larrunarriren aldaera) jaso eta adierazi zuen garbi. Ataungo ikertzailea, gainera, toponimia kontuetan jakintsua zen. Gaur egun, bestalde, Txindoki izena oso errotua eta zabaldua badago ere, izen zaharra Larrunarri dela adierazten da formatu desberdinetan: mapetan, hiztegietan, testuetan…

Zer dela eta, hortaz, Txindoki izenaren arrakasta eta tiradizoa? Zer da berez Txindoki? Non dago? Aspalditxoko galdera horien erantzunen bila abiatu nintzen opor hauetan. Ez dakit auzia erabat argitzerik lortu dudan, baina kontu interesgarriak lortu ditudala uste dut.

Zorionez, Abaltzisketako Altunetxeko Jose Antonio Garmendia Artolarekin eta Aralarko Beltzulegiko Abel artzainarekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta adierazi zidaten, haien iritzian, etxean eta inguruan horrela entzun dutelako, Txindoki borda baten izena dela, Larrunarriren ekialdeko mendi-hegalean, Amezketako partean, tontorretik 500 metrora eta asiento batean dagoena. Gaineratu zidaten borda horretatik gertu Marizulo izeneko haitzuloa dagoela.

Txindoki, saroia izateko desegoki

Aipatutako lekura joan, eta konturatu nintzen inguru hura saroi bat izateko leku aldrebesa dela eta arraroa dela Txindoki izena bordatik sortua izatea. Amezketako dokumentazio zaharra eta mapak aztertuta ez dirudi saroi historiko bat denik ere. Haren ezaugarriek (lur malkartsuak, amildegia, belardi gutxi) ez dute laguntzen. Zaila da, gainera, Txindoki izena han ikusten den ezerekin lotzea. Alabaina, izenaren jatorria hor nonbait behar zuen, urrutira gabe.

Inguru horrek ez du ezer berezirik, ez bada epaitza eta malkarra, eta… beste elementu bat, informatzaileek aipatutakoa: Mariren zuloa. Eroritako etxolatik gertu samar dago, leku txar batean. R.M. Azkue eta J.M. Barandiaran ikertzaileek aipatu izan dute euren lanetan, hainbat istoriorekin lotuz. Azkuek Txindokiko Maria ipuina ere jaso zuen 1935eko lan batean. Hori dela eta, ematen du loturaren bat egon behar duela Txindoki eta Marizuloren artean.

Kontuak kontu, Txindoki izenak, arrazoi bategatik edo besteagatik, indar bizia zuen edota hartu du inguruko bizilagunen artean eta, azkenean, mendiaren berezko izena ordezkatzera ere iritsi da, beste leku batzuetan bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>