Lanean ere emozioak puri-purian

Miren-EstensoroMiren Estensoro Garcia • Ekonomia ikertzailea

Uztailean eta irailean zehar Gipuzkoako eskualde ezberdinetan enpresa txiki eta ertainetako arduradunekin biltzeko aukera izan dut, Foru Aldundiak bultzaturiko proiektu baten aterkipean. COVID-19aren krisiak euren enpresarengan izandako inpaktua gertutik ezagutzea zen helburua.

Gizartearen geldialdia medio, ekonomiak, eta ondorioz, sektore gehienetako merkatuek, etena bizi dute. Batzuk, ziklo motz edo luzeko merkatuak izanik, etena lehenago edo beranduago pairatzen ari dira. Aldiz, ekonomia jardueraren etsai handienetakoa den ezjakintasuna nonahikoa da denean. Ezjakintasunak, enpresaren jardueran dituen inplikazioez haratago, beldurraren emozioa sortzen du guregan. Eta horrela, beldurra nahiz pizturiko beste emozioen kudeaketan jarduteko premia agertu da, baita lanean ere!

Martxotik hona, lantaldearen sostenguaren beharra, konfiantza indartu edo komunikazioa hobetzea eragin duten gardentasun ariketak, ez ohikoak diren jardunetan erantzukizun eta inplikazioa areagotzea edota pertsonen ongizatea babesteko neurri eskaerak (osasuna bermatu edota kontziliazioa erraztuz kasu) eguneroko bilakatu dira. Horra hor zaintzaren ekonomia non azaleratzen den berriro ere.

Honek guztiak ez du kentzen merkatuaren geldialdiari aurre egiteko, gure enpresek, estrategia edota plangintza berriak lantzea ezinbesteko izango dutela, noski. Berrikuntza, merkatu dibertsifikazioa edota lankidetzak giltzarri izaten jarraitzen dute egoerari aurre egin nahi badiogu, inoiz baina gehiago seguruenik. Baina emozioen kudeaketarako gaitasunak epe luzera duen balioa azpimarratu nahiko nuke gaurkoan hemen. Are gehiago, puska batean behintzat, birusarekin bizikidetza besterik ez baitzaigu geratzen.

Enpresa txiki bateko buru den batek zioen moduan, galdera zera da: pertsona modura eta gure enpresak ongizate iturri ere izan daitezen, gure alboko eta ondorengoentzat ikasi al dugu zerbait COVID-19a dela eta? Haratago joanda; Nola sentitu gara lanean? Zein behar sortu dizkigu honek guztiak lan esparruan? Enpresak pertsonak baitira eta pertsonak emozioak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>