Tobera musika eskola, arigunea

toberamusika
Tobera Zeraingo, Zegamako, Mutiloako eta Segurako musika eskola arigunea izango da Euskaraldian. Euskaraz bizi dira bertan eta, klaseak euskaraz izateaz gain, bilerak, aktak eta harreman informal zein formalak euskaraz egiten dituzte. Iker Gomez de Segura zuzendariak azaldu du «berezkoa» duten hori jendaurrean aurkezteko izango dela ekimena: «Aukera hori baliatuko dugu bestela ere egiten dugun hori erakusteko».

Euskara lehenesten dute eskolan, eta, ahal dela euskaraz egiten ez dutenengan eragiten saiatzen dira hizkuntza eskubidea aldarrikatzeko: «Aseguru polizak, aholkularitza gaiak edo prebentzio zerbitzuak euskaraz izateko nahikoa komeri izaten dugu», azaldu du zuzendariak. Euskarari ez ezik, euskal kulturari ematen diote garrantzia orokorrean lana egiterakoan: «Euskal piezak bermatzen ditugu eta gainera horrelaxe egitea ateratzen zaigu».

Toberak herriaren aldeko apustua egiten duenez, euskararen aldeko apustua ere egiten du, Zerainen, Zegaman, Mutiloan eta Seguran «naturalena» euskaraz egitea delako: «Toberaren estiloa da herritarren eta herriaren beharretatik gertuen egotea». Gomez de Segurak nabarmendu du, dena den, «zoritxarrez» euskararen egoera Euskal Herri osoan ez dela berdina, eta  horregatik, elkartasunez egin beharreko ariketa dela Euskaraldia: «Uste dugu elkartasunez ekarpen hori ere egin beharra daukagula euskararen alde, ez bakarrik posible delako, baizik eta onuragarria delako eta gertutasunezko eta kalitatezko harremanak eraikitzeko tresna oso baliagarria delako euskara».

Erakundeen konpromisoa

Zuzendariak agertu du hizkuntza ohiturak aldatzea erakunde zein enpresen zeregina ere badela: «Askotan norbanakoari erreparatzen zaio, baina zama hori ez da indibidualki izan behar, instituzionalki ere pausoak eman behar dira». Horrela, ariguneen ariketaren bitartez «norbanakoei zama kentzea» lortzea espero du: «Indibidualki erantzukizuna eta ardura badaukagu, baina sarri egoerak berak ez digu uzten».

Euskaraz sozializatzeko tresnak sortzea ezinbestekoa da egunerokotasunean erabilera areagotzeko, eta norbanakoez gain, erakundeen inplikazioa ezinbestekoa da hori bideragarria izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>