Telegrafia, duela 160 urteko emaila

NORTEKO_TRENBIDEA_ORDIZIAN

Trenbideen eta errepideen ertzean luzatu zituzten telegrafia hariak. Argazkian, Norteko Trenbidea Ordizian, XX. mende hasieran. Bigarren karrila 1912an ipini zuten, eta 1929an argindar katenaria. / Ordiziako Album Familiarra

Komunikatzeko modua eta mezularitza irauli zituen telegrafia elektrikoa, Samuel Morse asmatzaileak (Boston, 1791-New York, AEB, 1872) beste batzuekin batera 1837an asmatu zuenetik. 1844an lortu zuen lehenbiziko telegrama bidaltzea, hari bidez. Berehala zabaldu zen, mundu osora. Morse kodea ere asmatu zuen. 1850ean Frantzia eta Ingalaterra itsaspetik lotu zituzten, eta 1866an Europa eta Amerika.

Goierri, orduan ere, Iberiar penintsulako lehenengoa izan zen komunikazio-teknologia berria probatzen. 1854an eraiki zuen Espainiako Gobernuak estatuko aurreneko linea, Madrildik Irunera. Bidean zen Goierri. Orduantxe ari ziren Norteko Trenbidea ere eraikitzen, eta trenbidearen eta errepideen ertzetan luzatu zuten metalezko haria, egurrezko zutoinetan pausatuta.

1854ko azaroaren 8an bidali zuten lehenengo telegrama, Isabel II.a erreginak Espainiako Gorte Konstituziogileak irekitzeko egindako hitzaldia. Arrakasta ikusita, telegrafia optikoko sarea ordezkatuko zuen telegrafia elektrikoarena sortzea erabaki zuten. Madril probintzia-hiriburu guztiekin lotzeko legea 1855ean onartu zuten.

Tarifa merkeen politika

Hasieran, telegrama ofizialak bidaltzeko bakarrik erabili zuten telegrafia elektrikoa. Baina erabilkortasuna berehala ikusi eta bilatu zioten hainbat lanbidek. Kazetariak eta burtsako operatzaileak izan ziren telegramen berehalakotasunaren onurez lehenbizi baliatu zirenak. Nazioarteko komunikazioa ere ahalbidetu zuen, nahiz eta teknologia desberdinak erabiltzeak zaildu zuen.

Estatuko telegrafia sarea radiala bazen sorreran, 1857an zeharkako beste linea batzuk luzatzen hasi ziren. 1864rako sare konpletoa zegoen, 10.000 kilometro linearekin eta 194 bulegorekin. Urtean milioi bat telegrama bidali zen.

Mende aldaketarako, erabat sendotuta zegoen telegrafia. 1860tik 1900era sozializatu egin zen, tarifa merkeen politikarekin. 1861ean, hamar hitzeko telegramaren prezioa 5 errealean mugatu zuten; lau urteren buruan, 4 errealera merketu zuten, eta 1900era arte eutsi zion bere horretan. XX. mendearen lehen herenean, klase xumeenek ere erabili zuten. Urrezko aroa 1875-1924 zen.

Goierrin, Madril-Irun linea 1854ko apirilaren 17an inauguratu bazuten (600 kilometro zituen, Altsasu-Bilbo adarra barne), probakoa izan zen. 60 urte baino gehiagoan urrutiko komunikazio-bide azkar bakarra izan zen. Gipuzkoan telefonoa 1909an ezarri zuten, Donostiarekin 28 herri konektatuta; tartean Beasain, Ordizia eta Ataun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>