Aldatu dira, aldatu direnez

Indalecio Ojanguren funtsa.

Gaintza. Indalecio Ojanguren funtsa.

Baserrietan eta mendian kalean baino jende gehiago bizi zen Goierri hura 1901ean hasi zen aldatzen, bigarren industria iraultza berantiarra iristean. Martin Garcia Garmendiak garaiko bizimodua jaso du ‘Goierri mende bat lehenago’ kaieran posta-txarteletako irudiak erabiliz.

Tokiko historiaren eta etnografiaren maitale eta bildumazale amorratua da Martin Garcia Garmendia (Beasain, 1944).  Orain hogei urte argitaratu zuen lehen liburua Fernando Laborderekin elkarlanean (Beasain 1900-2000, ehun urteko historia iruditan), eta orain hilabete  hamargarrena: Goierri mende bat lehenago. Lemniskata Kaierak bildumaren laugarren alea da, eta 1900-1920 epealdiako Goierriren izaera eta nolakotasuna aletzen ditu. Testuz arina da –ordubete inguruan irakur daiteke–, eta irudietan dago mamia, posta-txarteletan.

Bere garaian fototipia teknika erabiliz egindako argitalpen artistikoak dira posta-txartelak, orduko argazkilariek haien kabuz zein enkarguz egindakoak. «Irudi horien bidez ezagutu daitezke gure ohiturak, arkitektura, paisaiak, garaiko pertsonaia ezagunak… eta baita gizarte haren egunerokotasuna ere». Bigarren industria iraultza berandu iritsi zen Goierrira  –Europara 1870ean–, artean industria mundua eta baserri giroa erdibituta ageri ziren garaian. Horregatik dio Garciak «erronka handia» izan dela orain mende pasako Goierri posta-txartelen bidez erakusteko lana, artean Gipuzkoako leku turistiko batzuetan lantzen baitziren soilik.

Maquetación 1Atera kontuak,  bainuetxeari eta trenzubiari esker Ormaiztegi zen orduan kutsu turistikoa zuen herri bakarra, eta informazio grafikoa ugari du. Beasain, Ordizia, Zumarraga eta Legazpi «trenbidearengatik eta industriarengatik hazten hasitako herri txikiak» ziren artean, eta horien irudi asko ere ez dago. Pentsa, hortaz, gainontzekoetaz. Jende askoren laguntza bildu du beasaindarrak 144 orrialdeko liburuxka hau ontzeko – «sei hilabeteko lana, ez da asko izan» –, eta esker berezia egin nahi dio Ander Iurrita ormaiztegiarrari. Haren bildumakoak dira argitaratutako 59 irudi, egilearenak 37 eta beste asko Indalecio Ojangurenenak, Gipuzkoako Artxibo Orokorretik hartuak.

Eta Goierriren lurraldetasunari ere erreferentzia egiten dio Garcia Garmendiak, Urretxu, Zumarraga eta Legazpi ekarri baititu. «XX. mende hasieran herri horiek Goierri Garaia izenpean ageri dira, nahiz eta Urola ibaiaren haranean egon. Diputazioak ere hala dauka jasota eta onartuta». 23 herrietako 150 argazki 16 paneletan ere atondu ditu Lemniskata Zientzia Sare herrikoiak erakusketa modura herriz herri eramateko. Beasaingo Igartzako Monumentu Multzoko errotan egon da erakusketa abenduaren 1era arte, abenduaren 15era arte Lazkaoko kultur etxean dago ikusgai, eta 16tik aurrera Ordiziako Barrenan izango da.

Bilduma herriz herri eramateko prestutasuna du Lemniskatak. Liburuxka, berriz, 5 euroan eskura daiteke. lemniskatasarea@hotmail.com posta elektronikora idatz daiteke harremanetan jartzeko. Elkarteak 10 urte beteko ditu 2021ean, eta dagoeneko urteurreneko lanak prestatzen hasiak dira.

Testuinguru soziekonomikoa

Nekazaritzak eta abeltzaintzak berealdiko garrantzia zuten Goierrin 1900. urtearen inguruan. Baserriak kale-etxeak baino ugariagoak ziren –1.800 baserri inguru Goierrin, Gipuzkoan 12.000–, eta biztanleriaren %30-%40ak lehen sektorean lan egiten zuen artean. Horrez gain, Aralar, Aizkorri eta eskualdeko beste goi eremu batzuetan artzaintza jarduera nabarmena zen. «Garai hartako lantegirik handiena aire librean zegoen. Ordura arte artzaintza garai bateko eran egiten zen, 5-6 hilabete egiten zituzten mendian, zotalezko teilatudun txaboletan biziz».

Urtebetera iritsi zen Goierrira bigarren industria iraultza, SECM (Sociedad Española de Construcciones Metalicas, gerora CAF) sortu zenean. Baserrietan goldearekin, arearekin, alperrarekin eta laiarekin lan egitetik eta  ibilgailu bakartzat gurdia erabiltzetik, Goierriko bizimodua izugarri irauli zen hurrengo bi hamarkadetan. Zerbitzuen sektorea nabarmen hazi zen urte horietan –1920ean goierritarren %40 ari zen sektorean–, eta zer esanik ez industria. Baserri giroko familiek nekez uztar zitzaketen baserriko lanak fabrika berriek eskaintzen zizkietenekin. Zazpi izan ziren eraldaketa hori eragin zuten gertakariak, kaieran jasoak zazpiak.

Ordena publikoaz eta lurraldearen administrazio lanak egiteaz, berriz, Mikeleteak arduratzen ziren. Zeregin hori bete zuten 1882tik 1937ra.

Argiteria, eta ura etxeetara

Maquetación 1Antzina eraikitako errotak eta burdinolak direla eta, zentral eletrikoek tradizio handia izan dute Gipuzkoan –Ingalaterran sortu zuten lehena, 1880an–. Andoainen sortu zuten Gipuzkoako aurrenekoa 1890. Goierrin, errota zaharrak eta industriatik autonomoak ziren zentral txikiak izan ziren baserri eremuak elektrifikatzeko oinarria. Lanaldia amaitu ondorengo orduak baliatzen zituzten lan horretarako. Erroten artean, Aramako Ibaresko errota nabarmendu daiteke. Industriari lotutako bailarako lehen zentral hidroelektrikoa SECM enpresak sortu zuen Zaldibiako Arkaka natur eremuan, 1904an, Pelton teknologia erabiliz. Argiteria publikoaren elektrifikazioa lorpen handia izan zen. 1904an iritsi zen. «Beasain, Ordizia eta Lazkaoko pulpituetatik esan zen, igandeko mezetan, argindarra zetorrela, eta kontuz ibiltzeko argindarra zekarten zutoinekin. Indar arriskutsu eta ezezaguntzat jotzen zen».

Norbanakoen iturrietatik eta iturri publikoetatik ura etxeetara eramaten hastea ere «aurrerapen handia» izan zen, etxe berrien eraikuntzaren ondorioz biztanle kopurua ere hazten hasi baitzen industria eta burdinbidea ezarrita zuten herrietan. Beasaingo biztanleria %60 hazi zen 1900-1910 urteen artean, eta udalerriz kanpoko hainbat iturburutatik elikatzen zen ur-depositu handi bat eraiki zuten. Beasainek Albistur ingurutik ura ekartzeari ekin zion, mendian bederatzi kilometroko hoditeria jarriz. Beasainen 1909an hasi ziren etxe barrenetara ura eramaten, Lazkaon 1911n… Ordiziaren kasuan Kale Nagusiko etxe batzuk izan ziren ur-sarera lotzen lehenak.

Ibaietatik udal garbitegietara

Ura etxeetara heltzen zihoan heinean, desagertuz joan zen herrietan egunean bi aldiz iturrira joateko beharra. Emakumezkoen lana izaten zen, batik bat. Eta emakumeen bizitza ongizatea hobeto zuen beste azpiegitura bat udal garbitegien sorrera izan zen. Oso ohikoak ziren XX. mendearen hasieran Goierriko ibai eta erreka ertzetan arropak garbitzen zituzten emakumeen irudiak. Emakume garbitzaile horiek zuten garrantziaren erakusgarri izan zen Mutiloako Troi meategian mea garbitzearen ondorioz Oria ibaiko ura zikin etortzen zelako egin zituzten protesta ugariak. Gobernadoreak esku hartu behar izan zuen, eta azkenean debekatu egin zuten mea garbitzea, 1905ean.

Beasaingo emakumeak, esaterako, Agauntza errekara joan behar izan zuten garai hartan arropa garbitzera, eta Ordiziakoak Amundarainera, Arkarte parera. Lehen hamarkada hartan hasi ziren udalak garbitegiak egiten. Emakumeek aterpean garbitzen zuten arropa, eta oinak eta oinetakoak lehor izateko isurbideak zituzten.

Mugikortasuna eta komunikazioa

XX. mendearen hasieran ikusi ziren lehen ibilgailu motordunak Goierrin. 1905ean 114-115 besterik ez ziren Gipuzkoan matrikulatuta zeuden motordun ibilgailuak, eta aldaketa bazetorren ere, lan asko egiten zuten artean antzinako zalgurdiek eta animaliek tiratutako kotxeek. Baina 1920-30 hamarkadaren hasieran, bidaiarientzako lehen autobus motordunak erregulartasunez funtzionatzen hasi ziren, zalgurdiak bigarren mailako bideetan ibiltzera behartuz.

Burdinbideko Norteko Konpainian lurrunetik elektrizitatera igarotzea gertaera tekniko garrantzitsua izan zen XX. mende hasierako Goierri hartan. Irun-Altsasu arteko zatia 1929an inauguratu zuten. Gipuzkoan baziren, ordea, metro bateko zabalera zuten zenbait burdinbide elektriko. Zumarraga-Zumaia linea (Urolako trena izenez ere ezaguna) izan zen estatuko lehen trenbide elektrikoetako bat. 1926ko otsailaren 22an inauguratu zen, eta aldundia izan zen bultzatzaile nagusia.

Telefonoa 1909an iritsi zen Goierrira, telegrafoaren kaltetan. Beasain, Ordizian eta Ataun –garai gartan Goierriko herririk jendetsuena– izan ziren Donostiarekin telefono linea izatea lortu zuten Gipuzkoako lehen 28 herritatik hiru. Zentralitara joan behar izaten zen telefonoz hitz egitera. 1915ean, berriz, telefonoa herrialdeko herri guztietara zabaldu zen. Linea telefonikoak 1.884 kilometroko luzera zuen.

Frantziatik etorritako hezkuntza

Orain arte aipatutakoak lorpen materialak izan badira, bada Goierriren garapenean arrastoa utzitako bestelako gertaera bat. Frantziako III. Errepublikak Eliza eta Estatua Bereizteko Legea onartu zuen 1905ean, eta horren ondorioz, hango ordena erlijioso asko kokatu ziren Euskal Herrian, neska-mutilentzat ikastetxe ugari sortuz. Izaera erlijiosoa izan arren, ikastetxe horietako hezkuntza garai hartan Goierrin irakasten zena baino «kalitate handiagokoa» zen. Gainera, ikastetxe eta maisu-maistren premia handia zen, eta «oso onuragarria» izan zen bailararen garapenerako.

Bigarren industria iraultza berantiar horren aldaketa ezagutu zuen lekuko zuzenen ezean, halako bildumak dira Goierri osoaren ezagutza eta goierritar izatearen oroitza gordetzen dutenak. Azaleraz ez akaso, baina kopuruz nabarmen aldatu dira herriak, aldatu direnez.

Datu jakingarriak

  • Biztanleak, hiru aldiz gutxiago. Goierriko 23 udalerrietan 23.542 biztanle bizi ziren 1900. urtean. Gaur egun hiru aldiz jende gehiago bizi da, 70.000 inguru.
  • Ataun, herririk jendetsuena. Ataunek 2.667 biztanle zituen, Zegamak 2.055, Zumarragak 2.034, Beasainek 1.932 eta Idiazabalek 1.423.
  • Arama, biztanlerik gutxikoena. Aramak 124 biztanle zituen, Altzagak 178, Gaintzak 390, Olaberriak 486 eta Mutiloak 524.
  • Baserriak, kale-etxeak hiru halako. Zenbait herriren datu zehatzen faltan (1900-1920 epealdia), 550 kale-etxe zeuden Goierrin, eta 1.800 baserri inguru.
  • Baserri gehien, Idiazabalen. Idiazabalek 178 baserri zituen orain mende bat, Ataunek 176, Zegamak 175, Legazpik 156 eta Beasainek 130.
  • Kale-etxe gehien, Ordiziak. Ordiziak 157 kale-etxe zituen (hiribilduan gehienak), Ataunek 123, Segurak 94, Beasainek 89 eta Urretxuk 84.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>