Burdingintzaren azken lekukoen aztarnak

DCIM100MEDIADJI_0389.JPG

Legazpin garrantzi handia izan zuen burdingintzak antzinan, baina jarduera haren aztarna gutxi geratzen dira gaur egun. Olaberria burdinolak mantendu ditu iraganeko hainbat elementu, baina zaindu behar dira.

Legazpiko Olaberria burdinolaren aztarnak arriskuan daude, garai batean haren gainean egindako eraikuntza erortzear dagoelako. Hori dela eta, Burdinola elkarteak kanpaina bat abiatu du, herriko eta bailara osoko historiaren eremu horri balioan eman  eta desagertu ez dadin. Iazko urrian Beatriz Herreras urretxuar historialariak egindako Olaberriko burdinola berreskuratzearen garrantzia hitzaldia izan zen abiapuntua. Abenduan artikulu bat eskaini zion Txinpartak aldizkariak.

Izen bereko auzoan dagoen Olaberria burdinola eta horren ingurua ur ibilguetan garatutako burdingintzaren lekukoetako bat da, Arabaolatzanea, Olazar, Elorregi, Araiztegi, Mirandaola, Bikuña, Plazaola, Matxain, Mendiaras eta erabat desagertuta dauden Masukariola eta Bengola inguruak bezala. Antzinako burdingintzaren lekukotasun horretan datza hain zuzen Olaberriaren garrantzia, baita historian zehar izan duen bilakaeran ere, Gipuzkoako osoko gizartearen bilakaeraren isla delako.

Ondo gordetako aztarnak

Olaberria oso ondo zaindutako burdinola da, gainean etxe bat eraikitzeak lagundu egin zuelako elementu gehienen kontserbazioan. 1995ean auzolandegi baten bidez egindako jarduketa arkeologikoak eta 2000. urtean Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzendutako indusketak ere izan dute eragina burdinola zaharraren egoera onean.

Olaberria oso ondo zaindutako burdinola da, antzinako hainbat elementu agerian ditu eraikinaren sotoan

Burdinolek izaten zituzten ia elementu guztiak mantentzen ditu Olaberriak, baina bistarako ezkutuan daude; eraikinaren sotoan ditu gordeak altxorrik handienak. Planta osoa mantentzen du, eta agerian ditu barrualdeko tunel hidraulikoa, tailerra eta ikaztegia izandakoak, baita olatxoa hartu zuen ondoko eranskina ere. Kanpoaldean, berriz, aldaparoaren aztarnak ikusten dira. Burdinolara ura eramateko Urola ibaian eraikitako presa aspaldi eraitsi zuten, eta aldaparora zihoan ubideko pareta ikusgai dago hainbat tartetan, eta burdinolaren jabeen etxeak ere zutik dirau auzoan.

Brinkola auzoan dagoen Olazarrekin batera, aztarnak gordetzen dituen bakarra da Olaberria.

XV. eta XIX. mendeen artean

Olaberria burdinola XV. eta XIX. mendeen artean egon zen martxan; lehen aipamena 1426. urteko dokumentu batean jaso zen. Hasierako urteetan eta XVI. mendearen bukaerara arte, jabeek beraiek ustiatzen zuten burdinola. Ekoitzitakoa merkatariei saltzen zieten zuzenean, eta bertan egindako burdin totxoak armagintzarako edo burdinazko tresnerian espezializatuta zeuden guneetarako izaten ziren; Gasteizera, Arrasatera, Bergarara eta Beasainera bidaltzen zuten ekoizpena.

XVI. menditik XIX.era bitartean, jabetza eta ekoizpen sistemak aldatu egin ziren burdinolan. Garai hartako leinu garrantzitsuek haien boterea erakusteko jarduera ekonomikoen jabe egiten hasi ziren, eta Olaberria Juan Lasalde eta Martin Lizarazuren eskuetan egon zen XVI. mendearen amaieran eta XVII. hasieran. Hainbat birmoldaketa egin zituzten bertan, besteak beste olatxo bat eraikitzea, burdinazko lan tresnak egiteko.

Lizarazuren oinordekoen ondoren, Angela Arriaranek eskuratu zuen burdinola eta bere maiorazkoari atxiki zion. Geroztik, Olaberria, familien arteko elkartze bidez, Legazpiko Bikuña leinuaren eskuetara pasa zen, eta azkenik Donemiliagako Markesen ondasunetara,  herrialdeko burdingintzarekin oso lotuta zegoen leinu batera hain zuzen ere. Aurrerago, Gaztelako Koroan pisu handia zuen Porcel sendiarekin elkartu zen Donemiliaga. Handik aurrera, Olaberria alokatzen hasi ziren, eta jabeek ez zuten harreman zuzenik ekoizpenarekin eta langileekin. Jabeak urruti bizi ziren, eta bitartekari batek gidatzen zituen haren gorabeherak. Kontuan izan behar da burdinola alokairuan hartzen zuen familia ez ezik, olagizonak, ikazkinak edo mandazainak ere ari zirela lanean bertan.

XIX. mendearen azken laurdenean, Olaberriak berriz ere jabego librearen izaera eskuratu zuen, eta leinu bati lotuta egoteari utzi zion. Garai hartan, burdingintza tradizionala desagertzen hasi zen eta jabetza indibiduala tarteko, jarduera aldatu: kartutxo fabrika, papergintza, errota…  Aurreko mendeko 1940eko hamarkadan etxebizitzak hartuko zituen eraikina egin zuten burdinola zaharraren gainean. Gaur egun hutsik dago, eta udalaren jabegokoa da. Duela hilabete batzuk eraikinaren teilatua erori zen.

Legazpiko_Olaberria_burdin(1)Tunel hidraulikoa

Olaberria burdinolaren makineria mugitzen zuen urarentzako tunel hidraulikoa ganga formakoa da.

Legazpi-Olaberriako_burdinolaTailerra

Burdinolako tailerraren aztarnak ere kontserbatzen dira Olaberriko eraikuntza nagusiko sotoan. Besteak beste, sutegia eta mailua egoten ziren tailerrean.

Legazpiko_Olaberria_burdin(2)Aldaparoa eta olatxoa

Eraikuntza nagusiaren kanpo aldean, aldaparoaren pareta zaharrak eta olatxoa egon zen eraikina zutik daude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>