«Ezkutuan nuen sortzaile sena ateratzeko balio izan dit itxialdiak»

Monika_Arratibel

‘Laino txiki egizu negar poliki’ ipuina sortu du Monika Arratibel Goñik (Ataun, 1989) Xabi Etxaniz ilustratzailearekin batera. Irakasle ere bada Arratibel, eta hasieran ipuina eskolako haurrei kontatzeko bazen ere, Durangoko Azokako Saguganbaran aurkeztu zuten urte amaieran. Izan duen arrakastaren «erresaka emozionala» pasatzen ari da, baina baditu beste hainbat ideia buruan.

Zure lehendabiziko ipuina argitaratu duzu Xabi Etxaniz azkoitiarrarekin batera. Nolakoa izan da prozesua?
Itxialdi garaian sortu genuen. Etxean geundela, Xabik whatsapp mezu bat bidali zidan: ‘Bazen behin negar egiten ikasi ez zuen laino bat’. Eta hortik segitzeko eta ipuina sortzeko esan zidan. Nik Azkoitiara bidaltzen nion ideia bat, eta berak Etxarrira beste bat bueltan. 24 ordu hori egiten aritu ginen. Elkarrekin egon gabe elkarrekin egindako ipuina da, eta whatsapp bidez egin dugu.
Ideia bidali zidan eta bost egunera Youtub-ra igo genuen bideoa. Lau egunetan egindako sorkuntza lana izan zen, baina 24 ordutan idatzitakoa, dena kolpetik eta barrutik ateratako gauzekin. Idatzitakoaz gain, Xabik ilustrazio ederrak sortu ditu. Lagunik gabe egiten duzunak baliorik ez duela islatzen du.

Inguru euskaldunik ez dutenek hizkuntza barneratzeko ipuina dela diozu. Ideia horrekin sortu zenuten?
Hori momentuko ideia izan zen. Oposaketak egin nituen orain dela bi urte, eta gai bat Haur Literatura zen. Ipuinak kontatzeko tekniken artean errepikapena asko erabiltzen nuen aurreko urteko eskolan, testuinguru erdalduna zutelako eta konturatu nintzen errepikapen teknika hori zuten ipuinekin haurrek kapaz ikusten zutela haien burua kontatzeko.
Lehenengo momentutik hori argi izan nuen. Horixe behar genuela pentsatu nuen, zeren ideia hasieran ipuina umeei kontatzea zen, inondik inora ere ez argitaratzea.

Baina arrakasta izan zuen eta ipuin fisikoa ere argitaratu duzue.
Apirilaren bukaeran igo genuen Youtube-era. Nire gelako gurasoei bidali nien, eta baita lagunei eta familiari ere. Garai hartan, itxialdian, ikus-entzunezko bila genbiltzanez umeei zabaltzeko, asko zabaldu zen gure ipuina ere. Elizondotik hasi eta Durangoraino, lagun eta ezagunek eskoletan zabaldu zuten. Ondoren sare sozialetan jendea galdezka hasi zitzaidan, ea non lortu zezaketen ipuina. Inprimatuta ere ez neukan, ordenagailuan neukan.
Geroz eta jende gehiagok galdetu zuenez Erein argitaletxearekin harremanetan jartzea lortu genuen eta halaxe izan zen.

Azkenean Durangoko Azokan aurkeztu zenuten Xabik eta biok.
Bai, Saguganbaran aurkeztu genuen. Haur literaturari zuzendutako gune bat da eta hango emaila jaso genuen. Proposamena bidali genuen aurretik ekintza egiteko, eta hara joan ginen. Berezia izan zen. Bizi guztia daramat eszenario  gainean, eta Durangoko Azokara ere joan izan naiz…Desberdina aurten inor ez zegoelako kalean egoeragatik, baina jakinda streaming bidez ere jendea ikusten ari zela, ikaragarria izan zen.
Horrek ere indarra eman zigun lan gehiago egiteko. Pena izan zen ez zela ordurako atera liburua inprenta kontuengatik, eta azkenean Gabon aurretik atera zen.

«Elkarrekin egon gabe elkarrekin egindako ipuina da. Lau egunetan egindako lana da, baina 24 orduan idatzitakoa »
«Koaderno bat daukat etxeko egongelan zabalik. Bertan apuntatzen ditut idea guztiak; ideia horiek jostea falta zait»

Abendu bukaeran, Ataungo liburu azokan izan zineten ipuina aurkezten.
Bai, niretzat oso berezia izan zen hemendik, Ataundik, nolabait ateratakoa naizelako eta nik uste ni naizela naizena hainbeste aldiz antzerkia egiteagatik bertan. Nafarroan bizita, jaitsi eta aspaldi ikusi eta egon gabeko lagunekin eta familiarekin ere egon nintzen.

Antzerkia, ipuina, Goiberri-n ere kolaboratzen duzu, irakasle lana…Nola moldatzen zara dena uztartzeko?
Benetan bizi dudana da, askotan tokatu izan zaizkit lan pilaketak, baina antolatzen naiz eta garbi baldin badaukat zer egin nahi dudan, gustura hartzen dut. Denbora gehiago nahiko nuke sortzeko eta dauzkadan ideiak garatzeko.

Beti gustatu izan al zaizu idaztea?
Idaztea baino gehiago kontatzea eta antzerkia egitea gustatu izan zait. Esan bezala, Ataungo Jentilbaratza Kultur Elkartean 3 urtetatik nabil antzerkia eginez, baina ipuina behin bakarrik kontatuko nuen. Bestela talde lanean ibiltzen gara gu. Nire egunerokotasunean sartzen da irakasle bezala ipuinak kontatzea, baina orain arte antzerki munduan ibili izan naiz ipuin kontalari gisa baino. Bakarka lan egin baino talde lanean aritzea ohituago nago.

Gasteizen zara irakasle, baina etxetik egin zenuen lan itxialdian. Nolakoa izan da lan telematiko hori haurrekin lan egiten duzula kontuan izanik?
Paniko eszeniko hori ez daukat, youtuber lana ez zait gustatzen, baina aurkezteko edo kamara aurrean lan egiteko arazorik ez dut izan, orduan gozatu egin nuen etxetik lanean aritu nintzen tarte hori. Nire buruak ere behar zuen martxo hartan gelditzea.

Eta bestalde, pandemia dela eta ikasi al duzu zer edo zer?
Asko. Gainera bakarrik egon nintzen konfinamenduan. Nirekin egoten ikasi nuen, ezkutuan neukan sortzaile sen hori ateratzeko balio izan zidan. Antzerkian, gidoia ematen didate eta ikasi egiten dut, eta asko gustatzen zait, baina norberak sortutakoa barrutik ateratzeko balio izan dit. Nire burua baloratzen ere ikasi dut eta gauza polit asko bilatu dizkiot nire buruari.

Lehenengo ipuina argitaratuta, beste lanen bat ba al dabilkizu buruan?
Bai, koaderno bat daukat etxeko egongelan zabalik. Bertan apuntatzen ditut ideia guztiak, Goiberri-rako testu bat idazteko edo umeekin egin ditzakedan proposamenak idazteko. Ideia horiek jostea falta zait, baina denak apuntatzen ditut. Mugikorrean ere audioak edo oharrak gordetzen ditut, momentuan bururatzen zaidana.

Ideia horiek josiko edo garatuko al dituzu epe motzean?
Beste zer edo zer etorriko den ikusiko dugu, oraindik Laino txiki egizu negar poliki ipuinaren erresaka emozionala pasatzen ari naiz eta. Pare bat aurkezpen gehiago ere egingo ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>