«Erakusketako artelan bakoitzak bi egile ditu»

Jone horizontalJone Soto Esnaola (Beasain,1997), Ongi Etorri Eskolara proiektuan dabil lanean. Bere ogibidea artearekiko duen zaletasunarekin batu zuen pasa den urtean, eta honela sortu zen kultura ezberdinetako mitologia eta kondairak batzen dituen Lamiak eta Lloronak izeneko erakusketa.

Nola sortu zen Ongi Etorri Eskolara proiektuaren ideia? Zein behar ikusten zenuten gizartean?
Proiektu hau Donostiako Aitor Ikastolan sortu zen. Urteetan zehar jatorri migratzailea zuten ikasleen gorakada bat eman zen, eta bertako langile zein familiak egoera eta ezaugarri berri batzuen aurrean topatu ziren. Behar horiei erantzuteko asmoz, eskolako bi amek Familia Laguna proiektua martxan jarri zuten ikastetxean. Programa honetan adin bereko haurrak dituzten bi familia kontaktuan jartzen dira, horietako bat bertan jaiotakoa izaten da, eta bestea beste jatorri batekoa, eskolara edo herrira iritsi berria dena. Azken finean prozesu hau ez da soilik alde bakar batetik ematen, bi aldeetatik ematen da, bertako herritarren eta iritsi berri direnen artean egin beharreko lanketa eta esfortzu bat eskatzen du.

Nola bururatu zitzaizun ‘Lamiak eta Lloronak’ erakusketaren ideia?
Martxoko konfinamenduaren amaieran bururatu zitzaidan, izan ere, kalera ateratzen hasi ginenean bizilagunok herriko txoko ezberdinak esploratzen hasi ginen. Lanetik ere herria osatzen duten kultura ezberdinak ahaldundu eta ezagutarazteko asmoz, jarduera komunitario bat jarri nahi genuen martxan. Horrela, kaleko erakusketa bat antolatzea bururatu zitzaidan, artelanak herriko txoko ezberdinetan jarri eta bizilagunak batetik bestera mugitzeko aitzakia moduan balio zezakeena.

Zer dela eta aukeratu zenuen mitologiaren gaia?
Euskal mitologia gure kulturaren parte da, eta garrantzitsua iruditu zitzaidan gure herria osatzen duten beste kultura batzuen pertsonaia eta kondaira mitologikoak ezagutzea. Artelan bakoitzak bi egile dauzka: narratzailea eta artista. Jatorri ezberdinetako narratzaileek kontatutako kondairetatik abiatuta, artista bakoitzak artelan bat margotu zuen hau irudikatuz.

Non ikus daiteke erakusketa?
Ordizian, Andoainen eta Zarautzen jarri dugu, eta orain Donostian dago ikusgai apirilaren 11 arte, Egiako tunelean. Donostiako erakusketa honetan, jatorrizko hiru herrietako artelanez gain, Donostiako auzotarren parte hartzea ere izan dugu eta horie esker orain artelan gehiago daude ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>