Opor gosea

Xegun-AltolagirreXegun Altolagirre • Gidoigilea eta sortzailea

Hau da hau guztiok dugun opor gosea… ez al da hala? Amets ere egiten dugu horrekin. Hauxe nire azkena.

Udaberriko oporrak! Kostaldeko herri batean nago. Giro ederra gainera! Banoa itsasora. Olatuek gogor astintzen dute. Bat-batean ur horma batek nire kontra egiten du talka. Ni hankaz gora. Zutitu eta konturatzerako bigarren olatu batek eraso egiten dit. Zer demontre! Ederra izan da! Behar nuen. Itsasotik ezin irten egon beharrean nago denbora luzez. Bai, denbora luze horrek bazuen bere azalpena. Konturatu gabe, olatuen gogortasunaren ondorioz bainu jantzia galdu dut. Hantxe nago. Biluzik. Itsasertzetik 20 metrotara, biluzik. Gainezka dagoen hondartza batean biluzik. Zer egin orain? Ilundu arte han geratu? Gustura hartu dut lehen bainua, baina ura hotza dago eta eguerdiko hamaikak dira oraindik. Nori laguntza eskatu ordea? Bi emakume daude ni nagoen lekutik gertu. Baina imajinatu, ni, beraiengana hurbilduz laguntza eske nire zera guztiak airean ditudala. Sexu erasotzaile bat naizela pentsatu dezakete eta ez nituzke udaberriko oporrak ziega batean pasa nahi.

Iepale! Oraintxe konturatu naiz. Beraien dorretxoan igota bi sorosle gazte. Itotzen ari naizenaren plantak egin ditzaket eta sorosleak niregana etorriko lirateke. Nik egoera azaldu eta nire toalla ondotik arropa ekarriko didate. Oihuka hasi naiz: «Lagundu! Itoko naiz! Lagundu!». Ondoren itotzen ari naizenaren plantak egiten hasi naiz. Sinesgarria izateko ur azpira murgildu naiz segundo batzuetan. Berriro irten naizenean sorosleen dorretxora begiratu eta ez dago inor. Hutsik dago. Itxuran nire planak funtzionatu du. Itsasertzera begiratu eta hara, korrika datorren soroslea ez da dorrean zeuden sorosleetako inor. Han bi morrosko zeuden. Emakumea da nire laguntzan datorrena. Baina hori gutxi ez, eta itsasertzean jolasean zeuden gaztetxo batzuk oihuka hasten dira ni nagoen ingurura begiratzen ari direla: «Marrazoa! Marrazoa!». Marrazo bat? Ezinezkoa! Adar jotze bat zen, eta horrek ni lasaitu beharrean okertu egin zituen gauzak. Mundu guztia ni nengoen lekura begira jarri zen. Katastrofe bat zen hori. Baina bat-batean zerbaitek nire hanka ukitu zuen ur azpian. Marrazoa? Ez, lasai, ez zen itsas harraparia. Badaezpada ere ostikoa eman nuen hura bazen ere, baina hori egitean oihal moduko bat sentitu nuen.  Bainujantzia zen. Ziztu bizian jantzi eta ozta-ozta une horretan iritsi zen soroslea. «Ondo zaude?», galdetu dit. Nik baietz.

Ondoren, pozik eta ederki lasaituta sorosleen dorre ondora gerturatu naiz eskerrak ematera, eta hauen erantzuna barrez bainu jantzia alderantziz jantzi dudala. Nik burua makurtzean bainu jantzi hura… nirea ez dela konturatu naiz.

Une horretan itsas bazterretik gertu, uretan, oihuka hasi da. «Lagundu! Itoko naiz! Lagundu!». Soroslea berriro korrika abiatu da marmarka. «Lehen opor eguna eta bi istripu jarraian!» Ur azpian itotzen ari denaren plantak egiten ari den hark aurkituko ote du nire bainu jantzia? Ni bereak salbatu nau!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>