Gaur zortzi hasiko da Donostiako 69. Zinemaldia, eta azken urteetan bezala, aurten ere, Goierrik izango du bere tokia jaialdian. Filmeen zuzendari, aktore, istorio nahiz eszenatokien bidez, eskualdeak presentzia izango du pantaila handian nahiz aurkezpenetan.
Ekoizpen arloari dagokionean, Iban Toledo ordiziarrak Iñaki Alforja nafarrarekin batera zuzendutako Bolante baten historia dokumentala aurkeztuko du. Jose Migel Etxeberria Alvarez Naparra desagertu zeneko eta familiak haren gorpuaren bila emandako 40 urteri buruzko ikerlana egin dute, eta Zinemaldian estreinatuko da.
Pantailan ikusi ahal izango diren aurpegi ezagunen artean, beste goierritar bat, Aitziber Garmendia aktore zaldibiarra izango da, izen bereko antzezlanean ez ezik, Mireia Gabilondok zuzendu duen Erlauntza filmean ere parte hartu baitu. Ezkontza agur batean nekazal etxe batera doan kuadrilla baten istorioa kontatzen du; bertan, haien arteko haserreak eta ezinikusiak aterako dira agerira.
Arlo teknikoan ez ezik, istorioetan ere izango du lekua Goierrik Zinemaldian. Izan ere, Iciar Bollainek zuzendutako Maixabel filma ere bertan estreinatuko dute, Maixabel Lasa legorretarraren bizitzan eta ibilbidean oinarrituta.
Goierriko eskenatokiak ere ikusi ahal izango dira pantaila handian. Igor Legarretaren Ilargi guztiak filmeko hainbat eszena, esaterako, Gaintzan filmatutakoak dira.