Mitoen gorua

JENTILEN_ETORRERA_ANTZERKI

Iturri zaharretik ur berria ateratzen 40 urte daramate ataundarrek, Jentilen Etorrera ikur eta ardatz hartuta. Epe horretan, euskal mitologiaren haria etenik gabe mantentzen eta berria iruten dihardute. Ez lanik eta nekerik gabe. Baina fruituak merezi du.

Azkeneko urteetan mitologiak Ataunen hartu duen indarra ikusita, pentsa liteke modu naturalean eta belaunaldiz belaunaldi isuritako errekaren gisa iritsitako emaria izan dela. Ataun eta mitoak, jentilak eta sorginak, kondairak eta tradizioaren transmisioa, ordea, lanketa luze baten emaitza dira. Jentilen Etorrera kale antzerkia egiten hasi zirela 40 urte dira aurten; lur emankor bihurtu dute lugorritzen ari zen soroa.

San Martingo festen inguruan hasi zen Jentilen Etorrera. Garai hartan, 1981ean, ekainean egiten ziren festa nagusiak, Garaipen Jaiak. San Martinetik udara aldatuta zeuden, eguraldiagatik batetik, eta gazteentzat egokiago zelakoan –opor giroa, kurtsoa bukatuta–, bestetik. «Orain, distantziatik ikusita, Franco hil berria zen, eta euforia puntu bat bazegoen gauza berriak egiteko. Ezer ez zegoen, dena zegoen egiteko. Festei ere ukitu berezi bat eman nahi genien. Herri guztiek dituzte euren gauzak, eta hemen zer egin genezakeen pentsatzen hasita, Jentilen kontua atera zen, haien historiak adituta geunden etxean eta», oroitu du Jon Aizpuruak.

Zer forma eman horri gero? Errazena, desfile batena. Jentilak menditik behera jaitsi zibilizaziora, eta kristauak zain. Lanbide zaharrak, animaliak, edadeko jendea tartean. Gidoi gehiagorik gabe, hori zen eszenaratzea. «Oso gauza xumea izaten zen». Jentilak iritsi, ongietorria egin udaletxeko balkoitik, dantzatxo bat, eta festa.

San Martingo jaiei hasiera emateko ekitalditzat hasi zen Jentilen Etorrera, umore kutsuko kalejira antzeztu modura
1992an, antzerki formatu modura «serioago» heldu zioten, eta 1997an frontoi itxira aldatu zen plazatik. Mugarri izan ziren horiek

Festak hasteko ekitalditzat ideiatu baitzuten kale antzerkia. 1981eko ekainaren 12an, ostiralarekin, gauerdia pasata, 01:00etan egin zuten, herri afariaren ondoren. «Orduan Oargin geunden, eta han izugarrizko mugimendua zegoen. 1981ean auskalo zenbat ekimeni eman zitzaien hasiera. Festak herri-afariarekin hasten ziren, eta ondorenean egiten zen Jentilen Etorrera», dio Santi Etxeberriak.

Festak modu berezian hasteaz gain, edozein herritarrek parte hartzeko «aitzakia» izan zen, «herri afariko jende guztia aprobetxatuz, denak desfilean etorri, plazan elkartu…». Azkar barneratu zuten jentiltasuna ataundarrek, etxeko transmisioaren azken katebegiak baitziren. Eta indarra hartu zuen lehen urteetan, gero apaldu bazen ere.

Aro desberdinak

JENTILEN_ETORRERA_LEHEN_UR

Lehenengo urteetako kale-antzerkia. 1981etik 1990era ekaineko Garaipen Jaietan egin zuten, festen hasierako ekitalditzat.

Bilakaera orotan bezala, gora-beherak eta indar-ahulezia uneak txandatu zaizkio ekimenari. Lehen aparraldiaren ondoren, baxualdia iritsi zen. Errepikapen sentsazioa, sorpresa efektua galtzea eta berritasun printza itzaltzea izan ziren arrazoiak. «Joxe Bikuña izan zen urte batzuetan eutsi ziona», aitortu du Aizpuruak. Lehen fase historikoa hartan bukatu zen. 1991n ez zen egin jada, eta 1992an atzera azarora aldatu zituzten San Martingo jaiak.

«Krisia» gainditu, eta «inflexio-puntua» iritsi zen 1992an: «Jentilen Etorrerari ondo heltzea planteatu genuen, urtero ukitu bat emanez, pasarteak aldatuz, eta jendeak ere pizgarri bat izan zezala ikusteko», gehitu du Etxeberriak. Hasierako kale antzezpenak zuen komiko edo umore kutsua baztertu, eta antzerki formatura eraman zuten: tranpaldoan, gidoia batekin, pertsonaiak, herrian jasotako istorioak… «Jada antzerkia zen, interpretazioa, ja ez zen umorezko gauza bat».

Mitologiaren inguruan lanketa sakonagoa egitea ekarri zuen horrek. «Nahiko azkar konturatu ginen bilketa lan bat egin beharrean geundela, belaunaldi berrietara irits zedin», aitortu du Jon Aizpuruak, gidoilari eta antzerki idazleak. Eta historia honetan zerbait natural baldin badator, belaunaldi harenganaino iritsi zen mitologiaren katea izan zen. Barandiarani esker, hein batean. «Gu kobetan ere ibilitakoak ginen. Bazegoen gure barruan zerbait. Erraza geneukan: Joxemiel Barandiaran, kobetan ibilita, jentilak gora eta behera beti… Batetik edo bestetik ailegatu egin zitzaigun», dio Etxeberriak. Asteburuetan, denboraldi batean joanez, etnologoa elkarrizketatu zuten.

Transmisioa etetearen kezka

Bukolikotik harago, beharrizanetik du gehiago mitologiaren Ataungo lanketak. 1980-90 ingururako jada bazuten transmisioaren kezka. «Umezurtz bezala sentitzen ginen gu. Gauza horiek etxean zerbait adituta genituen, baina konturatzen ginen bazegoela zerbait behar bezala ezagutzen ez genuena, herriko berri. Eta hori hasiera-hasieratik eduki dugu», dio Aizpuruak.

Jon Aizpurua, Gidoigilea eta antzerki idazlea: «Mitologian umezurtz bezala sentitzen ginen. Etxean adituta bai, baina ondo ezagutzen ez genuen zerbait bazegoen»

Agian, bai herrian, bai kanpotik, mitifikatu egin da Ataunen mitologiak etengabeko jarraipen bat izan duela. Supazterretako irudizko kontakizunetan, ordea, etena gertatu zen, haustura bazetorren. «Eta gurdia iraulita edo erdi iraulita egon da. Urte batzuetan zalantza askorekin, atzetik zein animatuko den, zeinek helduko dion. Belaunaldi batzuk kanpora ere geratu dira istorio honetatik, parte hartu gabe. Urte batzuk oso zailak izan dira».

Beste mugarri bat, Jentilbaratza kultur elkartearen sorrera izan zen. Izerdi berria erakarri zuten elkartearen arrimura. Monika Arratibel, 32 urtekoa, da hamar laguneko zuzendaritzako gazteena: «Jentilen Etorrera, niretzat, Gabonak bezala zen: urteroko gauza. Hiru urterekin hasi nintzen irteten, eta urtero espero nuen zerbait zen, egin beharrekoa. Amesgaiztoak izaten nituen, gainera: ‘Eta egiten ez bada?’. Behar nuen».

Inoiz parte hartu gabekoak ere batu dira ekimenera. Mikel Egiguren, bat. «Txikitan ez nintzen hainbeste inplikatzen; ikusle bezala bai, baina parte-hartzaile ez. Orain dela 10-15 urte hasi nintzen parte hartzen. Antzerkia ez da bereziki gustatzen zaidan esparru bat, nahiz puntualki egin izan dudan. Beste lan batzuk egitea erosoago zait».

Juanjo Maiza, berriz, transmisiorako engranaia ezinbestekoa izan litekeen beste eremu batetik sartu zen: eskolatik. «Nik eskolatik hartu nuen ohitura. Desfileetan parte hartzen genuen, zozketa eginda. Urte batzuk utzita egon, eta 8-9 urte badira berriz hasi nintzela, antzerkiak egiten». Egigurenek berretsi du «garrantzitsua» izan dela eskolaren papera gazteak animatzeko.

Kiroldegira jauzia: espezializazioa

1992ko azaroaren 15ean, igandea, arratseko zazpietan egin zuten Jentilen Etorrerako gidoidun lehen antzerkia, San Martingo plazan artean. 1997an Auzoeta kiroldegira aldatu ziren; azaroko eguraldiaren ziurgabetasunagatik batetik, eta antzerkigintzan aurrerapen aipagarria egin zutelako, produktu txukuna eskaini beharragatik, bestetik.

Santi Etxeberria, Jentilbaratza elkartea: «Festa kutsutik aterata, euskal mitologia erreferente bihurtu nahi genuen, Ataunen bertan eta handik kanpora»

Plazakoa kale-antzerki gisa katalogatzen dute orain, eta frontoi barruan egiteak eskakizuna estutu zien. «Batez ere, baldintza teknikoengatik joan ginen Auzoetara. Argiekin gaizki ibiltzen ginen, euritan blai. Kiroldegira joandakoan, ordea, eskakizuna ez da berdina; plazan umeak atzera eta aurrera, ez dela ondo entzuten… Kiroldegian jendea ja eserita dago, ikuskizun baten zain dago eta dena ikusten du. Exijentzia maila desberdina da, hasi dekoraziotik, interpretazioa, soinua, argia, erritmoa… dena. Beste muntaia batean sartu ginen hor, eta mito munduari serio heldu genion. Mitoa, gainera, ez dadila pailazokeria bat izan, festa-giroko zerbait. Beste zentzu bat eman nahi genion, euskal mitologia erreferente bihur dadila, baina Ataundik kanpora ere bai», laburbildu du aldaketa Etxeberriak.

Hirugarren aroa hasia zen, gaurdaino iritsi dena. Aizpuruak, bien bitartean beste bi zehaztasun eman ditu, mugarritzat har litezkeenak: «Ez dakit jendea zenbateraino konturatu zen bere garaian, baina lehenbiziko gidoiak euskara batuan egiten genituen, eta 1993an hasi ginen Ataungo euskaran egiten. Jakinaren gainean aldatu genuen, eta apustua hor dago; Ataungo euskaran segitzen dugu».

Bigarren eragina, Ataunen egin ziren bi antzerkik izan zuten: Pagoa markes izenekoa 1984an, eta Habla cristiano 1987an, biak Jon Aizpuruak idatziak. «Antzerkia egiteko gogoa zegoen, eta jendea bazegoen antzezteko. Gero, horri helduta hasi ginen Jentilen Etorreran ere eszenak egiten. Barruan ibili garenok beti izan dugu pena jentilenaz aparte beste antzerkirik egiteko ez zaigula denborarik geratu, honetan ibili garelako». Ahalmenaren mugak.

Ekarpena hazten

Jentilen Etorreraz gain –bi urtean behin egiten dute frontoiko antzerkia–, Jentilbaratza elkarteak mitologiari eskainitako benetako ikuskizun-katalogoa dauka: Gau Ibilaldi Magikoa udan, Barandiaran Museoan bisitarientzat eta eskola-umeentzat antzerkitxoak, Gabonetan Lizarrustin Olentzeroren etorrera… Milaka ikusle erakartzen dituzte Ataunera, %50 Goierritik kanpokoak. «Urtea bete» egiten dute, eta «elur bola handitzen» joan da.

«Lana ere ikaragarri dago. Hasi jantziekin, dekorazioak, gidoiak, jendea bilatu antzerkietarako… Elkartea diru laguntzak eskatzeko eta administrazio lanak egiteko osatu genuen, eta gorputz bat ematen dio antolaketari», dio Etxeberriak. Erreferente bihurtzeraino.

Monika Arratibel, Jentilbaratza elkartekoa eta aktorea: «Irabazi ekonomikorik ez, baina pertsona bezala ekimen honek egin nau, eta asko eman dit. Hori ere irabazi handia da»

Baina amateur izatearen mugekin eta gabeziekin, ezin dute nahi eran lan egin. Kanpora antzezpenak egitera joateko jasotako eskari guztiei ezin dietela erantzun aitortu dute. «Ez gara hortik bizi. Askok pentsatuko dute hortik irabazi egingo dugula. Irabazi ekonomikorik ez daukat, baina ni pertsona bezala horrek egin nau. Eta irabazi asko ematen dizkit. Niri ematen didana, edo nik herriari ematen diodana, hori ere irabazia da niretzat», dio Arratibelek. Interpretazio aukera aipatu du onura bat.

Etorkizunerako, hurrengo bi urteak «giltzarriak» izango direla uste dute. Zuzendaritzako txanda aldaketa, erreleboa ziurtatzea da bat. «30 urtetik gorako jendea da gakoa: jada egonkortuta daudenak, umeak dituztenak, eta haien ilusioarekin gauzak egitera animatuko direnak». Itzala, berriz, transmisioaren indar galtzea da, eta, ondorioz, mitologiarekiko grina desagertzea. «Ez dakigu etxeetan transmisioak zenbateraino segitzen duen, umeei ipuinak kontatzeko ohiturarik baden», dio Egigurenek.

Mikel Egiguren, Jentilbaratza elkartea: «Gerora begira, ez dakigu etxeetan umeei ipuinak kontatzeko ohiturarik baden, transmisioa zenbaterainokoa den»

Horretan dihardu, izan ere, Jentilbaratzak. «Lehen aitona-amonek kontatzen zituzten ipuinak, eta zubi hori gu aritu gara azkeneko urteetan egiten, eta orain herriko umeek horren berri Jentilbaratzari esker daukate. Guk utziko dugun ondareetako bat hori izango da, oraingo umeek hori badakitela. Zerbait ona egin baldin badugu, transmisio hori izan da», esan du Tomas Erauskinek.

«Orain oso momentu goxoan gaude, uzta jasotzen hasita. Ikusten dugu zer harrera egiten digun jendeak, edozein lekutara joaten garenean. Jarraipenarekin kezka badaukat nik ere, gu ez garelako betirako. Eta gure ondorengoek jakin egin behar nola jarraitu nahiko luketen», gehitu du Maitane Aizpuruak.

Gizarteko edozein esparrutan bezala, konpromisoa izango da errezeta, gero ere. Arazorik handiena ere bai, era berean: «Gaur egungo belaunaldi berriek konpromisorik ez dute nahi. Gizarte arazo bat dator. Motore lana egiteko jenderik ez dago», dio Etxeberriak.

Biharko bidea erakustera, azaroaren 6an etorriko dira jentilak Ataunera.

Euskal mitologiari ezpala atera, baina arantza barruan

JENTILBARATZA_KULTUR_ELKARGoiburu batek gidatu ditu Jentilbaratza kultur elkartekoak mitologiaren aldeko lanean: «Guk gurea ez badugu zaintzen eta defenditzen, kanpotik ez dira etorriko». Lehen Disney, orain Netflix, gero auskalo. Zerekin elikatzen dira euskal umeak? «Gurasoek zer ipuin kontatzen dieten, halako gizartea izango gara».

Aitzitik, urtetan egindako ahaleginak eta lortutako zabalkundeak balio duela ikusi dute. «Jende askok segitzen du euskal mitologiaren mundu hau, eta eskaintzen denak funtzionatu egiten du». Ataungo ume gehienek badakite zein diren Kixmi, San Martin Txiki, Torto, Marimunduko edo Basajaun. Hori ere euskal kulturaren barruan sartzen da. Alea jartzen eta jartzen ari dira, eta elikagaitzat gero eta gehiagok hartzen dute, Ataunen, Goierrin zein Euskal Herrian.

Arantza mingarri bat ere badute sartuta, aspalditik. Ataungo Udalak beti eta baldintzarik gabe babestu, lagundu eta finantzatu dituen bezala, goragoko erakundeek uzkur jokatu dutela salatu dute. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Hiru urtetan esan digute ekintza lokal bat dela guk egiten duguna, diru laguntza eskatutakoan».

Herriz gaindiko erakunde publikoetatik, azkenean, «herri txikietan egiten den lana ez dela baloratzen» ulertu dute ataundarrek. «Hemen 40 urte daramagu gure ondare kulturalaren zati bat bizirik mantentzen, eta ez dugu inondik arrastorik ikusten. Diputazioari ez zaio interesatuko, dirudienez; eta, interesatzen baldin bazaio, Donostian egiten denean bakarrik».

Euskal mitologia lantzen duen elkarte bakarretakoa da Euskal Herrian, eta garatzen dituzten ekitaldien kalitateari, mailari eta kantitateari erreparatzeko ohartarazi dute. Eskal kulturaren alde «makina bat herritan, makina bat lan» egiten dela, eta begirada irekitzeko erregutu diete erakundeei, hirietatik at.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>