Haurren aurrean, helduok heldu

Eresti-OiarbideEresti Oiarbide Hizkuntza aholkularia

Aurten, ez da Euskaraldirik izango. Dena dela, Euskarak 365 egun proiektuak badu proposamena 2021erako ere. Azaroaren 22tik abenduaren 5era, haurren inguruan ibiltzen diren helduei euren artean euskaraz egiteko gonbidapena egin die.  Gurasoak, aitona-amonak, aisialdiko hezitzaileak, hezkuntza arautuko irakasleak, jangeletako begiraleak, bestelako zaintzaileak… Horien guztien hizkuntza ohituretan eragitea da helburua.

Guraso askok ahalegin handia egin dute seme-alabek ikasketak euskaraz egiteko aukera izan dezaten, kirola euskaraz egin dezaten, musika euskaraz ikas dezaten… Horretarako, ezinbestekoa izan da hezitzaileen inplikazioa ere; irakasle, entrenatzaile, begirale eta zaintzaile euskaldunak behar izan dira, eta horiek ere lan handia egin dute haur eta gaztetxoei euskaraz aritzeko ahalik eta aukera gehien eskaintzeko.

Hala ere, datuek urtetik urtera argiago esaten digute haur eta gazte horiek, euren artean, geroz eta gehiago egiten dutela erdaraz. Gainera, joera hori nabarmenagoa da duela urte gutxira arte ia euskara bakarrik entzuten zen herri txikietan. Baina zer ari gara, bada, gaizki egiten? Badirudi batzuen eta besteen ahalegina alferrikakoa izaten ari dela.

Albert Einsteinek esan omen zuen besteengan eragiteko modu bakarra eredu izatea dela; horra hor akatsa. Gurasoak haurrari zer egin behar duen esan beharrean, eskatzen duen hori bere ohituretan txertatuko balu, ez luke gauza bera behin eta berriro errepikatzen aritu beharrik izango.

Haurrek eta gazteek ikusten dutenetik ikasten dute, imitatzea da euren jolas gustukoena, gurasoetan jolastea. Guk egiten ez duguna egiteko eskatzea erantzukizunari iskin egin eta ardura haurren eta gazteengan jartzea da; ez da justua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>