«Granadako Powerlifting klub batean nabil, hemen ez baitago talderik»

BenatUrretabizkaia

Joan den udazkenean Espainiako Powerlifting junior txapelketan hartu zuen parte Beñat Urretabizkaia Saldañak (Beasain, 1999). Prestakuntza garaian zenbait arazo izanagatik ere, laugarren postua lortu zuen 93 kilogramoz azpiko mailan.

Powerliftinga zer den ez dakitenentzat, nola azalduko zenuke?
Hiru mugimenduko indar kirol bat da. Mugimendu bakoitzean hiru aukera dituzu ahalik eta kilo gehien altxatzeko.

Zein dira, zehazki, mugimendu horiek?
Sentadilla, press banka eta pisu hila.

Noiz hasi zinen lehiatzen?
Lehiatzen aurten. Debuta uda partean egin nuen, baina urte eta erdi daramat entrenatzen. Aurretik ere joaten nintzen gimnasiora.

Nolakoa izan da EspainiakoTxapelketarainoko bidea?
Lehenik, txapelketa erregionaletan parte hartu eta gutxieneko pisu muga bat pasa behar da. Hiru mugimenduetan jasotako pisuaren baturak kilo kopuru bat igaro behar du.

Txapelketa egunean egindakoarekin gustura geratu zinen?
Ez, Espainiako Txapelketan ez. Prestakuntza gaizki joan zitzaidan. Nahiz eta txapelketarako 93 kilo azpitik egon behar den, denboraldian 96-98 kilo inguruan egotea komeni da. Nik, ordea, txapelketa baino hilabete lehenago 92 kilo pisatzen nituen. Goizegi iritsi nintzen txapelketan izan beharreko pisura.

Halere, laugarren egitea lortu zenuen.
Bai, bai, izan zitekeenerako ondo atera zen.

Zenbat kilogramo altxa zenituen mugimendu bakoitzean?
Sentadillan, 237,5 kilo; press bankan, 162,5 kilo; eta pisu hilean, 260 kilo.

Hemen inguruan ba al dago Powerlifting klubik?
Ez, Gipuzkoan ez dago. Gertukoenak Leioan eta Portugaleten daude. Nire entrenatzailea Granadakoa da eta ni hango talde batean nabil.

Gazte askok du gimnasiora joateko ohitura, baina lehiatzen duen jende gutxi dago ezta?
Ez dago ohitura hori. Ez daude lehiaketara bideratutako gimnasio espezifikoak. Crossfitekoak ikusten dira, Tolosan badago halterofiliako gimnasio bat, baina Powerliftingekorik ez.
Beasaingo Udalarekin bildu ginen, lokal bat lortu eta gimnasio zein klub bat montatzeko asmotan. Baiezkoa eman ziguten, eta oraingoz airean dagoen arren, saiatuko gara. Ea jende gehiago animatzen den, gutxienez probatzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>