«Gure 5.000 langileak euskara planetan daude»

Joxean-Alustiza-1

Joxean Alustiza (Ezkio, 1965) Fagor Taldeko lehendakaria da. Fagorrek berebiziko garrantzia izan du Euskal Herriko kooperatibismo mugimenduan, ekonomian eta gizartean. Euskararen aldeko ekarpena ere azpimarratzekoa da eta, hala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abbadia saria jasoko du.

Argi al zenuen Ingeniaritza ikasi nahi zenuela?
Ez. Ez nekien zer egin. Nire inguruko hiruzpalau lagunek Arrasaten Ingeniaritza ikastea erabaki zuten eta beraiekin etorri nintzen. Garai hartan, oraindik ez nekien ezer kooperatibagintzari buruz. Lana eta ikasketak uztartzeko aukera genuen, egun bezala, eta beti esan izan dut oso urte aberatsak izan zirela: 1980ko hamarkada, autonomia ekonomikoa, lagun arteko giro ona…

Ikasketak bukatu eta berehala hasi al zinen lanean?
Ikasketak bukatzen ari nintzela, Fagor Arrasate kooperatibak ingeniari beharra zuen eta Goi Eskola Politeknikora jo zuen. Nire ikaskide askok soldadutza egin behar zuten eta ezin zuten lanean hasi. Ni, zorionez, arazo fisiko baten ondorioz, inutila izendatu ninduten. Horri esker, ikasketak bukatu aurretik, Fagor Arrasaten hasi nintzen lanean.

Zein izan zen zure lehen ardura?
Munduan zehar makinak martxan jartzea. Hori dela eta, hainbat hiritan denboraldi luzeak egin nituen: Bartzelonan, Londresen, Delhin, Nurembergen… 1995ean Fagor Arrasateko Kontseilu Errektoreko kide izendatu ninduten, beste sozietate batzuetan Administrazio Kontseilua izaten dena. Kontseilu Errektorea, gobernu organo nagusia izanik, bazkide guztien artean aukeratzen dugu. Lau urte geroago, 1999an, Kontseilu Errektoreko lehendakari izendatu ninduten. Presidente izendatzearekin, kanpora irteteari utzi nion eta beste funtzio batzuk hartu nituen. Presidentea nintzenez, Fagor Taldeko Kontseilu Errektoreko kide ere banintzen, kooperatiba bakoitzak bere kideak baititu Fagor Taldeko Kontseilu Errektorean. 2010ean Fagor Taldeko lehendakari izendatu ninduten. Fagor Taldeko kide moduan, kooperatibiston Babez Sozialeko entitatea den Lagun Aro EPSVko Kontseilu Errektoreko kidea naiz 2008tik. 2011tik bertako presidente ere banaiz. Bi kargu hauek izatearen ondorioz, beste hainbat ardura betetzen ditut: Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko lehendakaria izan naiz hainbat urtetan eta egun Euskadiko EPSV Federazioko lehendakariordea naiz.

30 urte baino gehiago daramatzazu lanean. Ze balorazio egingo zenuke?
Arlo pertsonalean deskubrimendu bat izan da kooperatibagintza. Bere baloreetan, printzipioetan eta historian sakontzen duzunean guztiz erakargarria den tresna ekonomiko eta soziala da. Ez da soilik enpresa egiteko modu desberdin bat, baita ere komunitatea ulertzeko beste era bat. Dagokion neurrian baloratu beharko genituzkeen eta orohar nahiko baloratzen ez diren ezaugarriak dituzte gure kooperatibek: antolaketa demokratikoa, langileen jabetza eta partehartzea gestioan eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa.

Enpresarentzat, nolakoak izan dira azken 30 urte hauek?
Urte mugituak izan dira. Eraldaketa sakoneko urteak ekonomia, teknika eta kudeaketa eremuetan. Kooperatibak, oro har, hazi egin dira, nazioarteratze prozesu inportanteak burutu dituzte, teknologian jauzi nabarmenak eman dira, eta lan egiteko moduak ere asko aldatu dira.

Egoera korapilatsurik ere izan duzue.
Bai, hala da. Azken hamarkadetan hainbat krisi izan dira. Horiek, nola ez, izan dute eraginik Fagorren. Adibidez, 2008koak arrasto luzea utzi zigun eta Fagor Etxetresnak kooperatibaren, orduko Fagorren kooperatiba handienaren, desagertzea ekarri zuen. Une latzak izan ziren eta egoerari aurre egin beharrean aurkitu ginen. Zorionez, erori ondoren, altxatzen asmatu genuen, adibidez desagertutako kooperatibako langile guztiei irtenbide bat eskainiz.

Joxean-Alustiza-4«Gure helburu nagusia atzetik etorriko direnei kooperatiba sendo, osasuntsu eta bideragarri bat uztea da»
«Gure kooperatibetan euskararen ulermena %85 ingurukoa da, eta erabilpena %55 ingurukoa»

Atzera joz gero, zerbait aldatuko al zenukete?
Oso zaila da gaurko ikuspuntuarekin iraganean gertatutakoa modu objektiboan baloratzea. 2008an gutako bakoitza nola bizi ginen gogoratu behar dugu. Oso egoera ekonomiko onean geunden. Munduak horrela jarraituko zuela sinetsita geunden. Enpresa munduan, globalizazioari aurre egiteko eta irauteko dimentsioa hartu beharraren ideia nagusi zen. Urte haietan enpresa askok inbertsio oso inportanteak egin zituzten.

Ze ondorio atera zenituzten?
Hainbat ikasketa utzi zituen. Kooperatibista asko sinetsita geunden kooperatiben arteko elkartasun eta elkarlaguntza mekanismoek, administrazioengandik jaso genitzakeen laguntzek… zailtasunetan egon zitekeen edozein kooperatiba aurrera ateratzeko nahikoa izango zirela. Ordura arte, kooperatibak era ordenatu batean jaio eta hil baitziren. Hori dela eta, ama kooperatiba erori zen bezala erortzen ikustea shock bat izan zen kooperatibistontzat eta euskal gizartearentzat. Horren ondorioz, zera ikasi genuen: bazkideak garela gure kooperatiben jabe bakarrak eta guri dagokigula behar diren erabakiak hartzea gure kooperatibak indartsu eta osasuntsu mantentzeko. Gertatukoaren ondorioz, kooperatibek finantzieroki sendotzeko, irabazien banaketetan eragiteko… hainbat erabaki garrantzitsu hartu dituzte.

Elkartasuna sendotzeko ere balio izan al zuen?
Haizea kontra dugu. Gaur egungo gizartean indibidualismoa gailentzen doa eta kooperatibismoa kolektibitatearen indarrean oinarritzen da. Emaitzak banatzeko orduan, manual kooperatiboak interes kolektiboari lehentasun osoa eman behar zaiola dio. Baina praktikara eramateko orduan, bere zailtasunak ditu. Behin eta berriro gogoratu behar da gurea ez dela egun kooperatiban gaudenok aberasteko sortutako tresna bat. Gure helburu nagusia gure atzetik etorriko direnei, hurrengo belaunaldiei, kooperatiba sendo, osasuntsu eta bideragarri bat uztea da. Horretarako, lehentasun osoa eman behar zaio interes kolektiboari, proiektu kolektiboari. Haizea kontra dugu, baina pertsonok baloreak eta printzipioak ditugu, eta horiek azaleratzea lortzen denean oso erantzun ona lortzen da.

Nolakoak izan dira azken urteak?
Nahiko onak izan dira. Kooperatibek hazten jarraitu dute, emaitza politak lortuz. Fagorren kooperatibek 25 filial industrial baino gehiago dituzte atzerrian. Fagorren dimentsioa ulertzeko, Euskal Herrian 5.000 langile ditugu eta Euskal Herritik kanpo beste 5.000. Fagorren kooperatibak multinazionalak direla esan dezakegu, balore jakin batzuk dituzten eta praktikatu behar dituzten multinazionalak.

Nola ikusten duzue etorkizuna?
Modu baikorrean. Pandemiak azkeneko bi urteak baldintzatu ditu, baina era egokian egin diogu aurre. Gauza ezezaguna zen, baina pertsonen zainketatik abiatuta, neurri egokiak hartu ditugu. Gainera, momentu korapilatsu batean, gizartearen beharrei erantzun egokia emateko gai izan ginen: musukoak egiteko makinak diseinatu genituen, Txinan egin eta hona ekarri.

Joxean-Alustiza-3Pandemiak ekonomia ere gogor jo du.
Gaur mikrotxipak falta dira, bihar materialak ez dira iristen, hurrengoan energia da… Une honetan, hainbat sektoretan kooperatibak oso ondo doaz. Kooperatibaren bat errekorrak hausten ari da. Beste sektore batzuk, ordea, kaltetuta daude. Horien artean, automozioa. Gainera, automozioak beste erronka garrantzitsu bat du: auto elektrikoaren sarrera eta horrek ze eragin izango duen gure kooperatiba askotan. Baina mehatxuak sortzen direnean, atzetik aukerak etortzen dira. Lehenago ere halako egoerak bizi izan ditugu eta prestatuta gaude garapen teknologiko eta ikerkuntza aldetik.

Sektore batzuk oso indartsu daudela esan duzu. Zeintzuk dira?
Elektronika mundua eta etxetresnen osagaiena, adibidez. Fagor Elektronikak eta Coprecik sektore horietan lan egiten dute. Bestalde, turismoa berpizten hasia da eta ostalaritza sektoreari zuzendutako Oñatiko Fagor Professionalen salmentak gora doaz. Fagor Automationek ere urte ederra burutu du.

Kooperatibek gizartearekin duen konpromisora itzuliz, foru aldundiak Abbadia saria emango dizue.
1980 inguruan, gure printzipioetan euskara eta euskal kultura suspertzeko borondatea jaso genuen. EAEn gure kooperatiben %60ek  euskara lan munduan txertatzen joateko euskara planak dituzte. Beste enpresa motetan kopuru hori ez da %5etik pasatzen. Fagorri dagokionez, 23 urte daramatzagu euskara planetan murgilduta. Gure kooperatibetan euskararen ezagutza, erabilpena eta motibazioa lantzen dira. Euskal Herrian 5.000 langile ditugu eta 5.000 langile horiek euskara planetan murgilduta daude, Tafallatik Markinara eta Usurbiletik Debagoienera. Ondorioz, gure kooperatibetan ulermena %85 ingurukoa da eta erabilpena %55 ingurukoa. Ukitu daitekeen erreferentzia bat gara, egin dugun bideagatik –ez gara bakarrak– eta dimentsioagatik. Urte asko daramatzagu gure gazteei euskaraz bizitzeko aukera emateko lanean. Fokua hezkuntzan jarri eta inbertsio handiak egin dira azken hamarkadetan, baina euskalgintza osatzen dugun guztiok lan munduan jarri dugu fokua jada: izan ere, gure gazteak hezkuntza mundutik lan mundura pasatzen dira eta euskaraz lan egiteko aukera eskaini behar zaie.  Fagorren urte luzetako apustua bide honetatik doa. Abbadia Saria eginiko ibilbide hau  errekonozitzera dator eta ikaragarri eskertzen dugun ohore bat da guretzat. Oso pozik gaude.

Gizarte arloko zein beste egitasmo dituzue eskuartean?
Fagor eskualdeko talde bat da eta gure oinarrizko printzipioetako bat eraldaketa soziala da. Debagoieneko eragile nagusiok estrategia bat ari gara martxan jartzen, etorkizuneko mundu berriari aurre egiteko. Denon artean gizartearen aktibazioa lantzen ari gara, trantsizioa ezin baitaiteke aurrera eraman komunitatearen parte hartzerik gabe. Bestalde, gizarte arloko konpromisoaz ari garela, azpimarratzekoa da baita ere Fagor Taldeak hezkuntzarekin historikoki izan duen konpromisoa.

Ezkioko Santa Lutzi auzotik Arrasatera

Joxean-AlustizaJende askok Zumarragan jaio zela uste badu ere, Joxean Alustiza Usandizaga Ezkion jaio zen, eta Zumarragara joan aurretik, Urretxun ere bizi izan zen. «Gurasoak Santa Lutzira ezkondu ziren. Aita gabiriarra zen, ama andoaindarra da eta Santa Lutzin jarri ziren bizitzen. 9 urte bete nituenean Urretxura joan ginen eta handik bi urtera Zumarragara», oroitu du. Hala, Haur Hezkuntza Santa Lutzi auzoko eta Gabiriako eskoletan egin zuen. «Santa Lutziko bizilagunek eskolan seko lo egoten nintzela gogoratzen didate oraindik. Maistrak ‘ Ixo, ixo, Joxe Antonio lo dago eta’, esaten zien gainontzeko ikasleei. Izan ere, adin ezberdinetako haurrak nahastuta geunden eta ni txikienetakoa nintzen», azaldu du. Lehen Hezkuntza Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean egin zuen. «Oraindik Ezkion bizi ginela, Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean hasi nintzen. Lehen Hezkuntza bertan egin nuen. Handik Donostiara joan nintzen. Donostiako La Sallen egin nuen Batxilergoa. UBI Urretxun egin nuen eta ondoren Ingeniaritza ikasi nuen Arrasaten». Batxilergoa Donostian egin izanak, ia denak bezala, badu bere arrazoia. «Fraile ikastera joan nintzen Donostiara. Orduan gaur egun baino ohikoagoa zen. 20-25 gazte bizi ginen elkarrekin, komunitatean. Ohiko ikasketak burutzeaz gain, erlijioa ezagutzeko eta sakontzeko aukera eman zidan esperientzia izan zen. Beti pentsatu izan dut nire izaeran arrastoa utzi didatela urte haiek, nolabait esateko, humanismo, sentsibilitate puntu bat. Bestalde, komunitatean bizitzeak dituen alde gazi eta gozoak ikasi nituen. Hiru urte pasatxo egin nituen Donostian. Azkenean, 17 urterekin, bide hori uztea erabaki nuen eta Urretxun bukatu nuen Batxilergoa».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>