Zarata, informazioa eta ezagutza

Inaki-DorronsoroIñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa

Homo sapiensak jakingura handiko espezie bat gara, eta jakin-min hori informazioarekin asetzen da. Noski, gertatzen danaren lekuko edo protagonista izanez, lehen eskuko informazioa lortu daiteke, baina ezinezkoa da munduan gertatzen denaren guztiaren lekuko, eta gutxiago, protagonista izatea. Beraz informazioa lortzeko bitarteko espezifikoak behar ditugu.

Bitarteko horien historia luzea eta bihurria da. Ahozko erreinuetan hasten da: hitzak hutsaltzen joaten ziren eta azkenean oroitzapenaren putzu iragankorrean galtzen ziren garaiak. Magia eta mitoen garaiak. Hitzak egonkortzeko idazketa asmatu zen, eta XV. mendean, inprenta. Orriak, liburuxkak, liburuak, entziklopediak edo berripaperak mundua aldatu zuten. Gero, telegrafoa, telefonoa, irratia, telebista, eta orain dela gutxi konputagailua eta Internet asmatu dira. Eta zentzu batean, denbora eta espazioa suntsituz munduaren topologia aldatu dute. Hitzen ordez zenbakiak, algoritmoak, zirkuito logikoak eta aritmetika bitarra protagonista nagusiak diren mundu berri bat. Gaur egun informazioa nonahikoa da baina bere arriskuak ere bai, nonahikoak dira.

Giza portaera adimentsuak mundua irudikatzeko gaitasuna eskatzen du. Eta oinarrian ezagutza errealitate fisiko bat daukaten irudikapen-bidez burmuinean jardutea besterik ez da. 1949an Heinz von Foerster-ek bere ordena zarataren bidez deituriko printzipio ezaguna aurkeztu zuen. Ikuspuntu horretatik, ezagutza informazio-zarataren bidez ordena bat aurkitzea izango litzateke. Informazio eta datu mordo batek ez du zuzenean munduaren irudikapen bat ematen. Askotan ez du lortzen zer jakin beharko genukeen esatea ere. Beste alde batetik, berriz, zerbait ezagutzeak ez du ziurtatzen gure argialdia eta gure jakinduria.

Zarata horretan, burmuinaren ariketa zorrotz eta kritiko baten ondorioz bakarrik aurkitu daiteke ordena bat, zentzu logiko bat. Ezagumendu ariketa neketsu horren bitartez gizakiok, nahiz eta ez bere osotasunean, bukatzen ez den ezagutza kate luze batean, mundua ulertzen joan gara.

Sarean gauza asko bilatu ditugu, eta etorkizunean askoz ere gehiago aurkituko ditugu. Inork inoiz aurki ahal zituzkeenak ere bai, baina ezagutza informazioa baino zerbait gehiago da, eta egia esateko, Twitter-eko 140 karakterez osatutako mezu batera ez da laburtzen ezta milaka mezuetara ere. Fernand Braudelek esan ohi zuen eguneroko gertakizun zatikatuak, ezagutzaren ikuspuntutik behintzat, eskuan harea jartzea bezala zirela: eskuan ezer gelditu gabe hatzen artetik alde egiten zutela.

Gizakiok adimena eta lan intelektuala ezinbesteko gaitasunak izan ditugu mundua ulertu, bizitza hobetu eta arazoei irtenbideak emateko, nahiz eta kasu askotan txikizio eta sarraskiak ere eragin. Zarata eta informazioa lehentasunezkoak, ezagutzaren aurretik erregina ahalguztidunak, bihurtu diren guk geuk sortutako mundu honetan, ezinezkoa dugu gaurko gure habitat intelektual eroso eta erraz hau gainditzea eta ulertzen saiatzen diren horien oihan hostotsu eta konplexuan barruratzea. Baina horrek eguneroko nekea, sakontasuna eta kritika eskatzen digu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>