«Taldeari esperientzia eman diezaiokedala uste dut»

Aritz-aldasoroAritz Aldasoro Sarriegik (Beasain, 1999) futbola du afizio eta ofizio, eta duela hilabetetik, Real Racing Clubeko jokalaria da. Reala izan du etxe azken hamar urteetan, han hazi da futbolari modura, eta sareetan eskertu ditu urte hauetan emanak.

Nolakoa izan da azken hamar urteetan etxe izan duzun Realari agur esatea arlo pertsonalean zein profesionalean?
Zaila izan da Reala atzean uztea. Azken finean, nire bizitzako 10 urte pasa izan ditut han eta futbolean bizi izan ditudan urte guztiak. Hala ere, garbi ikusi dudan aukera izan da Real Racing Club taldearena eta erabaki zuzena hartu dudalako lasaitasuna eta ziurtasuna dut.

Nolakoa izan da Racingekin fitxatzeko prozesua?
Bi eguneko kontua izan zen. Bigarren mailako hainbat taldek azaldu zuten interesa nigatik, eta horietako batzuekin harremanetan nengoen, baina Racing taldekoek inork baino interes handiagoa erakutsi zuten eta bertan nahi nindutela esanez deitu zidaten. Lagunekin nengoen une hartan, Landetan, oporrak pasatzen, eta lehenengo deiaren hurrengo goizean bideodei bitartez hitz egin nuen haiekin. Garbi nuenez erabakia, arratsaldean bertan kontratua sinatu nuen.

Nolako harrera izan duzu Santanderren, bai hirian, bai taldean?
Taldean beste zortzi jokalari berri daude, beraz, gure artean elkartu gara eta giro bikaina dugu. Bestalde, aurrez Racingeko jokalariak zirenek ere harrera ederra egin digute, eta oso gustura nago taldearekin eta dugun giroarekin. Hiriari dagokionean, oso hiri polita iruditzen zait eta oraintxe festak hasi berri diren honetan une ezinhobea da hiria eta hiritarrak ezagutzeko.

Hurrengo denboraldiari begira, taldeari zer eman diezaiokezula iruditzen zaizu?
Nahiz eta gaztea izan, taldeari esperientzia eman diezaiokedala uste dut, aurrez bigarren mailan ibilia bainaiz Sanserekin [Reala B]. Horrez gain, ahal bezain ondo jokatuko dut, eta beti ere taldearentzat puntu positibo bat izan nahi dut. Nire izaerarekin lan egin eta ingurukoei lanerako indarra emago diet, hala, guztion artean denboraldi polita izan dezagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>