Joseba Imaz•
Erosiko al zenioke gizon honi bigarren eskuko autoa?”. Amerikako Estatu Batuetan, itaun hori erabili zuten Alderdi Demokratako kideek, John F. Kennedy buru zutela, Richard Nixon arerio errepublikarraren irudia zalantzan jartzeko. 1960ko hamarkada zen. Dagoeneko 50 urte igaro badira ere, galdera bera egiten jarraitzen dute ipar amerikarrek, presidente berria aukeratu behar dutenean.
Testu hau irakurlearen eskuetara iristerako, litekeena da azken hauteskundeak pasa izana. Batzuk pozik izango dira; beste batzuk, erdizka; tristeziak jota dagoenik ere ez da faltako. Ez noa, beraz, kotxearen galdera errepikatzera. Alferrik da honezkero automobil zaharra zeini erosiko pentsatzen jartzea. Beste gai batek nauka harritua. Zorionez edo zoritxarrez, kazetari moduan hauteskunde kanpaina jarraitzea tokatu zait aurten. Nahikoa entzun, irakurri eta idatzi ditut bateko eta besteko politikarien promesak eta gaur, pasa diren bi asteei begira, harrituta naukan gauza batean erreparatu nahi nuke.
Ez dakit Goierri aldean nabaritu duzuen, baina Donostian (han egiten da Gipuzkoako kanpainaren muina) behintzat garbi geratu da: Nixoni egiten zioten galderak ez dauka zentzurik mende hasiera honetan. Hautagaiek jada kotxerik ez baitute erabiltzen. Orain nahiago dute beste tramankulu batzuk baliatzea.
Izan ere, herrialdeko kandidatoen mugikortasun elektorala, gogoan dudan pluralena izan da oraingo honetan.
EAJ hasi zen lehendabizi, Markel Olano beasaindarra buru zuela. Kanpainako autobus ofiziala aurkeztu zuen. Itxura seriokoa, berdez margotua. Ez ziguten esan, hala ere, Lurraldebuseko Txartel Bakarrarekin bertan bidaiatzerik bazegoen. Egun batzuk beranduago, Donostiako Udalerako Eneko Goia hautagai jeltzaleak ibilgailu deigarriago bat erakutsi zuen: tranbia urdin bat. Goia eta Olano, biak batera, Ataungo kotxe elektriko horietako baten barruan ikusi genituen gero. Bateriak maiatzaren 22ra arte iraun dien, hori ikusteko dago.
Donostiako Odon Elorza jaun alkateak, berriz, bizikletan ibiltzea du nahiago. Kasualitatea da gero. Erraza da egunkarietan buruzagi sozialista ikustea, bi gurpilen gainean pozik dabilela; hiriko bidegorrietan, aldiz, ez da bere arrastorik. Baina bere kanpainako ibilgailu ofiziala Donostialdeko Metroa izan da, dudarik gabe, oraindik existitzen ez bada ere. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer izango den bukatzen dutenean… Egiten badute, noski.
Baina mugikortasun kontu hauetan Kennedy mutu utziko luketenak PP-ko kideak dira. Real Madridek Liga irabazten duenean Cibelesera eramaten duen autobus zuri horietako batean hasi zuten kanpaina, Gipuzkoako hiriburuan, eta geroztik bere ordezkariak lur gainean, uretan eta airean ikusi ditugu botua eskatzen. Ez da txantxa. Begiratu hemeroteka bestela. Footing egiten, Urumean piragua batera igota, motoan eta autoan pasiatu dira Donostiako kaleetan zehar.
Alderdi txikiagoak ere ez pentsa atzera geratu direnik. Ezker Batuko kideak, Arantza Gonzalez eta Mikel Arana goierritarrak tartean, txalupa batera igota azaldu dira Pasaiako badian. Hamaikabat alderdiko hautagaiak ere arraunean jarri zituzten trainera batera igota, ontziak ur sarrerarik zuen ala ez begiratu gabe. Aralarreko kideek, berriz, furgoneta gorriak erabili dituzte beren mezua zabaltzeko, bozgorailu eta guzti. Baten bati siesta izorratuko zioten, alajaina!
Bildu koalizioko kideek zein ibilgailu erabili duten, hori ez dakit ziur. Agian oraingo honetan denbora justuegia izan dute kanpainako berebila prestatzeko. Susmoa daukat hari mataza koloretsu horren gainean ibili direla, pirikan, alde batetik bestera. Nahiko lan izango zuten hari artean korapilaturik ez geratzen.
Frogatua geratu da gaur egun zentzu askorik ez daukala Nixoni buruz amerikarrek egiten zuten galderak. Honakoak behar luke galdera: Erosiko al zenioke politikari honi bigarren eskuko autobusa, tranbia edo furgoneta? Eta bizikleta? Piragua, txalupa edo trainera? Hari mataza akaso? Datozen egunetan bigarren eskuko tramankulu franko jarriko dute salmentan…