Jon Etxeberria, Lizarrusti parketxeko arduraduna da. Bolada batean itxita egon ondoren, berriturik eta asmo berriz ari da lanean Lizarrusti parketxea. Aste Santuan hasita, mendi ibilaldiak antolatzen dituzte.
Bolada batean itxita egon ondoren, bere lekua berreskuratu al du Lizarrustik? Jendea joaten al da?
Horretan ari gara ia bigarren urtea betetzera doan azken etapa honetan. Garbi dago eraberritze lanak burutzen pasa ziren hiru urte luze haietan Lizarrustik zuen martxa galdu egin zuela, baina geroz eta jende gehiago datorkigu eta zerbitzua ere egonkortua dugu. Lizarrusti bere lekua hartzen ari da bai.
Jatetxea, lo lekua… lanik gehiena zertan egiten duzue?
Jatetxean egiten dugu lanik gehien, horretan ondo ari gara eta geroz eta jende gehiago hurbiltzen zaigu. Itxi aurretik ere jatetxearen erreferentzia zuen jende gehienak, oso ondo lan egiten zuten. Ez dugu ahaztu behar ordea, Lizarrustik beste zerbitzu batzuk ere badituela eta hauek indartzen gabiltza. Parke Naturalera datorren guztiak ostalaritza beharrak beteta ditu gurean eta baita informazio gunearena ere.
Zein perfiletako jendea joaten da lo egitera?
Bezero gehienak astebururako datozen mendizaleak dira. Ostiralean iritsi, bertan afaldu, lo egin eta hurrengo goizean gosalduta mendira irteten dira. Ibilaldi luzekoak edo motzekoak izan daitezke, mendian entrenatzen ari direnik ere etorri zaigu. Aralarrek eskaintzen dituen baliabideez gozatu eta arratsean izaten dira bueltan, dutxatu, afaldu eta prest hurrengo egunean ere gure inguruneaz gozatzeko. Bada besterik gabe, gure inguruneak eskaintzen duen lasaitasunaren bila etortzen denik ere.
Mendi ibilaldi gidatuak ere eskaintzen dituzue. Nori zuzenduak dira?
Aste Santuan hasi ginen horretan. Formatu desberdinak eskaintzen ditugu, haur eta gurasoei zuzenduta, ibilaldi luzekoak, erraz egitekoak eta artzaintzaren mundua hobeto ezagutzeko modukoak. Guztiak hilabete bakoitzeko igande goiz jakinetan hedatzen dira. Hilero egitarau bat aterako dugu, interesa duenak jakin dezaten noiz zer dagoen.
Zer moduzko harrera izan dute?
Oraingoz ez dugu bisitari asko izan, baina gustura gaude ekimenak izan duen oihartzunarekin. Jendeak deitu du, nekazalturismoek eskertu digute informazioa, eta turismo agente desberdinek zerbitzu honen beharra bazela jakinarazi digute. Uda osoan ariko gara honetan eta urrian egingo da balorazioa etorkizuneko lan ildoa zehazten joateko.
‘Mendi ibilaldia Igaratzako zelaietara’. Ibilbide honetatik zer nabarmenduko zenuke?
5 orduko ibilaldi batek Aralar Parke Naturaleko toki desberdinetara zuzentzeko aukera eskaintzen digu. Igaratza dugu Aralarko gunerik esanguratsuenetariko bat. Besteak beste, bertatik beste hainbat lekuetara jo dezakegu. Topagune ere bada Igaratza eta bertako ermita eta babeslekua dira horren adibide. Leku zoragarria da eta urte sasoi honetan ederra dago benetan. Formatu honetako ibilaldiekin Aralarko toki berezi ugari ezagutuko ditugu.
Eta ‘Oiduegiko bordetara’ mendi ibilaldiaz?
Ibilaldi hau erraz egitekoa da. 3 ordu eta erditan Enirio, Oiduegi, Pikueta, Ondarre eta Jentillarri bezalako gune bereziak bisitatuko dira. Mendian asko ibiltzen ez den batentzat neurriko ibilaldia da desnibel eta zailtasun gutxi duelako. Ibilaldi hau hilero errepikatuko da.
Eta ‘Akaitz Txikiko kobara’ espeolologia irteeraz?
Gure mendizaletasun eskaintza senderismoa edo mendi ibilian oinarrituko da batez ere, baina mendiak eskaintzen dituen beste aukera batzuk ere landu nahi ditugu. Espeleologia izango da horietako bat, eskalada eta antzekoekin batera. Etorkizunean ikastaro formatua ere izan dezakete ekimen hauek. Akaitz Txikin oso koba polita dugu bisitatzeko oso egokia dena eta edonork parte hartzeko modukoa.
Maiatzaren 22an, artzaintza gaitzat hartuta, mendi ibilaldia egingo duzue. Zertan datza ibilaldi hau?
Kasu honetan Joseba Insausti artzainari egingo diogu bisita. Ibilaldia eginez hurbilduko gara bere lan esparrura eta bertan bere lanaren berri emango digu: gazta nola egiten duen, zein azpiegitura dituen, artaldea, non bazkatzen duten ardiek, abaroa zer den eta abar luzea. Ziur oso interesgarria izango dela eta artzaintza gizarteari hurbiltzeko aukera paregabe bat bezala ikusten dugu.
Aralarren ganadua dabil dagoeneko. Beste ukitu bat ematen dio horrek Aralarri?
Bai, hala da. Maiatzaren 1ean irekitzen dira larreak eta sekulako dinamismoa hartzen du mendiak data horretatik aurrera. Garai berezia da honakoa, udaberriak sekulako indarra du, dena biziberritzen hasten da eta kolore zoragarriak hartzen ditu naturak. Nire ustez mendira hurbiltzeko garairik politena da.
Zein da Lizarrusti Parketxearen helburua?
Une honetan ostalaritza zerbitzua eta informazio gunea baino ez ditu eskaintzen Lizarrustik. Barandiaran Museoarekin bat eginda Parketxe Hedatua izena hartu du eta Barandiaran Museotik bideratzen da hezkuntza programa eta dinamizazio planteamendu guztia. Gure lana ordea, haratago joan nahirik, aisialdi eskaintza hedatzekoa eta Lizarrusti inguruko baliabideak sendotzekoa da gure bizibideak etorkizuna izango badu.
Zer esango zenioke bertako txokoak eta mendiak oraindik ezagutu ez eta kanpora joaten denari?
Paraje zoragarriak ditugula hemen bertan. Kanpora joateko aukera izatea ere oso ondo dago, han eta hemen dauden baliabideak ezagutzea oso da aberasgarria, baina garrantzi handia ematen diot bertakoa ere ezagutzeari. Kontuan izan, gure iraganari oso lotuta dugun lurraldea dela Aralarkoa. Gure arbasoen bizileku, ogibide eta ezinbesteko baliabidea izan da. Gure gizartea eta kultura maila handi batean bertan jorratu da bertako eragileek baldintzatuta. Orokorrean balio handia ematen diot bertako ezagutzari.
Zure gustuko Aralarko txoko bat:
Asko dira, baina bat esateko Alotzako lautada.
Mendi bat:
Ez naiz gainak egitekoa, baina oso gogoan dut Aralarrera hurbildu nintzen lehen adietako batetan Ganbo igo eta izan nuen sentsazio ederra, Pardeluts aldera begira.