Zeinek jantziko dik txapela?
Ja!, denok pentsatzen duzue, Iñaxio eta Joxepa, Joxepa eta Iñaxio, txapel kontuan hasi garenean, Gpuntuaz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaz ariko garela, ezta? Ba, ez! Ez da hori gure asmoa, nahiz eta gai interesgarria, zeresana duena eta erraz egiteko modukoa izan guretzat.
Prozesu guztiek ditek beren bidea, prozesu guztiek pasa eta erre behar ditiztek helburura iritsi arteko pausuak, faseak. Gatazka potolo batean ezin litekek bidezidorrik hartu eta bidea laburtu. Nahi bai, askotan nahi izango genikek helburura lehenbailehen eta zuzenean iritsi, baina ezin litekek. Ezin litekek, gutxienez bi alde dituen gatazkan, alde bakarrari eskatu pausuak emateko. Ezin litekek…
Urte luze eta gogorrak bizi izan dizkiagu. Gorriak ikusten ari ginelako, defentsarako sortu zian herriak erakunde armatua. Inoren gustukoa ez, baina piper potoa eta bere erregimena inposatu zizkigun Franco Caudillori aurre egiteko sortu huen herritik erakunde armatua. Francisco joan huen, baina ez zian berekin eraman erregimena. Jarraitzaile finak utzi zizkiguan…
Bakea, bakea behar genian aspaldi, bake goseak gaudek euskaldunok, baina gure etorkizuna bideratzen, gure nazioa eraikitzen jardun ordez, txepelkeriatan ari gaituk elkarri pilota botatzen, bakoitzak gure meritu dominak jasotzen. Zeinek jantziko dik bakearen txapela?, zeinek jango bake-pastela? Horixe duk daukagun buruhaustea, horixe borroka, beste zereginik izango ez bagenu bezala.
Aspaldikoa den prozesuko fase honetan hasi besterik ez gaituk egin eta nola ikusten duk hik gure etorkizun hurbila, Iñaxio?
Inazio Usarralde
Joxepa, behingoz, pozik gaudela esateko moduan gaitun! Baina, poza neurtua nabari dinat eta hala beharko din. Oraindik ere izugarri baitzegon egiteko.
Pare-parean zeukanat aste honetako ‘Argia’ aldizkaria eta izenburu nagusiak dioen bezala ‘hitz egiteko eta konpontzeko’ garaia iritsi dun. Ez zegon aitzakiarik. Lehen ere ez, eta orain gutxiago! Bistan denez, sabeleko hesteak ere bihurritu zaizkien arren, makina bati bukatu zaion kontutik bizitzeko aitzakia.
Eta orain, zer? Bertako nahiz kanpoko aditu guztien arabera, bi lan eremu sortu beharko ditun. Batean, ETA erakundeak eta estatuek –Frantziak zein Espainiak- berei dagozkien kontuak konpondu beharko ditizten: armen deuseztatzea, biktima guztien afera, presoen eta iheslarien etxeratzea… Beste lan eremuan, berriz, alderdi politikoek eta gainerako gizarte eragileek jardun beharko diten gatazka politikoaren oinarriei heldu eta herri hau behingoz normalizazio politikoaren bidean jartzeko.
Bakearen txapela nork jantziko duen? Nik uste dinat, herri honek sufritu duenarekin, herri osoak merezi duela. Nolanahi ere, ez gaitezen engaina, benetako bakea oraindik etortzeko zagon eta.
Joxepa, zorionekoak gu! bizi dugun aro hau bizitzeko aukera dugulako. Halaxe sentitzen dinat. Gure seme-alabei etorkizun hobea uzteko parada ezin hobea zeukanagu. Ea baliatzen jakiten dugun! Nik izugarrizko konfiantza zeukanat herri honen gaitasunean.
Eta gu geurera, Joxepa: herri honi hizketarako zubiak eskaintzen jarraitu beharko dinagu Euskal Eskolatik. Iritsi dun garaia txepelkeriak utzi eta etorkizunaz begietara begira hizketan hasteko. Eutsi, neska, bideak helburuak bezain ederra zirudin eta!