Ion Muñoa
Alerta gorria, laranja, horia… Urte gehiena horretan pasatzen ote dugun susmoa daukat. Neguan, lehen “iparrak jo eta elurtea” izaten genituen tokian, orain “Siberiako hotza” edo “haize polarra” etortzen zaizkigu. Eta noski! Alertan gizarte guztia. Elurra kentzeko makinek elurra kendu ordez, garai bateko txerrikiak edo bakailaoa bezala errepideak gazitzen pasatzen dute denbora gehiena. Udaberrian, berriz, euriagatiko edo olatuengatiko alertak izaten ditugu; udan beroagatikoak eta lehorte-arriskukoak; eta udazkenean izaten da haize bolada “hurakanaturen” bat (ziklogenesia ez bada).
Eguraldiarekin obsesionatuta bizi garelakoan gaude. Hizketarako mintzagai erraza eta erosoa izan ohi da eguraldia; aurrekoarekin zertaz aritu ez dakigunean erabiltzen dugun komodina (orain krisia ere pareko bihurtzen ari da). Baina hain justu ere gure gizarteak eguraldiarekiko historian sekula izan duen menpekotasun txikiena duen garaiotan, sekula baino fijazio handiagoa daukagula dirudi. Paradoxikoa dirudi, baina agian normala da: naturarengandik gero eta urrutiago gaudenez, erabat naturala den eguraldia zineko fikzioaren moduan ikusten dugu. Auskalo! Norbaitek esango du komunikabideek eragin digutela eguraldiarekin eta alertekin horrela ibiltzea. Akaso bai. Baina azken elurte garaiotan, eguraldiari buruzko saioen audientziek asko egin dute gora eta hori inork ikusi gabe ez da gertatzen. Hau kontuan hartuta, sortu berri zaigun GoiBerriri ere agian gomendatu beharko diogu eguraldiaz orriak betetzen hasteko. Hori bai, morboarekin egin behar dela ere aipatu behar; bestela ez du graziarik, ez baitu alerta itxurarik!
Eneritz Gorrotxategi
Alertak, geuk jarri beharko genizkioke geure buruari, eguraldiarekin horrelako aldrebeskeriak gerta ez daitezen. “Aldaketa klimatikoa” esaten diogun horrek aldarazi egingo gaitu: laster udan lehorteak izan ordez euriteak izango ditugu; neguan berriz lehorteak; hau komeria! Eguraldiarekiko menpekotasun txikiena dugun garaiak direla diozu, baina nik uste gero eta gehiago dugula. Gure esku ez dagoen gauza bakarrenetakoa izango da eguraldia, (eta eskerrak) baina ez pentsa! Hori ere aldatzen hasi da. Gogoan al duzu Beijin-en joko olinpikoen garaian euria egiteko hodeiak nola lehertu zituzten? Izan ere txinatarrek denetik asmatzen dute!
Asmakuntzak asmakuntza, garaian garaiko eguraldia izatea litzateke egokiena. Neguan egonda, ez al da elurra egitea tokatzen? Naturari bere bidea egiten uzten ez badiogu, nola uste duzu erantzun behar duela? Mendiak hausten edo zulatzen baditugu, ibaiak tokiz mugitzen baditugu, behar baino zabor gehiago sortzen badugu, gehiegizko kutsadura sortzen badugu, ingurugiroak ez al du haserretzeko eskubiderik? Gizakiari bere bide naturala eteten bazaio, ez al da haserretzen?
Hala da bai; elurraren izara zuriak gure herria estali zuen egunean etorri zitzaigun GoiBerri etxera, gure “panaderoaren” furgonetan. Ibilbide luze eta estimatuko bi iturrik eman duten jario berria, goierritarrok edan beharreko ura; ez dadila agortu behintzat. Zorte on GoiBerri egiten duzuen guztioi.