Auzoki, komunitateen administrazioa
Askotan etortzen zaizkigu herritarrak bulegora gai honen inguruko zalantzak argitzera. Igogailua jartzeko beharra dute etxejabeen elkarte askotan, baina instalazioaren zailtasun teknikoak, ordaindu beharreko dirutza eta bizilagunen arteko desadostasunak zalantza eta galdera ugari sortzen ditu.
Garbi dagoena da, azken urte hauetan, mugikortasunaren aldeko obra txiki eta handiak errazteko, aurrera pausoak ematen ari direla legeari dagokionean. Geroz eta adostasun maila txikiagoak behar dira horrelako instalazio bat egiteko baliozko akordio bat lortzeko.
Gaur egun, honako hauek dira bete beharreko baldintzak: Komunitatean ezindurik edo 70 urtetik gorakorik ez balego, jabekideen eta partaidetza kuoten 3/5ak instalazioaren alde egon behar du. Aldiz, komunitatean ezinduren bat edo 70 urtetik gorako pertsonaren bat balego, jabekide eta partaidetza kuoten aldeko %51arekin nahikoa da. Adineko pertsona edo ezindu horrek ez du zertan eraikinean bizi behar, nahikoa da bertan lan egitea.
Are errazagoa da mugikortasunaren aldeko obra txikiak egiteko akordioak lortzea (arranpak, jasogailuak…). Jabekide bakoitzak ordaindu beharrekoa 12 hileko kuota baino kopuru txikiagoa den bitartean, nahikoa da eraikinean bizi edo lana egiten duen ezindu edo 70 urtetik gorako pertsona batek eskatzea.
Instalazioak egiteko akordioa aipatutako gehiengo horiek errespetatuz lortzen bada, eraikinaren jabekide guztiak daude ordainketan parte hartzera behartuta, baita lokal eta garajetako jabekideak ere, estatutuetan kontrakoa zehazten ez den bitartean.
Hau izaten da gehien egiten diguten galderatako bat: lokaletako jabekideek igogailua erabili behar ez badute, zergatik ordaindu behar dute? Legea horretan argia bada ere, etxejabeen elkarte askota akordio berezietara iristen dira, eta jabekide batzuk ordainketatik aske uzten dira aldeko botoa lortzeko. Baina aparteko akordio horiek, beti, jabekide guztien oniritzia beharko dute, legearen aurrean baliozkoak izateko.
Teknologen alorrean aurrerapausoak eman dira azken urteetan eta lehen ezinezkoa zen toki askotan, igogailuak jartzen ari dira gaur egun. Behean zulorik behar ez duten igogailuak, fatxada kanpotik doazenak… Obra nola egin erabaki baino lehen, mugikortasunean aditua den teknikari baten proiektua esku artean izatea oso gomendagarria izaten da.
Bukatzeko, Eusko jaurlaritzak diru laguntzak ematen dituen arren, igogailua jartzeko orduan sortzen den arazo larriena, eta beti ere, konponbide zailena izaten duena, ekonomikoa izaten da.