Hik egun batean kontatutako zerbaitek zoratuta nauk azkenaldian. Unibertsoaren zabalpenaz ari nauk (hedapen geldiezinaz euskara jatorrean). Garagardo eta garagardo artean esan hien behin Big Bang-a izan zian leherketatik, unibertsoa espantsioaren festa amaiezinean murgilduta zeoala. Ez nian hasieran oso ondo ulertu, baina adibide on bat eman hien: imaginatu zak puztuki bat, eta marraztu hitzek bi puntu bertan. Ondoren, hasi hadi puzten. Ikusiko dek, pixkanaka-pixkanaka, puntu horiek banatzen hasten ditukela, eta ez dimetsio bakarrean soilik! Puztukia handitzen zihoaken eran dena kanporantz zihok eta hik marraztutako puntuak urrundu egiten dituk bata bestetik… Ba gure artean halako zerbait gertatzen ari delakoan nagok (ez gu bion artean, jarraituko diau garagardoak elkarrekin hartzen lasai). Urruntzen ari gaituk bata bestearengandik, zentzu guztietan. Gizakia lurretik, gobernuak herrietatik, ideiak buruetatik eta sentimenduak bihotzetatik. Gau hartan esan hien baita, unibertsoaren hedapen hori, akaso, egunen batean, gelditu egingo dekela. Edo lehertu! Eta berriz ere zabaltzen hasi, ez dakit zenbatgarren Big Bang-etik! Eta agian, berriz ere bizitza sortuko dek gure munduaren tankerako batean eta… Gizakiak agertuko dituk berriro! Baina beno, azkenean, bata bestearengandik aldentzen hasiko dituk berriz ere barrurantz lehertu arte… Guk elkarrekin garagardoak hartzen jarraituko diagu bitartean, unibertsoaren akabera ordu batzuk atzeratzeko bada ere.
Jon Artola
Tabernetako ilunpetako kontuak argitara orri zurian! Topatutako hurrengoan hitzak neurtzen hasi beharko nauk! Kar, kar, kar. Baina arrazoi duk bai, unibertsoa hedatzen ari duk, eta aipatzen duan puztukiaren adibidea, unibertsoko gauza guztiak elkarrengandik baina zentrorik gabe nola urruntzen ari diren azaltzeko erabiltzen duk. Izan ere, lurretik zerua begiratzean, zeruko objektu guztiak gure planetatik urruntzen ari direla ohartu hituan. Den-denak. Baina lurra unibertsoaren eta Big-Bangaren zentru izatea arraro xamarra duk, eta unibertsoa lau dimentsiotan handitzen dela ohartu hituan, gure inguruko materiak hiru dimentsio dizkiken bitartean. Unibertsoan, hortaz, dena elkarrengandik urruntzen duk, zentrurik gabe, bi dimentsiotako puntutxoak puzten doan hiru dimentsiotako puztukian urruntzen diren bezalaxe.
Baina «gure arteko» urrunketak ez dituk berdin-berdinak Mikel. Alde batetik, kasu hauetan «zentroa» non zegoken garbi zegokela gogoan eduki behar baikenikek beti. Gizakia duk landa lurretik urrundu dekena, gobernuak herrietatik, ideiak buruetatik eta sentimenduak bihotzetatik. Eta gure garunak, gainera, «multibertsoen» misterio guztiak deskubritzeko ahalmena zertan eduki behar ez diken bitartean (Einsteinek, unibertsoaren gauzarik ulertezinena unibertsoa bera ulergarria izatea zela zioen), gizakiok beste urrunketa guzti horien erantzule zuzenak gaituk, eta, hortaz, baita gauza horiek guztiak konpontzeko gai ere. Saiatuez gero behintzat.
Eta gu Mikel, saiatuko gaituk, ezta? Garagardo eta garagardo artean baduk ere!