Maria Jesus Zubeldiak (Ordizia, 1947) haurra izan zuen 1971n, Tolosako (Gipuzkoa) La Asuncion ospitalean, baina hilda jaio zela esan zioten. Ordutik, pena horrekin bizi izan da. Komunikabideetan haur lapurtuez hitz egiten hasi zirenean, haurdunaldian eta erditzean jazotako gertaera arraroak burura etorri zitzaizkion, eta zalantza piztu zitzaion. Ordutik, egiaren bila dabil, eta ez du etsiko lortu arte.
Nolakoa izan zen haurdunaldia?
Ezkondu eta berehala haurdun gelditu nintzen. Garai hartan senarrari bakarrik erakusten genion erakutsi beharrekoa eta ginekologoarengana beldurrez akabatzen joaten ginen. Tolosako La Asuncion klinikara joan nintzen, Benito Izagirrerengana. Benito Izagirre ez, Benito Mussolini zen hura. «¡Quítese toda la ropa!» esan zidan sartu eta berehala. «¡Con esas tetas tan caídas! ¡Tan gorda como estás! ¿Tú qué te crees? ¿Que vas a tener un crío con esas grasas que tienes?». 60 bat kilo pisatzen nituen eta baditut hori erakusten duten argazkiak.
Zer gertatu zen umea izateko joan zinenean?
Joaten nintzen bakoitzean umea ezingo nuela izan esaten zidan. Haurdun gelditu eta bederatzi hilabete eta hamar egunera urak bota nituen. Tolosara joan eta Mari Carmen Ibañez emaginak artatu ninduen. Ura oso iluna zela eta haurrak seguru aski lauzpabost egun hilda zeramatzala esan zidan. Nik ordura arte barruan nabaritu nuela, eta etxean botatako ura argia zela esan nion.
Zer gertatu zen ondoren?
Berehala erditzeko gelara eraman ninduten. Erditzea minik gabekoa izango zela esaten ziguten, eta 150.000 pezeta ordaintzen genuen. Maskara jarri zidaten eta mina kentzeko zela esan. Esnatu nintzen bakoitzean jarri zidaten maskara. Guztiz esnatu nintzenerako umea jaiota zegoen eta nik oraindik ez nuen ikusi. Anestesistak eraman egin zutela esan zidan, eta handik ordu eta erdira ginekologoa eta emagina etorri ziren. Hilda jaio zela esan zidaten, buruan malformazioa zuela eta hobe zela ez ikustea. Lur jota gelditu ginen eta ez genuen ikusi nahi izan. Baina nire anaia ikustera joan zen. More koloreko mutiko bat erakutsi zioten. Medikuak negar ez egiteko esan zigun, gazteak ginela eta berehala beste bat izango genuela.
Bizi al da medikua?
Ez, eta biziko balitz, gurpil-aulkian egonda ere, errekara botako nuke. Despota hutsa zen.
Umearen gorpurik eskatu al zenuen?
Izagirreri umea Ordiziara eraman nahi nuela esan nion, nire aitaren ondoan jarri nahi nuela loreak eramateko. Ezetz esan zidan, hala hiltzen ziren haur guztiak hilobi berera eramaten zituztela. Hilobi hori non zegoen galdetu nion eta ez kezkatzeko erantzun zidan.
Nolakoak izan ziren ondorengo hilabeteak?
Bajan egon nintzen, lur jota. Haurra galdu izana nire errua zela uste nuen. Handik hilabetera Izagirrek berriro haurdun geldi nintekeela esan zidan. Lehena jaio eta urtebete baino gutxiagora bigarrena jaio zen. Lehenbailehen eduki nahi genuen umea, mina arintzeko.
Nolakoa izan zen bigarren haurdunaldia?
Guztiz ezberdina: Izagirrek oso adeitsu hartu ninduen. Oso lodi nengoen eta zesarea egin zidaten. Esnatu nintzenean umea ondoan nuen. Ebakuntza dela eta, hurrengo bost urteetan haurdun ez gelditzeko pilulak hartu behar nituela esan zidan. Baita ondoren haurdun gelditzea zaila izango zela ere. Eskerrak handik urte batzuetara ginekologoz aldatu nuen, eta hark pilulak ondo nola hartu azaldu zidan. Hartzeari utzi eta berehala haurdun gelditu nintzen!
Nolakoak izan dira urte hauek?
Sekula ez dut ume hura ahaztu, noski. Egunkaria hartu eta Asucion ospitalean umeak lapurtu zirela uste dela irakurri nuenean, jota gelditu nintzen. Ahal den guztia egin dut: ADN proba, elkartean izena eman, epaitegira joan eta paperak lortu… Epaitegian gure semea hil egin zela dion papera dago, baina atzealdea hutsik dago:?epaileak bete beharrekoa ez dago beteta eta ez du jartzen haurra non dagoen. Elkartekoek horrek lapurtu egin zidatela erakusten duela esan zidaten.
Elkarte gainerakoek zer diote?
Tolosakook bilera batean elkartu ginen eta emakume batek Izagirrek umea malformazioarekin jaio zela esan ziola aipatu zuen. Bilera hartan geunden lauri gauza bera esan zigun! Jota gelditu nintzen eta tratamenduan nago.
Justizia egingo al da?
Hemen inon baino hobeto gaude, baina La Asuncion klinikak ez du inongo erraztasunik ematen. Seguru aski, Ertzaintza joan beharko da miaketa egitera. Tolosan gauza bat dugu ona:?hilerrian ez dela berrikuntzarik egin. Jaurlaritzak kosta egingo dela, baina bukaeraraino helduko dela esan du. Aitzur batekin joan behar bada, joango gara.
Zer esango zenieke lapurtuak izan zirela uste dutenei?
Batzuk elkartera joan dira, lapurtutakoak direla badakitela baina euren amatzakoa hil arte ez dutela ezer egin nahi esanez. Nik probak egiteko eskatu nahi diet, egin ditzatela, mesedez; baina normala da batzuek egin nahi ez izatea: izan ere, euretako batzuen gurasoak pertsona onak dira. Baina beste batzuk aberastu egin ziren. Izagirrek goizetik gauera, sekulako klinika egin zuen.
Zure haurra ezagutuko duzula uste al duzu?
Batzuk agertu dira, eta beste batzuk ez. Ez dut uste ume hura ezagutuko dudanik, eta ezagutzen badut ez dut bere gurasoei eman dien maitasuna ematea espero. Gauza bakarra esan nahi diot: ni naiz zure ama. Ez zaitut abandonatu, umea kendu zidaten. Zure aita hil egin zen, baina hala nahi baduzu Ordiziako Bidegain etxean babesa izango duzu. Zure laguna izango naiz eta zer, edo zer behar baduzu, beti ondoan izango nauzu. Eta bakarrik bazaude, hemen duzu zure etxea nirekin egoteko. Poliki-poliki elkar ezagutu eta berehala elkar maitatuko dugu.
Azalduko balitz?
Zuk hori esan bezain pronto hotzikara sentitu dut. Izugarria izango litzateke. Bizi daitekeen pozik handiena. Besarkatu ahal izatea, ez nuela utzi esatea, zenbat sufritu dugun kontatzea… A zer nolako besarkada emango niokeen! Zoriontsua izan den galdetuko nioke.