Unai Gastañares legazpiarra Gaztelan bizi da 2003a geroztik. Valladolideko kontserbatorioan lan egiten du.
Unai Gastañares musika irakasleak Iruñean eta Bilbon lan egin zuen 2003ra arte. Urte hartako urriaren 10ean Segoviatik deitu zioten eta hara joan zen. Ondoren, bi ikasturte eman zituen Palentzian. Azken urteak Valladoliden egin ditu.
Bertako kontserbatorioan ematen ditu eskolak, baina Palentziako Venta de Bañosen bizi da. Herri hau Valladolidetik gertu dago eta tren geltokia du.
Oboe irakaslea da eta kontserbatorioko orkestra zuzentzen du. Horretaz gain, Gaztela eta Leongo orkestrarekin jotzen du. «Miguel Delibes eraikinean lan egiten dut. Kontserbatorioa, auditoriuma, dantza eskola eta arte dramatiko eskola bertan daude. Eraikina Gaztela eta Leongo Juntarena da».
Bertakotzea apur bat kosta egin zitzaiola onartu du. «Hemengo jendea euskaldunon ezberdina da, lehorragoa». Hasieran errezelo apur bat nabaritu zuen eta batzuetan, «euskalduna izateagatik, galdera askotxo egiten dizkidatela iruditzen zait. Hori bai, han eta hemen, lagunak lagunak dira».
Bertan jarraitzeko asmoa du. «Euskal Herrian plaza guztiak hartuta daude eta hemengo oposaketetara aurkezteko asmoa dut». Deialdia aurten egitekoa zen, baina atzeratu egin da krisia dela eta. Bi urte barru plaza lortzea espero du. «Horren ondoren bi urte gehiago eman beharko nituzke hemen eta gero espainiar Estatutako beste edozein tokitan lanpostua eskatzeko aukera izango nuke», azaldu du.
Atzerrian asko ibilitakoa da Gastañares. «Suitzan bi urte eman nituen, ondoren mundu mailako gazte orkestra batean jo nuen… Musika munduan badakigu non hasten garen, baina ez non bukatuko dugun». Gogorrena, Bilboko orkestran zegoela, Segoviatik jaso zuen deiari erantzutea izan zen: «Erosketak egiten ari nintzen deitu zidatenean, eta eskolak ematea eskaini zidaten, baina hurrengo egunean bertan hasi behar nuen. Bizitza guztiz aldatu zitzaidan bat-batean».
Dagoeneko erabat moldatu da Gaztelako bizimodura, eta gutxitan etortzen da Legazpira. «Hori bai, Gabonetan eta Legazpiko jaietan urtero joaten naiz. Gurasoak erretiratuta daude eta askotan etortzen dira. Duela aste batzuk sagardotegi batean izan nintzen lagunekin», azaldu du.
Euskal Herritik Gaztelara zer eramango lukeen argi du: jendearen alaitasuna, basoak eta mendiak. «Hemen dena marroi kolorekoa da». Gaztelatik zenbait gauza ere ekarriko lituzke Euskal Herrira. «Jatun ona naiz eta hemengo esneko arkumea bikaina da. Bestalde, Palentzian erromaniko garaiko eliza asko daude, Valladolid historian zehar oso garrantzitsua izan da… Errege Katolikoak hemen bizi izan ziren eta Felipe II.a bertan jaio zen. Gainera, bertako Aste Santua zoragarria da, hiri garbia da eta ekitaldi asko antolatzen dira».