Orain hilabete inguru hil zen Beasainen Jose Antonio Zurutuza Azurmendi, herrian Jaza ezizenaz ezagunagoa. Zain egon naiz, hari buruz norbaitek zerbait esango ote zuen, baina ez dut ezer ikusi eta, hortaz, neronek aprobetxatuko dut GoiBerri-k eskaintzen didan txoko hau, neure oroitzapen eta omena uzteko. Ez naiz ni horretarako aproposena, oso gutxi ezagutu bainuen, eta beraz, datozela artikulu honen ondotik lekukotasun gehiago eta jantziagoak, haren hurbilekoek kontatuta.
Jazak, izan ere, ez du Beasainen bakarrik garrantzia: Euskal Herriko historian ere utzi zuen arrastoa, onerako edo txarrerako, eta bere bizitzako zenbait alderdi gure iraganaren ispilu bihurtzen dira. Familia zabal batean jaio zen Jaza; gurasoak, erdaraz baino euskaraz hobeto moldatzen zirenak, Beasaingo kalera etorriak; anai-arreben artean, frankismo giroan, gure herriko kale eta eskola erdaldundu hartan, batzuek euskarari eutsi zioten eta beste batzuek galdu. Jaza, galdu zutenen artean zegoen. Ulertu, ulertuko zuen, baina nik ezagutu nuenean behintzat ez zuen hitz egiten, gaizki egiteko lotsaz edo.
Euskalduna ez denari ez zaio erraza egingo ulertzea nola den posible belaunaldi bitan ia euskaraz besterik ez egitetik ia erdaldun hutsa izatera pasatzea. Guk ondo asko dakigu ordea. Eta horrek era askotako minak uzten ditu. Jazak ere izango zituen bereak, ziur. Euskaldun kontzientzia sakona baitzuen politika mailan.
Gutxi ezagutu nuela esan dut, baina noiz eta nola kontatu nahi dut. 1983ko herriko festetan uste dut izan zela. Nik 19 urte bete berriak; berak 30 edo. Gau batean, bakoitzak bere kuadrillako lagunak galdu, eta mano-mano hasi ginen, zerbait edan eta asko hitz egin, goizaldeko ordu txikiak arte. Parranda ez baizik eta hitz-festa izan zen hura, eta politika izan zen gure hizketagai ia bakarra: askapen nazionala eta soziala, borroka motak, talde politikoak… Pasioz defenditzen genuen nork bere posizioa. Berak ez dakit ezer ikasi zuen gau hartatik; niri gogoan txertatuta geratu zitzaidan.
Gau hura eta orduan esandakoak berriro gogoratu nituen Jazaren izena periodikoetan atera zenean, 1984 hasieran: ETA pm-ko VIII. asanbladako kide izateagatik atxilotu zuten, beste senide batzuekin batera, eta kartzelara eraman zituzten bera eta bere anaietako bat. ETA pm-ko zati bat armak utzita desegin egin zen 1981ean, Mario Onaindiak eta Bandresek UCDko Roson ministroarekin egindako negoziazioaren ondoren; polimilien beste zati batek borrokan jarraitu nahi zuen, baina oinarri sozial eta babes politikorik gabe zeuden: Euskadiko Ezkerra bere bide espainolistan abiatua eta Auzolan koalizioa erreka jota. Hortaz, 1983an polimiliek egindako azken ekintzak (tartean enpresari ezagun baten bahiketa gure herrian bertan) suizidio politiko bat izan ziren. Handik gutxira, erakundea teknikoki desaktibatuta geratu zen, eta kideak, nor bere bidean. Zurutuza anaiek bergizarteratzea aukeratu zuten, garai hartan PNVko senatari Joseba Azkarragak diskrezioz eraman zuena: espetxean denbora gehiegi pasa gabe Beasaina itzuli ziren, baina irudipena dut dena oso aldatuta zegoela, gauzak ez zirela sekula berriro lehen bezalakoak izango. Horra Euskal Herriko historiaren pasarte triste bat.
Orain dela 10 bat urte hitz egin nuen berriz Jazarekin. Buruan nuen liburu batean, besteak beste, bere historia kontatu nahi nuela eta. Galdetu nion. Esan zidan ez zela ezertaz damutzen, baina oraindik ez zela momentua. Liburua ez nuen idatzi, eta honezkero ez dut inoiz idatziko.