Andoni Mikelarena beasaindarrak 14 urte ditu eta adin horretako askok bezala futbola du gustuko. Jokalaria da, baina baita epailea ere. Futbolarekin lehenengo harremana jokalari bezala izan zuen, baina Andoni Mikelarenak aitortu duenez, beti gustatu izan zaio futboleko epaile lana. Lan horretarako beharrezkoa den ikastaroa egin, eta Goierriko makina bat partidu epaitu ditu, dagoeneko, irailetik hona.
Nondik nora datorkizu futboleko epaile izateko zaletasuna?
Haurra nintzenetik ia, beti aritu naiz futbolean, jokalari bezala. Gazte-gaztea nintzenetik epaileei errespetu handia izan diet. Niretzako beti izan da aukera on bat, eta orain erronka bat ere bai.
Zergatik diozu erronka bat dela zuretzat?
Nik arbitro izatearena beste esperientzia bat bezala bizi dut. Bizitzarako ikasbide ugari jasotzen ditut. Heldu izaten ikasi dut, presio momentu asko ere badaudelako. Ni baino zaharragoak direnekin nago harremanetan, eta errespeta nazaten mugak jarri behar ditut.
Zer egin behar da epaile izateko?
Nik, nire kasuan, Gipuzkoako Futbol Federaziora deitu nuen lehenengo informazioa eskatzeko. Handik, Epaileen Komite Teknikora bideratu ninduten. Han eskaria egin nuen. Gero, Bergaran ikastaro bat jaso nuen. Hura amaituta, epaile jantzia jaso nuen, eta irailean partiduetan epaile lanetan hasi nintzen.
Epaile izateaz gainera, futbol jokalaria ere bazara.
Bai, Beasaingo futbol taldean nabil, infatil ohorezkoen mailan. Egia da, lasaiago aritzen naizela futbolean jokatzen dudanean, baina arbitro izatearen esperientzia asko gustatu zait.
Ze partidu epaitzen dituzu?
Autorik ez dudanez Goierriko herrietan ibiltzen naiz. Momentuz, nesken partidetan, jubenil mailara arteko partidak epaitu ditut. Mutilenetan, aldiz, haurren mailakoak. Partida bat epaitzen dut asteko.
Gertaera zailen bat bizi izan al duzu?
Orain gutxi, partida bat epaitzen ari nintzela, guraso batzuen isekak jasan behar izan nituen partida guztian zehar. Urduri jarri nintzen, pertsona batzuen jokaerak aldatu beharrekoak dira. Epaileak ere pertsonak gara, eta akatsak egiteko eskubidea dugu.
Eta onik?
Bai, orain gutxi, partida bat amaitu, eta ikusle eta jokalari asko gerturatu zitzaizkidan zoriontzera. Lan ona egin izanaren sentsazioak asko balio du.