Ander Gabirondok (Zumarraga, 1985) beti izan du gustuko kantatzea. Familian eta lagun arteko bazkari zein afarietan abesten du, batez ere. Urretxu-Zumarragako bertso eskolan ere urteak eman zituen, eta orain hiruzpalau urtetik hona Goiargi abesbatzako kide da.
Nolatan hasi zinen Goiargirekin abesten?
Beti gustatu izan zait kantatzea, euskal kantak bereziki. Herrian egiten diren kantu afarietan, lagunartean, etab. kantatzen dut. Baina belarriz ez naiz inoiz batere fina izan, eta ahotsa landu gabe nuela konturatu nintzen. Abesteko teknika hobetu nahi nuen eta horrela hasi nintzen Goiargin.
Nola gogoratzen dituzu abesbatzarekin egin zenituen lehenengo entseguak?
Guztiz galduta ibili nintzen hasieran. Musika ikasketarik ez daukat, eta hasieran kostatu egin zitzaidan gainontzekoen erritmora moldatzea. Ondo kantatzen jakitea ez da askotan diruen bezain erraza.
Zenbatetan entseatzen duzue?
Astean bitan, astelehenetan eta asteazkenetan 21:30etik 23:00etara. Ordutegia ez da onena, baina 40 bat kide gara eta gehienak elkartzeko egokiena da.
Zenbat emanaldi eskaintzen dituzue urtean?
Batzuk bai. Zumarragako jaietan, Urretxuko Udazkeneko Musika Zikloan, Santa Zezilia eta Santa Ageda egunetan eta Gabonetan. Niri festetako eta Gabonetako emanaldiak gustatzen zaizkit.
Kantatzeko zein leku aukeratuko zenuke?
Mertzedarietako eliza oso leku ona da abesteko, eta baita entzuteko ere. Antioko baseliza ere asko gustatzen zait, soinu aldetik biak oso ezberdinak diren arren.
Kantatzeaz gain, zerbait gehiago ikasi duzu Goiargin?
50 urtetik gora dituzte kide gehienek, eta guztiek taldearekiko duten konpromisoak txunditzen nau. Ni naiz mutiletan gazteena.
Gazteak animatuko zenituzke?
Dudarik gabe. Aparteko giroa dugu, eta, gainera, mutil ahotsak falta zaizkigu. Nahi duen guztiak ateak zabalik ditu.